Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Gasteizko Apaizgaitegia goi mailako hezkuntza-zentroa izan zen XX. mendeko lehen erdi aldian, batez ere aurreneko herenean. Euskal Herriko hainbat eta hainbat gazte Apaizgaitegiko aretoetatik pasatu ziren, goi mailako irakasleen zientzia bereganatuz. Euskal kulturaren historian euren izenak urrezko hizkiz betiko grabatuta utzi zituzten Jose Migel Barandiaran eta Manuel Lekuonaren eskuetatik gure gizartearen inoizko loraldirik jantzienetakoa atera zen. Sorkuntza aberatsa 1936ko zoritxarreko gerra zibilak eten zuen.
Angel Sukia.
Manuel Lekuona zenaren eragina literaturan nabaritu zen, batik bat, eta modu espezialean olerkigintzan. Dozenaka apaizgai ahalegindu zen 1915-1936 bitartean euskal literaturaren esparrua jorratzen eta haietako askok goi mailako ekarpena egin zuten.
Ezaguna da Angel Sukia Goikoetxea zaldibitarrak (1916-2006) euskarazko poema batzuk idatzi zituela eta baita argitaratu ere bere Obras y escritos pastorales (Obra eta idatzi pastoralak) deritzan liburu bilduman. Beste eliz-kargu batzuen artean, 1987-1993 bitartean Espainiako Gotzainen Konferentziako lehendakaria izandakoa Gasteizko Apaizgaitegitik igaro zen hogeita hamarreko hamarkadan eta, besteak beste, goian aipatutako goi euskaltzaleak izan zituen irakasle. Manuel Lekuonarekin ondu zituen, itxuraz olerkigintzarako zituen dohainak. Eta Aitzol zenak antolatu ohi zituen Olerti Egunaren azken edizioan, 1936an, Sukiak bigarren saria irabazi zuen, “Eusko Apaizgaiarena” zeritzan olerkiarekin.
Berriki burutu behar izan dudan ikerketa baterako arakatze-lanetan ari nintzela, nire harridurarako Angel Sukiaren beste hiru olerki berri agertu zaizkit. Oso oker ez banago ez daude publikatuta. Ekarpenaren kalitatea baino egilearen nondik norakoak nolakoak izan genituen kontuan izanda, egoki iruditu zait hiruak aurkeztea.
Oraingo honetan, Sukiak titulatutako “Amavit eum Dominus” dakart, eta itxura guztien arabera Justo Etxeguren Aldama gotzain izendatu berriari eskaini zion.
Amavit eum Dominus
(olerkia)
I
Amets! Uraxen amets goxoa...
bart arratsean egindakoa.
Mendi batetik beste mendira
larri nebilen, dena begira.
Izardi patxez buztita...
Mendi puntarantz eguzki zarra;
Nire gaiñ berriz ilun abarra
odei zitalez jantzita.
Ene! Barnean, nire mintzoak
geroz datozkit saminagoak.
Egun guzian
laister auzian,
ta ezin alaren egiñ naikoak...
Euskal gizadun jatorren bila
(eskun zintzilik zuaitz makila)
Noruntz noake
itzaldu arte
biotzen detan ekaitz ixila?
Begi gaxoak malkoz buztirik
Barne-biotz ok erdiz ausirik,
Exeri nitzan bidean.
Gure mendiruntz eguzki zarra
nire gaiñ berriz ilun abarra
Besoak zabal nayean...
... Onetan baño, ustebekoan
gizon bat arki nire alboan.
Bere begiak
zati biziak,
nunbait galduak euzki zarrari
begi-begira geldi neroni.
Irripar alai bere ezpañetan
poza sartzen dit biotz zañetan;
Makil urrezko
eskun dagerko
jantzi gorriak bizkar gañetan.
Ezaguna dut : aldera nadiñ
itz dagiodan beldur gutxikin...
Jantzi gorriak
denak berriak;
Arpegiz orde... lengo begiak
Apaiz len zana, Gotzai gaur egiñ.
Noruntz ordea, noruntz zoazke,
ilun abarrak aldendu arte,
makil eskuan artuta...?
Noruntz? Darantzuit. Asturi erria
Iltzera doan zelai berria,
odol udetan galduta.
Jaunak eman dit ardi bereak
miñez zegozten larre gabeak,
Artzaia il zanez
beti negarrez,
Artzai larrebe, ardik goseak.
Neugan zatozte ardi gaxoak,
zabal-zabalik ditut besoak...!
... Besterik gabe, agurtu ni ta,
laster jo zitun goi gañak.
Oraindik ere badira nunbait,
Euzkaldun seme bikañak!!
Amets! Uraxen amets goxoa...
bart arratsean egindakoa.
II
Amavit eum Dominus. Ecle. 45.9
Maite ziñuzun Jaunak gartsuki!
Maitetzean zuk maitale ori,
batu ziñeten zearo
Berak eskeñi lagun laztana
biur zuk berriz Arek emana
elkar laztanduz luzaro.
Ardotegiko ardoik onenak
Zuretzat zitun gordeta denak.
Ardoak baño
emateraño...
Egin bearko soro barrenak.
Maite ziñuzun... baita zuk ere
Elkar zineten zoro maitale!
“Inveni David servum meum et oleo sancto meo unxi eum” Ps. 88:21
... Egun batean atera nitzan
langile denak iditaritzan.
Maite nubena
Bera lenena
Gogotik eta nekaben gixan...
Eskeñi nion nire pototik
Ardo bikaiña bada bikaiñik.
Irripar pozez
artuko edo ez
geldi zitzaiten beldur zalantzik...
Ezar nik ordea ezpain ertzetan,
Edan bear ark, naizta naietan.
Sacerdos in æternum. Ps. 109.4
...Ta orduzkeroztik Apaizen Apaz
Apaz Aundiren odol gorriaz.
Gaurtikan apaiz betea.
Orain arteño, Ogia Kriztotu
Aurrera orde, zeurekin dezu
Gizonak Kriztotutzea.
Apaizen Apaiz beti-betiko
Bizi zen arte Kriztorik ez ilko...!!!
Ldatare Jerusalem. Isa. 66.10
Alai gaitezen; urrun ditzagun
barnetik odei zitalak!
Oraindik ere badira nunbait
Euzkeldun seme bikañak...!!
Amets... Uraxen amets goxoa
Egi mamitan biurdakoa...!
Sukia’tar Gotzon
Gazteiz, 4-IV-3...
Justo Etxeguren Aldama Gasteizko Eliz-Barrutiaren Bikarioa zen, Mateo Mujika 1931an erbesteratu zutenean. Horrezaz gain, Apaizgaitegiko irakasle moduan iharduten zuen. Mateo Mujika Gasteiztik agertu ahal izan ez zen bitartean Etxegurenek hartu zuen bere gain Gasteizko eliz-kontuen ardura. Oviedoko Administratzaile Apostoliko izendatu zuten 1934ko azaroan, eta zenbait hilabete beranduago Gotzain. Kargu berriaren kontsagrazioa Gasteizko Katedralean egin zen 1935eko apirilaren 7an, Mateo Mujika buru zelarik eta zeremoniaren osteko bazkarian apaizgai batzuek euskal olerkiak irakurri zituzten1.
Sukiaren eskuizkribuan ez da ongi bereizten zein den urtea; hori bai, garbi dago apirilaren 4 batean dagoela idatzita eta Etxegureni eskainitako ekitaldia apirilaren 7an izan zen. Idatziko al zuen Sukiak olerkia 1935ean, Etxegurenen kontsagrazioaren bezperetan? Irakurriko al zuen oturuntza hartan? Euskal Pizkundearen kidetzat har al genezake Sukia? Erantzunak, edozein izanik ere, ez dio garrantzirik kentzen egiaztapen bakarrari: Sukia kardinalak euskaraz idatzi zuen, oraintsu arte genekien baino gehiago.
Hurrengo kapitulu batean segituko dut Angel Sukia olerkariarekin.
1“Historia del Seminario Diocesano de Vitoria” (Andres Ibañez Arana. 2005)
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus