Fuente: Wikipedia
Esteban Garibai.
Esteban Garibai Zamalloa historialaria eta errege kronikaria izan zen. Oñatiko Unibertsitatean, Gasteizen eta Santo Domingo de la Calzadan egin zituen ikasketak. Gaztetan armadan izan zen, eta alferez titulua jaso zuen. Arrasateko alkate izan zen 1568-1569 bitarteko urteetan. Gipuzkoako egoerari buruz eginiko azterketen fruitu, Batzar Nagusien erreforma eta ontzigintzaren gainbehera aztertzen zituen hirurogei ataleko obra idatzi zuen urte haietan.
Historialari gisa, Espainiako lehen historia unibertsala idatzi zuen, 40 liburukitan banatua, 32 urte zituela. Flandesen argitaratu zuen obra hura, 1571. urtean.
Felipe II.ak erregeren liburuzain izendatu zuen 1575ean. 1585. urtean Madrila joan zen, eta historia eta genealogia lanak egin zituen. Espainiako erregearen kronikari izendatu zuten 1592an. Garibaik ospe handia izan zuen bere garaian, baina ez zuten aintzat hartu XVII. mende erdialdetik aurrera, fantasiara erraz jotzen zuelakoan.
Ez da Garibaik euskaraz eginiko testurik ezagutzen, baina esaera zaharren bilduma bat egin zuen, Julio Urkixok Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian argitaratu zuena.