Ainhoa FERNANDEZ DE ARROYABE
Iñaki LAZKANO
Nekane E. ZUBIAUR
Euskal zinemarik ez dela adierazi ohi da usu. Topiko xahutua, zinez. Euskal zinema euskaraz egiten den zinema dela finkatuta ere, zail egiten da-eta oso egun halakorik aldarrikatzea. Izan ere, euskal zinemarik bada. Hain justu, film laburrak bilakatu dira euskal zinemaren ardatz azken hamarraldian. Aberatsa, berritzailea eta askotarikoa baita euskal ekoizpena aipatu esparruan. Eta, ezbairik gabe, euskal zinema garaikidearen sustraiak film laburren baitan aurki daitezke. Asier Altuna, Telmo Esnal, Ane Muñoz, Izibene Oñederra, Iñigo Kintana eta beste hamaika zinemagile esanguratsu ere iraupen laburreko euskarazko zineman gailendu baitira. Hori guztia gutxi balitz bezala, film laburren harrobi irudimentsu eta oparotik sortu dira film luze interesgarrienak —Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! (2005) eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren 80 egunean (2010), hurrenez hurren— zuzendu dituzten egileak.
Euskarazko film laburrak aztertuz gero, ezin Koldo Almandoz ahantzi inolaz. Euskal zinemak azken sasoian eman duen sortzailerik garrantzitsuenetakoa da zinemagile donostiarra; euskaraz errodatu eta mundu zabalean arrakasta erdietsi duen bakanetakoa baita, egiazki. Eklektikoa oso, fikzioan ez ezik, dokumentalean, esperimentazioan nahiz publizitatean ere nabarmendu da. Koldo Almandozen ikus-entzunezko sormen naroaren meandroetan gal ez gaitezen, baina, ezinbestekoa da ikerketaren interesgune nagusiak behar bezala zedarritzea. Hala, fikziozko zinema oinarri harturik, bere film laburren edukiak, sormen zein narrazio ildoak eta egitura formala ere landuko dira.
Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritza —ikus-entzunezko adarra— ikasi ondoren, New Yorkera jo zuen Koldo Almandozek zinema ikasketak egitera. Hantxe errodatu zuen estreinako film laburra: Razielen itzulera (1997); kazetaritzako ikasle zen sasoian gidoi-irakasleak literatur narrazioa zela argudiatuz baztertutako istorioa, alegia. Zuri-beltzez errodatua, kutsu esperimental handiko filma da, zinki. Raziel aingerua —Koldo Almandozek berak antzeztua— Lurrera itzuliko da bakardadearen mende bizi den gizaki babesgabea laguntzeko asmoz. New York hirira, hain zuzen ere.
Estreinako film laburra duen arren, Koldo Almandozen zinemaren berezko ezaugarri anitz suma daitezke Razielen itzulera (1997) fikziozko lanean. Narrazioa atal ezberdinetan banatzeko joera, kasu; urte batzuk geroago Belarra (2002) film labur apurtzailean erabiliko duena, preseski. Orobat, nabarmentzekoa da ere kontakizunaren izaera ziklikoa. Zinema zuzendari donostiarraren pelikularik esanguratsuenetan ageri-agerikoa dena.
Telmo Esnal eta Asier Altuna.
Filmaren eite dokumentala ere begi-bistakoa denik ezin ukatu, inondik inora. Over ahotsarengatik eta Paradisua atalak duen kutsu poetikoarengatik ez balitz, New York hiriari buruzko dokumental baten aurrean egon gintezkeen eta. Izan ere, Wall Street, metroa, hiriko etxe orratz garaiak nahiz karrika ilun eta lizunak ere dokumental-estiloa erabiliz aurkezten dizkigu Koldo Almandozek. Ez alferrik, zuzendariak berak halaxe definitu zuen Razielen itzulera (1997) film laburra estreinatu zen sasoian: “aingeru bati buruzko ipuina da; hiri bati buruzko dokumentala da. Ipuin dokumentala da”.
Edozelan ere, fikzioa eta dokumentala uztartzen dituen film labur horren baitan drama da nagusi. Itxaropenik eza baitario istorioari. Azken finean, Raziel aingeruak berak iradokitzen duen bezalaxe, gizakiaren patu gordinak ez du-eta konponbiderik. Jainkoak gizakia bere irudi eta antzera egin baitu. Bizi-larritasun hori, Raziel aingeruaren hitzen tonuan ez ezik, bere begirada hitsean eta istorioaren giroan bertan ere nabari da.
Belarra (2002), Amuak (2004) eta Columba Palumbus (2007) film laburrak dira, hurrenez hurren, Koldo Almandozen zinemarik onenaren funtsa. Arras ezberdinak diren arren, sortzaile donostiarraren fikziozko zinemaren ezaugarri nagusiak biltzen baitituzte euren baitan. Drama gordinak dira oso. Irudiak hitzak baino garrantzi handiagoa du film labur guztietan eta, horrezaz gain, suspensearen esanetara jartzen du beti narrazioaren jolasa zinemagile donostiarrak. Iradokizuna da haren zinemaren arima. Ikuslearen interpretazioak berak osatzen baititu filmok.
2.1. Drama nagusi
Koldo Almandozen fikziozko film labur garrantzitsuenetan drama da nagusitzen den generoa, egiazki. Eta, bertan, gai bakar batzuk errepikatzen dira etengabe. Hala, bakardadeak, maitasunik ezak nahiz heriotzak ere film laburretako protagonista ororen patuetan berebiziko garrantzia erdiesten dute.
Dramak bere zineman duen pisu handia ukatu gabe, generoarena ez dela aukera kontzientea aitortzen du Koldo Almandozek: “Nire zineman umorerik ere bada. ‘Ahate pasa’ film laburra da horren erakusgarri. Dena dela, egia da nire pelikulen artean tonu ozarrekoak ez direla garrantzitsuenak izaten. Adinaren kontua izan daiteke, apika. Garai batean, gauzak serioak eta sakonak izan behar zirela pentsatzen nuen eta, hori, nire zineman islatu zen. Baina, denborak aurrera egin ahala, ikusmoldeak aldatuz doaz. Ez dakit. Beharbada, arte diziplinarekin du zerikusia. Komikian ironikoagoa naiz. Zineman, aldiz, bestelako sentimenduak adierazten ditut. Egia esan, ez dut melodramatikoa naizenik uste, baina ukaezina da nire film labur gehienak dramak direla”.
Ahate pasa film laburreko fotograma.
Argazkia:
www.kimuak.com.
Koldo Almandozen film labur esanguratsuenak kontuan hartuz gero, behintzat, bere zineman nagusi den generoa drama dela ondoriozta daiteke. Dramaren barnean, baina, gai jakin batzuk komunak dira. Heriotza, kasu. Belarra (2000) film laburrean, heriotza istripu baten eraginez jazotzen den bitartean, beste bi pelikuletan askoz ilunagoa da zioa. Batean zein bestean, hilketa baita nagusi. Amuak (2004) apartan, prostituta hiltzen du arrantzaleak. Eta, Columba Palumbus (2007) harrigarrian, berriz, bere buruari tiro egin aurretik, familia sarraskitu egiten du protagonista bakartiak. Zentzu horretan, maitasunik eza eta bakardadea ere nabarmentzea ezinbestekoa da. Malenkoniaz zipriztindutako unibertso horretan, maitasunik gabe eta isolaturik bizi da-eta Koldo Almandozen film laburretako protagonista.
2.2. Suspensea, narrazioa jolas modura
Narrazioari berebiziko garrantzia eskaintzen dio bere film laburretan Koldo Almandoz zinema zuzendariak. Edukia ez ezik, kontatzeko modua ere esanguratsua baita oso zuzendari donostiarrarentzat, zinez eta minez. Alegia, narrazioarekin jolas egitea du atsegin. Eta, narrazio jolas horretan, ezinbestekoa bilakatzen da muntaia. Sarri, gainera, muntaia darabil zinemagile donostiarrak suspensea sortzeko. Hein handi batean, suspensea baita narrazio jolasaren xede.
Koldo Almandozek berak aitortzen du narrazio jolasak bere zineman duen garrantzi handia: Nire kasuan, behintzat, narrazioaren jolasaren atzean ez dago filosofia teoriko jakinik; ezta abangoardia egiteko behar-izana ere. Dibertimendu hutsa da. Batzuetan, ildo klasikoari jarraiki egituratzen ditut istorioak: aurkezpena-korapiloa-askaera. Baina, normalean, benetan erakartzen nauena istorioa nola kontatuko dudan pentsatzea da. Hortaz, film laburra errodatu aurreko muntaia oso iradokitzailea iruditzen zait. Bertan, suspensea sortzea funtsezkoa da. Jakin-mina piztu behar da ikuslearen baitan; interesa eragitea nahitaezko baldintza baita ikuslea gatibatzeko.
Suspensea osagai garrantzitsua da Koldo Almandozen zineman. Modu batean ala bestean, bere film labur guztietan ageri baita. Usu narrazioaren jolasa da suspensea eragiteko biderik ohikoena. Narrazioa apurtzea, zatikatzea, du maite zinemagile donostiarrak. Halaxe gertatzen da, hain zuzen ere, Amuak (2004) eta Columba Palumbus (2007) film laburretan.
2.3. Irudiaren garrantzia, isiltasunaren oihartzuna
Irudiak ezinbesteko garrantzia du Koldo Almandozen zineman. Hitzez baino, irudi kolpez sortzen baitu zinemagile donostiarraren irudimenak. Istorioaren iturri izateaz gain, film labur ororen muin ere bada. Irudien bitartez —bereziki— kontatzen baitu Koldo Almandozek. Hitzak bere lekua duen arren, irudiaren zerbitzura dago-eta ia beti. Hori, hein handi batean, zinemagile donostiarrak egiten duen zinema motarekin dago lotua. Izan ere, akzioari baino, sentimenduei ematen die lehentasuna. Eta, jakina, sentimenduak egokiago islatu ei dira irudien bidez. Hala, Belarra (2002) film laburreko amaren hasierako keinuek senarrarekin haserretuta dagoela adierazten dute; bere kezka aurpegiak, ordea, istorioaren amaiera hitsa aurreikusten du. Bakardadearen samina, aldiz, argi irakur daiteke Amuak (2004) film laburreko arrantzalearen eta prostitutaren begiradetan.
Amuak film laburraren fotograma bat.
Argazkia:
www.kimuak.com.
2.4. Interpretazio askeko zinema iradokitzailea
Bukaera ez da itxia izaten Koldo Almandozen film labur gehienetan. Interpretazioa ikuslearen esku uzten baitu. Izan ere, zinemagile donostiarrak ez dio ikusleari ‘dena mastekatua’ eman nahi; are gutxiago, mezudun zinema landu. Pelikula irekiak, puzzle osagabeak, ditu maite. Arrazoi hori dela medio, iradokizunean murgildu ohi da usu. Dena agerian jartzea baino, nahiago du-eta iradokizunaren bitartez ikuslearen konplizitatea bilatzea. Ikus-entzuleenganako interakzioa abian jartzea.
Film laburra puzzle gisa ulertzen duenez gero, pieza solteak barreiatu egiten ditu pelikulan barna Koldo Almandozek. Pieza horiekin guztiekin zinemagileak berak proposaturiko interpretazioa osa daiteke. Film laburra laua eta xehea ez den arren, esperimentala izatetik urrun dago eta. Berezko logika bat du. Alabaina, zinemagile donostiarrak ez du obraren interpretazio bakarra inposatu nahi inolaz. Neurri handi batean, interpretazio aniztasuna bilatzen du. Ikusle bakoitzak bere interpretazioa egiteko aukera izatea, nolabait. Alegia, ikuslearen parte-hartzearen bila —haren ekarpenaren peskizan— dabilkigu Koldo Almandoz txitean pitean. Horrenbestez, iradokizuna oinarri harturik, interpretazio askeko zinemaren alde egiten du.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria