Fuente: Wikipedia
Jose Mari Agirre, Xabier Lizardi.
Xabier Lizardi goitizenez ezaguna egin zen euskal idazlea dugu. Euskaltzaleak elkartea sortzen lagundu zuen. Gipuzku Buru Batzarreko kide eta buruzagi izatera iritsi zen. Esteban Urkiaga Lauaxeta (1905-1937) eta Nicolas Ormaetxea Orixerekin batera, bere aroko olerkari hoberena dugu. Biotz-begietan, 1932an argitaratuta, kritikariek oso aintzakotzat hartu zuten. Xabier Lizardi hil eta gero Aitzolek argitaratu zituen haren Umezurtz Olerkiak.
Gerra Zibilaren aurretiko olerkari lirikorik behinena, izadiaren —izadi edertuaren— olerkaria izan zen. Lizardiren prosa haren poesia bezain originala da. Itz Lauz izeneko bilduman lehen mailako idazle, estilo pertsonal eta moderno baten jabe ageri da.
Euskaltzaleak elkarteak, Lizardi bazkide zuela, sakabanatuta zeuden olerkariak bildu nahirik, Euskal Poesiaren Eguna antolatu zuen Errenterian Luis Jauregiren omenetan (1930). Bertan esku hartu zuen Lizardik, hiru poesia aurkeztuz. Hurrengo urteko ekitaldirako, Tolosan Emeterio Arreseren ohorez idatzitako Urte-giroak ondu zuen, «Lizardiren obrarik garaiena» (Aitzol). 1932an Biotz-Begietan, olerki bilduma ospetsua, eta bi antzerki lan, Laño ta izar eta Bi aizpak argitaratu zituen. Urte berean Kirikiño Saria irabazi zuen Etxe barne bizia izeneko artikuluarengatik.