Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Juan AGUIRRE SORONDO
Antzuola izena Mairuaren Alarde famatuari lotuta dago. Antzuolarrek osaturiko soldadu konpainia batek Valdejunqueran, Nafarroan, 920 urtean eginiko balentria ekartzen du gogora Alardeak uztailero, Herriko Plazan, handitasun handiz.
Paradoxikoki, ospatzen den bataila horretan, kroniken arabera, kristauek musulmanen aurkako porrotik handienetariko bat jasan zuten. Eta balentria horren balizko proba materialak (harrapaturiko estandartea eta esku-hartze ausarta saritzeko Antso Abarka errege nafarrak emandako arma-diploma) inork egiazkoak ote ziren egiaztatu aurretik desagertu ziren. Efemeride hain lauso hori alde batera utzita, Antzuola herri independente bihurtu zenetik, Alardeak haren talde-nortasuna indartzeko balio izan du.
Baina denborak aurrera egiten du eta noizean behin tradizioei mendeetako hautsa kendu egin behar zaie. Bere egitekoa betetzen jarrai dezan, antzuolarren iritzia eta sentsibilitatea aintzat hartuta Alardea eguneratzeko beharra ikusi zen duela gutxi. Berritze-esperientzia horretatik —ia guztiz ezezaguna Euskal Herriko jaien panoraman—, kalifak ordezkaturiko kanpoko kultura eta erlijioekiko errealistagoa, duinagoa eta begirunetsuagoa den Mairuaren Alardea atera da. Horrela, jaiak, bere ezaugarriak aldatu gabe, XXI. mendeko antzuolarren espiritua eta pentsamoldea hobeto islatzen du.
Herriko Plaza, Antzuola.
Ilustrazioa: Josemari Alemán
Herriko Plaza eta Antzuola bera baino lehenago, leku hori Olalde deitzen zen. Antzina Magdalena Ospitalearen egoitza zegoen bertan, eta hura erromesentzako eta ibiltarientzako oasia zen. XV. mendetik aurrera, ordura arte garrantzi handia izan zuen Uzarragako herrigunea komunikazio-bide berrietatik at geratu zen; ospitalearen inguruan, berriz, ondasunen eta pertsonen joan-etorriek erakarrita, kolonoak finkatu ziren, hein handi batean artisauak. Horiek burguari langile eta espezializatu fama eman zioten. 1525ean parrokia-eliza inauguratu zen eta horrek agerian utzi zuen kokalekuaren nagusitasuna. Hori berretsi egin zen 1629an, Uzarraga mendeko auzo zela, Antzuola herri bihurtu zenean.
Antzuolak hartu zuen garrantziaren frogarik azpimarragarriena bere Udaletxea da, euskal barrokoko eraikin tipikoa eta XVII. eta XVIII. mendeetako Gipuzkoako herrien gero eta indar handiagoaren adibide, baita txikiena ere. Haren armarri ikusgarriak, grifo, aingeru, serafin, moldura, boluta eta palma-itxurako apaingarriak dituela, eta fatxadako lerroen eta simetrien soiltasun orokorrak, Antzuolaren alderdi polifazetikoez hitz egiten digute, oraindik esanahi familiarra duten urruneko oihartzunez bada ere: Antzuola batailariaz, artisauaz, errege-bideko ostalari alaiaz... eta gaur egun Antzuola den industria- eta tradizio-amalgamaz.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus