Koldo Almandoz eta iraupen laburreko zinemaren aldarrikapena (II/II)

Ainhoa FERNANDEZ DE ARROYABE
Iñaki LAZKANO
Nekane E. ZUBIAUR

Lagundu

3. Dokumental faltsuaren lilura

Garrantzi handia erdiesten du dokumentalak Koldo Almandozen zineman. Izan ere, ukaezina da haren fikziozko film labur gehienek dokumental kutsu handia dutela. Hala, zinema zuzendari donostiarraren fikziozko pelikulen estiloan bertan —maila formalean— argiro antzematen dira dokumentalaren zantzuak, egiazki. Razielen itzulera (1997) eta Columba Palumbus (2007) dira, besteak beste, horren erakusgarri. Beste batzuetan, aldiz, fikziozko zineman txertatu egiten da dokumentala; Amuak (2004) film laburrean narrazioa eten egiten duen amuei buruzko dokumentaltxoaren kasuan gertatzen den legez.

Horrenbestez, dokumentala eta fikzioa uztartzen dituen zinemagile korronte berriaren barnean kokatuko litzateke Koldo Almandoz. Istorio bat kontatzeko dokumentalaren mintzaira bereganatzen ari diren ikus-entzunezko sortzaile irudimentsu horien artean, hain justu. Nolanahi ere, zinema zuzendari donostiarra haratago doa. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko muga lausoak apurtzeko grinak egun puri-purian den mockumentary edo dokumental faltsuaren altzora bultzatu baitu ezinbestean. Dokumental faltsuarenganako xarmaren ondorio dira, hurrenez hurren, Desio ehiztaria (2006) eta Ahate pasa (2009) film laburrak. Alabaina, aipatu film laburrak mockumentary gisa sailka daitezkeela aintzat hartu arren, dokumental mota guztietara zabaltzen du jite faltsu hori Koldo Almandozek:

Razielen Itzulera (1997)

Razielen Itzulera (1997).
Argazkia: www.kimuak.com.

Dokumental guztiak dira faltsuak. Ez dago egiazko dokumentalik. Fikzioa eta errealitatearen arteko harremana gogoko dut nik. Errealitatea nola ‘fikzionatu’ edo fikzioa nola errealitate bihurtu, alegia. Askotan, fikzioa baita benetakoena. ‘Ahate pasa’ (2009) film laburretik gehien erakartzen nauena zera da: planteamendua absurdua bada ere, errealitatea duela oinarri. James Whale-ren ‘Frankenstein’ (1931) filmean ere ahate pasa bat baitago! ‘Ahate pasa’ (2009) dokumental faltsua omen da. Zergatik, bada? Finean, erakusten ari naizena benetakoa da. Azalpena izan daiteke asmatua, apika. Duela gutxi hilzorian zegoen neska bati eutanasia nola egiten zioten irudikatzen zuen dokumental bat ikusi nuen. Antza, bene-benetakoa. Baina, bertan, filmatzeko aukeratutako unea faltsua da; ordu asko galdu dira muntaian; gaiari buruz beste ikuspegi bat emango zukeen testigantzarik ez dago... Dardenne anaien ‘Rosetta’ (1999) filma, berriz, fikzioa da, baina fikzio hori errealitatetik erauzia dago. Protagonista bezain txiro bizi den jende asko dagoela konbentzituta bainago. Genero hibridazio hori oso interesgarria iruditzen zait. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga antzemanezina delako.

3.1. Fikzioa dokumentalaren mozorropean

Pelikula askotan aurki daiteke ahateak kamera aurrean pasatzen direneko plano bat. Hori kontuan harturik, plano horiek guztiak berariaz errodatuak izan direla proposatzen du Koldo Almandozek ironia eta irudimen finez atondutako Ahate pasa (2009) dokumental faltsuan. ‘Ahate pasa’ planoa dakarten hainbat film ezagunen pasarteak eskaintzeaz gain, Jean Louis Rebourdin zinema kritikoaren gogoeta ere tartekatzen du dokumentalak. Halaber, Winterbottom, Kusturica, Fincher, Polanski eta Kiarostami bezalako zinemagileei ere ematen die hitza Almandozek. Anade ahatearen —dokumentalaren protagonista— eta haren manager Tomas Sarasolaren testigantzak ere ez dira falta. Eta, amaieran, zinemako animalia izartxo horiek pelikuletan pairatzen duten sufrimenduaz mintzo zaigu Jone Landaribar albaitaria.

Dokumentalaren konbentzioak bere egiten dituen arren, mockumentary bat da Ahate pasa (2009) film laburra, baina. Alde batetik, ahateen protagonismoa puztu egiten baitu Koldo Almandozek Tomas Sarasola managerraren eta Jone Landaribar albaitariaren adierazpenen bitartez. Biak ala biak pertsonaia faltsuak dira. Nagore Aranburu aktoreak jokatzen baitu albaitariaren rola. Eta, Koldo Almandozen anaia zaharrak, berriz, managerrarena. Horrezaz gain, Abbas Kiarostami eta beste itzal handiko zinemagileen hitzak benetakoak badira ere, testuingurutik at daude; ez dira-eta ahateei buruz ari benetan. Bestalde, ‘ahate pasa’ planoaren euskarri teoriko sendoena —Jean Louis Rebourdin— iruzurra baino ez da. Jesus Cuencak jokatzen baitu ustezko zinema kritikariaren rola. Izenak, gainera, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosi egindako omenalditxoa dirudi.

Midori (2006)

Midori (2006).
Argazkia: www.kimuak.com.

3.2. ‘Midori’ edo dokumental ezkutua

Koldo Almandozen fikziozko film laburren artean sailkatu ohi da Midori (2006). Sakonean, ordea, dokumental zirraragarria ezkutatzen duen fikziozko pelikula bat da. Makuluekin astiro-astiro zebilen eskolako uniformedun neskato batekin egin zuen topo zinema zuzendari donostiarrak Japoniara egindako bidaia batean. Halabeharrez. Neskatoarekin liluraturik, adiskide bati bideokamera eskatu eta haren ibilera grabatu zuen tarte batez. Midori izena jarri zion neskato ezezagunari. Halaxe, Haruki Murakami idazlearen Tokio Blues eleberriko protagonista ez ezik, Suehiro Maruo-ren komiki ezagunaren musa ere omendu nahi zuen.

Ziega moduko eraikin ilun batean hasten da istorioa. Manga itxurako makuludun panpintxo batzuk koloreztatzen ari den gizon baten oroitzapenen berri ematen digu haren over ahotsak. Entomologoa da eta Kiotoko tenplu batean aurkitu omen zuen maitasuna. Midori, alegia. Iluntze iraungipenaren ostean, arestian aipatutako irudiak aurkezten zaizkigu. Midorekiko xarma islatzen duten iraganeko irudiak; J.S. Bach konpositorearen Clavier- übung ariaren musika ederra lagun.

Neskatoak kamerara zuzen begiratzen du bat-batean. Voyeurra harrapatua izan da, antza. Eta, ondorioz, grabatzeari utzi egiten dio. Geroxeago, Angel Aldarondoren laguntzaz atondutako animaziozko partea dator. Entomologoaren eskutik koleoptero bat hegan hasten da eta begiradarekin jarraitzen du Midorik. Basoa irudikatzen duen mihise batean hegan dabilela dirudi. Plano zenital baten bitartez neskatoa ikus dezakegu. Supituki, intsektuaren hegaldiak eskuinetik ezkerrera doan panoramika horizontal baten bidez apurka-apurka Midoriren gorputza erakusten digu. Etzanda dago belar artean, begiak itxita. Hilda dagoela dirudi. Alarma itxurako zarata batek plano aldaketa dakar. Entomologoa giltzaperatua dagoen ziegara itzultzen gara berriz ere. Burdin-barren itzalek kartzeleratua izan dela iradokitzen dute. Neskatoa erail duela dirudi. Baina, filma amaituko dela ematen duenean, iluntze iraungipenaren ostean, animaziozko eszenara garamatza istorioak beste behin. Begiak zabaltzen ditu Midorik eta irri egiten du.

Edozelan ere, fikziozko istorio horren erraietan dokumental iradokitzaile bat dago ezkutaturik. Eskola uniformedun nerabe japoniar liluragarriaren ibilera erretratatzen duen film ederra, alegia. J.S. Bach-en musikak are eta erakargarriago egiten duena. Duda zipitzik gabe, aipatu pieza baita film laburraren bihotza. Ez da uste erdi ustela, inolaz ere. Egileak berak aitortzen baitu:

Halabeharrez erreparatu nuen eskola uniformez jantzita eta makuluen laguntzaz zebilen neska harekin. Atzetik joan nintzaion kamerarekin eta xarma berezia zuela ohartu nintzen berehala. Grabatutako irudiak ikusi nituenean, indar handiko materiala zela jabetu nintzen. Voyeurismo une hartatik sortu zen pelikula. Aitortu behar dut ‘Midori’ (2006) film laburretik, bereziki, pieza hori gustatzen zaidala. Beste guztia fikziozko film bat egiteko asmatu nuen. Artista ausarta izan banintz, pieza hori soilik hartuko nukeen zerbait berezia egiteko.

Columba Palumbus (2007)

Columba Palumbus (2007).
Argazkia: www.kimuak.com.

4. Koldo Almandoz eta zinema eklektikoa

Mikel Garcia Idiakez kazetari eta idazleak halaxe definitu du Koldo Almandozen zinema: “Film tangentzialak egiten ditu, alegia, ez ditu fikzioaren ohiko moldeak jarraitzen, baina esperimentazio hutsa ere ez du maite, publikoari helduleku batzuk eman behar zaizkiolako, istorioa segi dezan”. Definizio nahikoa egokia da. Izan ere, klasikotasunarekin eta abangoardiarekin jolasteko trebetasun handia du zinemagile donostiarrak. Eta, horrezaz gain, ikuslearen parte-hartzea ere bilatzen du usu. Definizio horri ñabardurarik ere egin dakioke, baina. Fikziozko ohiko moldeak aintzat hartzen ez dituen arren, esperimentazioa ere atsegin baitu Koldo Almandozek. Censored Love (2010) bideosorkuntza da horren erakusgarri argia. Dena dela, egia da normalean —esperimentazioan murgiltzen ez denean, batik bat— erdiko bidea hartzen duela. Eredu klasikoaren eta esperimentalaren arteko bidea, alegia. Baina, eredu ezberdinak ukitu baino, uztartu egiten ditu. Zentzu horretan, tangentziala baino, eklektikoa dela bere zinema esango genuke.

Jite eklektiko horretatik uler daiteke soilik zinemagile donostiarrak genero hibridazioaren alde duen joera nabaria. Horren ondorioz, fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak lausoak dira oso bere zineman. Fikzioa eta dokumentala uztartu egiten baititu sarri. Hala, Razielen itzulera (1997) eta Columba Palumbus (2007) gisako fikzioek kutsu dokumental argia duten bitartean, fikzioak berak faltsu bilakatzen ditu Desio ehiztaria (2006) eta Ahate pasa (2009) dokumentalak. Fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak zalantzan jartzen baititu etengabe Almandozek. Orobat, animazioak ere bere lekua du aipatu genero hibridazioan. Uztardura horren etsenplu paradigmatikoa baita Midori (2006).

Genero hibridaziotik harago, baina, ezaugarri komun batzuk aurki daitezke Koldo Almandozen film laburretan, egiazki. Iraupen laburreko zinemaren aldeko hautua, esaterako, ez da apetatsua inondik ere. Bere kezka narratibo eta estetiko guztiak asetzen dituen formatua izateaz gain, askatasun osoa eskaintzen baitio film laburrak. Hala, merkatuak ezarritako lege zorrotzetatik libre dagoenez gero, euskaraz eta bere nahierara egin ditzake pelikulak.

Esanguratsua da baita ere bere film laburren drama izaera. Fikziozko lanak kontuan hartuz gero, drama baita nagusi egile donostiarraren zineman. Horrek ez du esan nahi umorerik ez duenik. Baina, bitxia bada ere, Desio ehiztaria (2006) eta Ahate pasa (2009) mockumentary irudimentsuetan ageri da bakarrik bere ironia fina. Gainontzeko pelikuletan, berriz, luzea da oso dramaren itzala. Bakardadeak eta maitasunik ezak pitzatutako gizaki saminak baitira Koldo Almandozen zinema unibertsoko protagonistak, zinez. Amuak (2004) basaren arrantzalea eta Midori (2006) uherraren entomologoa, kasu. Eta, zer esanik ez, Columba Palumbus (2007) gordineko ehiztaria. Zinemagile donostiarraren zineman etorkizuna iluna izan ohi da eta oso presente dago beti heriotzaren hatsa.

Amuak (2004)

Amuak (2004).
Argazkia: www.kimuak.com.

Bereziena ez da istorioa, ostera. Istorio hori kontatzeko modua baizik. Koldo Almandozek ez du mezudun zinema gogoko. Gorroto ditu-eta etika irakaspenak. Ideiak ikusleari inposatu ordez, iradokitzea du maite. Eta, horretarako, irudia du bidelagunik onena. Irudia hitzari gailentzen baitzaio bere film labur guztietan. Begirada eta keinuen bitartez komunikatzen dituzte-eta sentimenduak Koldo Almandozen pertsonaia isilek. Eta, soinu bandak, bere aldetik, neurriz zizelatzen ditu. Narratzailearen over ahotsak, aldiz, istorioaren testuingurua eskaintzen du.

Interpretazio askeko zinema da Koldo Almandozena. Ikuslearen esku utzitako jostailu elkarreragilea, alegia. Eklektikoa eta hibridoa. Laburra baina sakona. Irudia eta musika oinarri izanik, sentimenduak islatu eta gogoeta hauspotzeko gai dena. Drama ardatz duen arren, ironiari ere uko egiten ez diona. Euskara eta kalitatea uztartzen dituena. Inposatu ordez, iradokitzen duena... Nolanahi ere, berritzailea bezain irudimentsua bada ere, izartxo bat baino ez da gure zinemaren ortzian. Xumea, apika. Ttipia. Baina euskal zinema garaikidea ulertzeko ezinbestekoa.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia