Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Sabin SALABERRI
1923ko otsailaren 17ko gauean Madrilgo Apolo Antzokian, género chico delakoaren sorlekuan, Amadeo Vives-en Doña Francisquita estreinatu zen, garai guztietako zarzuelarik onenetarikoa kontsideratzen dena. Jesus Guridik, Bilboko Koral Elkarteko zuzendaria eta Musika Kontserbatorioko irakaslea zela, gertutik jarraitzen zion Vives-en gorantzako eboluzioari, eta ez zuen zarzuela berriaren emanaldi bat ikusteko aukera galdu.
Guridi-k eta Vives-ek aspaldidanik ezagutu eta estimatzen zuten elkar. 1910. urtean Guridi Mirentxu lanarekin eszenan agertzen hasi zenerako (Collbató-ko egileari asko gustatu zitzaion lana), Vives musikagile trebatua zen; Bohemios konposatua zeukan eta Maruxa operarekin ari zen. Hurrengo urteetan, elkarri lagundu zioten bakoitzaren operarekin: Maruxa (katalanarena), eta Amaia (euskaldunarena).
Guridiren Madrilerako bidaia ez zen antzua izan. Vives-ek Federico Romero eta Guillermo Fernández Shaw, libretoaren egileak, aurkeztu zizkion. Musikagile gasteiztarrari zarzuela bat konposatzeko ideia burura ekartzeko baliatu zen topaketa hura. Libretistek alde literarioaren eginkizuna onartu zuten.
Guridik iradokizuna eskertu, baina hasiera batean ukatu egin zuen. Eszenaren munduan egindako bi agerraldiek (Mirentxu-k 1910ean eta Amaia-k 1920ean) arrakasta nabaria ekarri zioten; dena den, zarzuelaren mundura igarotzeak ez zuen erakartzen.
Urtebete beranduago, 1924ko udan, Luis Urquijo y Landecho jaunak, Bolarque-ko markesak, bere Laudioko etxean astebete emateko gonbita luzatu zion Guridiri. Urquijok, finantzari bikain, diplomazialari eta musikologo zenak, gaztetik ziharduen musikari askori euren ikasketak sakontzeko laguntza eta bekak eskaintzen: Ataulfo Argenta, Juan Tellería, Teresa Berganza, Inés Rivadeneira, Víctor Martín, Enrique García Asensio, Joaquín Achúcarro, etab. Laudioko jauregian, bere jatorrian, Bilboko gizartearen kiderik finenak biltzen ziren udan, bertako gaueroko emanaldi kulturaletan agertzearren.
Guridik euskal kulturaren pertsona ospetsu ugarirekin egin zuen topo Laudion, eta euskal musikaren artista zein konpositore batzuk ezagutu zituen. Euskal tankera eta giroa zeuzkan zarzuela konposatzeko erabakia bertan ernetu zen. Gaia, izenburua eta guzti hausnartu zuten: baserria.
Luis Urquijo jaunak Guridiren eta Doña Francisquita lanaren libretisten arteko kontaktua bere gain hartu zuen, urtebete lehenago Madrilen elkar ezagutu bazuten ere. Euren arteko lankidetza oso oparoa izan zen eta ondoren beste zarzuela batzuetara luzatu zen.
Gasteizko Principe antzokia.
El caserío-ren estreinaldia Madrilgo Zarzuela Antzokian, 1926ko azaroaren 11ean ostegunarekin, Jesus Guridiren arrakastarik ospetsuenetarikoa izan zen. Bere aurreko eszena-esperientzak (Mirentxu eta Amaia) igaro ostean, giro euskaldunari laga barik, bide berri bat urratu nahi izan zuen zarzuelarekin; izan ere, antzerkirako zeukan bere maisutasun eta senak generoaren handienen artean kokatuko zutela fio zen. Emanaldiak berebiziko arrakasta izan zuen. Antzokiaren kanpoaldean, euria barra-barra egiten ari zuen arren, entzule franko musikagileari berriz ere txalo egiteko zain zeuden.
Bi hilabeteren ostean, 1927ko urtarrilaren 15ean, Gasteizko Príncipe Antzokian (geroago Guridi Antzokia izenekoan) aurkeztu zen lana. Publikoak gogo biziz egin zion harrera, herri-gertakari handi gisa, eta kritikak goraipamenik sutsuenak eskaini zizkion.
El caserío, esan bezala, ondo baino hobeto hartu zuten entzuleek zein kritikak, bai Madrilen baita Euskal Herrian ere. Laudorio guztiak, oso ugariak izan direnak, Enrique Fernández Arbós orkestra-zuzendari handiaren aburuan laburbil daitezke: “Bost edo sei urtero maisu-lanak agertzen dira antzerki lirikoan. Orain, El caserío lanarekin, Euskal Herriaren txanda da.”
Baina oro ez zen goraipamen eta laudorio izan. Herri xumeak eta komunikabide gehienek harrera oso ona egin zioten bitartean, ez zen horrela gertatu kritikaren zenbait bihurgunetan. José de Orueta, ekonomia, industria, politika eta literatura arloetan berdinki ibilitakoa, harrera herritar itzela onartuta ere, oso gogor mintzatu zen.
Idazle horrek, hasteko, zalantzatan ipini zuen zarzuelaren tokia antzerkiaren joera modernoetan; hortaz, hutsegite iritzi zion Guridiren zarzuelaratze horri, Mirentxu eta Amaia lanek erakutsia baitzuten harrezkero bere talentu lirikoa. Libretoa desegokia iruditu zitzaion, penagarria ia: “Argumentuak, eta baita pertsonaien tankera orokorrak ere, kontu euskalduna eman dezaketen arren [...], naturala izango zen euskara ordezkatu nahi izan duen hizkera horrek nahasi egiten du; aldaera eta esamolde lokalez josita dagoen gaztelera baliatzen dute, baina zuzentasuna, eta areago erabilera, ez dira batere egokiak; horrela, hizkuntza literario eta poetikoan baino erabiltzen ez diren hitzak hautatuz, euskal baserritarrek inoiz esan ez dituztenak (“añoransa” kasu), kontraste izugarri zatarra sortzen da.”
Musikari dagokionez, “lan honetan, gure iritziz, Guridi maisuak era tamalgarri batean utzi du bere maila artistikoa, amore emateak direla medio, batzuetan baldar bihurtzeraino. Pasarte gutxi aurkez daitezke baritonoaren zortzikoa edo tenorraren abestia bezain gustu traketsekoak; prozesioari eta bigarren ekinaldiaren txalotutako preludioari buruz ere beste horrenbeste esan daiteke. Egilearen aurreko nortasuna lanaren amaieran soilik azaltzen da, bertako linea melodikoa eta Amaia-rena antzekoegiak badira ere. Halaber, instrumentazioa nahiko kaskarra da, gehienetan eskasa eta koloregabea, ospe gutxiagoko beste musikagile moderno batzuenarekin ezin daitekeelarik aldera.”
Guridik sinatutako partitura zatia.
Guridirentzako azkenengo atal bat dago. “Arterako jaio eta musikari gisa trebatzen ikusi dugunok, bere ibilbide artistikoaren gorabeherak interesez jarraitu ditugunok deseingainu itzela baino ezin dugu jaso, ez bere azkenengo ekoizpenaren (El caserío-ren) berezko balioarengatik, hartutako bidearengatik baizik, artea zein euskal musikaren goraipamena maite duten horiek itxaropentsu ikusten zuten bide hartatik aldentzen baita.”
Oruetarena une bateko erraietako erreakzioa izango da beharbada, hamabost urte lehenago Mirentxu-rekin markatutako bideari jarraitzea espero zuelako. Handik urte batzuetara, El caserío-ren harrera eta kritika bikainek bazirautela ikusita, baliteke bere jarrera zuzendu izana.
Gure aldetik, bere zenbait baieztapenekin ez gatoz inolaz ere bat. Guridi “baldarra” ez zela inoiz izan uste dugu; erabat aurkakoa, bere partitura guztiak leuntasun dotore eta originalez jantzita daude. El caserío-ren instrumentazioa bere gainontzeko lanak bezain xarmant eta ñabarduraduna da. Baritonoaren nahiz tenorraren erromantzen “gustu traketsari” dagokionez, edota “bigarren ekinaldiaren txalotutako preludioa”, denboraren poderioz bakarlari zein zuzendarien pasarterik gogokoenetarikoak direla nabarmentzen ari da. Lanaren beste zati batzuei buruz ere, zenbait duo, koru eta talde eszenei buruz ere, beste horrenbeste esan daiteke. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Montserrat Caballé-k eta Bernabé Martí-k zarzuela pasarteek osatutako disko bat grabatu zuten; bada, The New Yorker aldizkari entzutetsuko musika-kritikariak El caserío-ren duoak Chapí, Bretón edo Vives-enak baino gehiago preziatu zituen, aldi berean (berarentzat) ezezaguna zen egilea zin-zinez goraipatuz.
El caserío lanaren sortzaileen ideia nagusia zera da: herri baten arima, euskal herriarena, abestea, berezkoak dituen elementu, doinu eta erritmoekin, beste latitudeetako formetara jo barik.
Horretarako, akzioa alegiazko Arrigorri herrian kokatzen dute, Sasibil baserri inguruan. Bertako ugazaba, Santi, antzinako balore sakonak dituen baserri horren etorkizunaz kezkatsu dago; ondorioz, bere iloben artean erakarpen txinparta piztea lortzen du nolabait, Jose Migel pelotaria eta Ana Mari neska eztia, zeinen ama ezkutuka maite zuen. Baina ez zaio erraz suertatuko: Jose Migel, Ameriketatik etorri berri dena, bizinahi parrandazale hutsa da, eta osaba Santiren nahiz Ana Mari lehengusinaren gaitzespenei trufa egiten die: momentuaz gozatu baino ez du nahi, zeren “etorkizunak astia izango du, bertutearen zain egotekoa”.
Lehenbiziko ekinaldia festa egun baten egunsentian abiatzen da. Eskalaren zazpigarren gradua beheratuz, nahita modala den “Preludio”-ak Sasibileko inguru iradokitzailean kokatzen du istorioa. Arin-arinaren oinarri erritmikoaz baliatuz, “Eguzkia nola sortu eta nire baserria argitzen duen ikusi nahi dut” abestuz, barne koruak giro baketsua sortzen du. Txistu eta danbolinaren dianek festaren berri ematen dute. Ana Mari goiztiarrak Jose Migel lehengusu gautxoria topatu eta bere jokabidea gaitzesten dio. Pelotariak barre egiten die lehengusinaren oharrei; gazte eta indartsua da orain, iritsiko da “bertutearen zain egoteko” unea. “Ijiji ujuju laukoteak” (1.go ekinaldiaren 5. zenbakiak) tentsioa hausten du. Momenturik hunkigarriena Santiren “Sasibil, baserri enea” erromantza da. Abesbatzak eta pertsonaiek bat egiten dute amaiera zoriontsuaren aurrerapena abesteko.
“Eguzkia nola sortu eta nire baserria argitzen duen ikusi nahi dut”.
Bigarren ekinaldiaren “Preludioa” lanaren zenbakirik ospetsuenetarikoa da. Orkestra altxor txiki honek herritarren jaiera garamatza: eleiz emanaldia, pilota partidua, kalejira taldeka abestuz, ezpatadantza, etab. Jose Migel, partiduaren garaile, hausnartu eta bere egiazko sentimenduetaz jabetzen da, hegoameriketako zantzua duen erromantza goxoa abestuz: “Ez dakit Ana Marirengan zer ikusten dudan”. Ekinaldia pertsonai guztien elkartzeak ixten du, abesbatza barne.
Lanaren suspenserik eta dramatismorik biziena hirugarren ekinaldian biltzen da. Naturak, mendiak eta euriak Ana Mariren “Mendi tontorrean” arrangura girotzen dute; bere elizkoitasun xumea urrutiko eliz-kantuen ohiartzunak azpimarratzen du. Zenbaki horren ostean, kontraste bizi eta alaia sortuz, “Ernatu ta eskontzeko esan jaustak nire amak” halabeharrezko duo komikoa dator, ezkongabeen ezkontzeko grina ironikoki irudikatuz. Pitinka-pitinka, gauzak bakoitzak bere tokia aurkitzen dute; kontzeptuak eta egoerak argituz doaz; eta katramila amaierako konponbiderantz zuzentzen da ospakizun handiek alaiturik.
Federico Romero-k eta Guillermo Fernández-Shaw-k euskal girodun libreto bikaina idatzi zuten. Antzerkiaren funtzionamenduan adituak, zenbait elementu tartekatu zituzten interes dramatikoa mantentzeko, nekazari adindu baten malenkonia eta bere iloben arteko maitasun istorioa uztartuz. Hori guzti hori girotzearren, euskal hitz eta esamoldeak han eta hemen sartu zituzten, baita Euskal Herriko herrixketan erabiltzen diren molde sintaktiko bereziak ere. Herri txiki baten estamentu ezberdinak irudikatzen dira argumentuaren pertsonaiengan: apaiza, alkatea, idazkaria, herriko jendea. Ekintzak tinko egiten du aurrera, erraz asma daitekeen amaierara iritsi arte. Kontaketak sineskortasuna eta umorea neurrian erabiltzen ditu, ukitu pintoreskoak ahaztu barik, jakina: kantuak, festak, dantzak, prozesioak... eta Arrigorriko Txikitoren eta Amorebietako Txominen arteko bertso lehia bitxi bat, herriko jaiak ospatzeko antolatu den partiduan buruz buru aritu diren bi pelotariak.
Musika bera Jesus Guridiren sormen teknika handiaren erakusgarri bikaina da. Orkestrak eta abesbatzak osotasuna eta berezko nortasuna daukate; orkestra, adibidez, erromantza edo ahots talde laguntza hutsean ez da mugatzen. Egileak abesbatza nahiz orkestra sinfonikoekin esperientzia zabala zeukan: izan ere, Bilboko Koral Elkarteari lotuta egon zen eta bi orkestra-poema plazaratuak zeuzkan: Leyenda vasca eta Una aventura de Don Quijote. Guridiren jakite teknikoa, besteak beste, ekinaldi bakoitzaren hasierako preludio eta koruetan igartzen da. Badago beste zenbait koru nabarmen: “Pello Josepe tabernan dala” eta “Prozesioa”. Ondoren, ekintzaren barna, Guridiren joera lirikoak doinu sinple, hunkigarri eta malgutasun ederrekoak sortzen ditu. Santiren eta Jose Migelen erromantzak, esaterako, berezko merituarengatik sartu dira zarzuela pasarteen sortarik finenean. Duoak eta taldeko zenbakiak ere nabarmenak dira: Jose Migel eta Ana Mariren arteko “Egun on”; Ana Mari eta Santiren “Alaitasun osoz”; bertsolarien arteko lehia; Inosensia eta Txominen arteko duo komikoak; “Ijiji ujuju kriskitin kraskitin” laukote komikoa. Ekinaldi bakoitzaren amaierako “kontzertanteek” aipamen berezia merezi dute.
Mirentxu eta Amaia lanetan, El caserío baino lehenagoko eszena-lanetan, Guridik drama wagneriarraren aginduak jarraitu zituen hein batean ala bestean.
El caserío beste gauza bat da. Bere egitura zenbakidun zarzuela batena da, orkestraren preludio eta intermezzoekin, erromantza, kontzertante eta koruekin. Egileak, bere musika sinfoniko edo eszenakoan material folklorikoak erabiltzen aditua denak, doinu herrikoiak eta kutsu herrikoia duten tema originalak maisutasunez nahasten ditu. “Ijiji ujuju” pasarteak “Gabon gabean oitutzen dogu” abestiari hartzen dio doinua; bigarren ekinaldiaren preludioa “San Juan Zortzikoan” oinarrituta dago; “Pello Josepe” zuzenean abesti herrikoia da; hirugarren ekinaldiko Ana Mari eta Jose Migelen duoa “Oi Gurutzea” abestian oinarritzen da.
Enrique Fernández Arbós.
Zenbait iruzkingileren arabera, abestien doinuak eta hitzek osotasun zatiezina eratzen dute, eta hitzak itzultzeak osotasun hori hautsi egiten du. Iritzi horren aurkako adibide ugari eskain litezke. Zenbaitetan, egia da, abestiaren hitzen itzulpena zoritxarrekoa da, negargarria, “zabor” maila gainditzen ez duen emaitzarekin. Baina ez beti. Abestia berpiztu ere egin daiteke testu aldaketa edo itzulpen baten bidez.
Guridiren kasuan, El caserío-n, gaztelerazko hitzak euskarazko doinuari egindako ezarpena ereduzkoa da. Ikus dezagun, adibide gisa, gaztelerazko “Con el tré-bo-le” eta jatorrizko euskarazko “Ga-bon ga-be-an” artean, silaben, azentuen eta izaeraren kidetasuna. Hurrengo adibidean ere, guztiz bat datoz: “Di-meal o-í-do que no meen-ga-ñan” eta jatorrizko “Zu-re be-so-tan, oi Gu-ru-tze-a”.
Guridik maiz erabiltzen ditu dantza erritmoak, besteak beste ezpatadantza, arin-arina edota biribilketa. Zortzikoa, orrialde askotan agertzen dena, gailendu egiten da, ekintza bakoitzaren izaerara egokituz: iradokitzailea Santiren “Erromantzan”, izaera epikoa bigarren ekinaldiaren “Sarreran”, kutsu biziki herrikoia “Bertsolarien lehian” eta kementsua bigarren ekinaldiaren amaieraren abiatzean.
Baina ez da dena euskal doinu eta erritmoa. Badira beste kolore eta kutsua duten zenbakiak, Jose Migelen abestia, kasu, hegoamerikako kutsu argia daukana; edo hirugarren ekinaldiaren duo komikoaren “seguidilla”, (nahiz ariñ-ariñ kutsua izan); Ana Mari eta Jose Migelen aurreneko ekinaldiaren duoa ahaztu barik, opera italiarraren tradiziorik garbienean.
El caserío Jesus Guridiren eta Federico Romero Guillermo Fernández Shaw libretisten arteko lankidetza emankor baten hasiera izan zen.
Handik gutxira, denboraldi batez Galizian egon ziren hirurak La meiga lanarekin, giro galiziarra duena eta tankera liriko zein sinfoniko sakonekoa. Zarzuela berri hori Madrilgo Zarzuela Antzokian estreinatu zen, 1928ko abenduaren 20ean. Federico Sopeña musikologo eta historialariak, eta baita musikagile beraren semeek ere, musikalki El caserío baino hobea zela zeritzoten, nahiz eta arrakasta urriagoa lortu.
Hiru egileen arteko lankidetzaren azkenengo emaitza Peñamariana “erretaula herrikoia” da, “Salamancako La Albercako antzezlan erlijiosoetan oinarritua”. 1944ean Madrilen egindako estreinaldi arrakastatsuari jarraikiz, Lisboaraino heldu zen bira luzea burutu zen. Guridik Peñamariana opera bihurtzeko ideia izan zuen baina proiektua, tamalez, ez zen gauzatu.
Tritó Edicions argitaletxeak El caserío plazaratzeko hartu duen erabakia benetan eskertzekoa da. Une ezin hobea da; izan ere, 2011. urtea musikagile gasteiztarraren jaiotzaren 125. urteurrena da, eta bere heriotzaren 50.a. Egia da Guridiren katalogoa ez dela bere eszena-lanetara mugatzen, arlo koralera, instrumentalera eta sinfonikora luzez zabaltzen delarik. Baina egia da, baita ere, musikagilearen barreneko taupadarik goxoenak eszenarako lanetan daudela.
Baliteke El caserío, bere lehenbiziko zarzuela, ederrena ez izatea, baina hurrengoetan hobera egiteko esperientziaz hornitu zuen. El caserío, sortu eta laurogeita hamabost urte ondoren, antzeztu egiten da oraindik ere eta, Guridiren zarzuelen artean, entzuleen onarpenik handiena lortzen duena da. Arrazoiren artean bertako girotze bikaina dago, eta sentimendu sakonak (lurrari atxikimendua, jokabideen noblezia, gazteen maitasun garbia) barregura inuzenteko eszenekin tatekatze hori, kontaketari “saltsa” ematen diona.
Zarzuela hau benetan maitekorra da, gutxi baitira Santik Sasibil bere baserriari abesten dionean hunkitzen ez direnak; edo Inosensia ezkongai bila dabilen horretan irrifartsu ez direnak: “Nere amak esan jaustak andra izateko, irekin ezkondu ta umeak eiteko”. Eta preziatua da, gainera, partitura zoragarri horrengatik: lirismoa, folklorearen erabilera ia abertzale hori, trataera koral bikaina eta orkestratze paregabea, hori guztia ederki lotuz. Zoriari notarik uzten ez zion perfekzionista hark, ezagutu zutenen arabera inoiz haserre ez zegoen gizon atsegin hark, efemeride handi honetan “opari” hau merezi zuen.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus