Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Jesús Guridi eta “Euzkel abestijak”

Sabin SALABERRI

1940an, Jesus Guridi Bilbo utzi eta Madrilera joan zen, Musika eta Deklamazio Errege Kontserbatorioko organo-katedraren jabe egitera. Urtebete geroago, 1941ean, Madrileko Orkestra Sinfonikoak Diez melodias vascas obra estreinatu zuen Monumental Cinema deituan. Urte horretan sartu zen Guridi San Fernandoko Arte Ederren Akademian, “La música popular como materia de composición” hitzaldia emanez. Handik laster entzungo ziren Espainiako hiriburuan Seis canciones castellanas, Peñamariana, Sinfonía pirenáica eta beste obraren bat edo beste.

Harrigarritzat jo behar da “susmopekoa” zen euskal konpositoreak gerraosteko garai horretan izandako arrakasta. Beste musikari batzuk ez zuten halako zoririk izan, eta errepublikaren aldeko “zaletasunaren” ondorioak jasan zituzten. Manuel de Falla jaunak uko egin zien Madriletik eginiko eskaintzei eta ahaztuta hil zen Argentinan; Halffter anaiek egoera larrian bizi izan ziren Portugalen eta Mexikon; Robert Gerhard katalana ez zen Cambridge-ko desterrutik etorri; eta Fernando Remacha nafarrak bertan behera utzi zuen musika-jarduna Iruñean, beraren gurasoek Tuteran zuten burdindegian torlojuak saltzen jarduteko.

Guridi oso ondo hartua izan zen Madrilen, gaztaroan erakunde nazionalistekin estu-estu jardundakoa izan arren. Guzti hau XX mendeko bigarren hamarkadan jazo zen.

Jesus Guridi

1940an, Jesus Guridi Bilbo utzi eta Madrilera joan zen, Musika eta Deklamazio Errege Kontserbatorioko organo-katedraren jabe egitera.

Mendearen hasieran, karlistek, nazionalistek eta sozialistek, euren antolakundeen egiturak eguneratzeko asmotan, gazte-taldeak abian jartzea bultzatu zuten, gazteak propaganda lanetan buru-belarri sartzeko asmoz. Asmotan zituzten helburuak honako hauek ziren: haientzako irakurketa zentroak sortzea, argitalpenetan haien partaidetza bultzatzea, haientzako hitzaldiak prestatu, kirol jarduerak antolatu eta herri jaiak ospatzea. Jarduerek ez zuten Bilborako bakarrik izan behar. Herrietara ere ateraldiak egin beharra zegoen beraietara propaganda-jarduera zabaltzeko.

Jesus Guridi, ikasketak Paris, Brusela eta Kolonian egin ondoren, 1907an itzuli zenean, Bilbok garaile modura hartu zuen: epe labur batean izendatu zuten Santiagoko Basilikako organo-jotzaile, Koru Elkarteko zuzendari eta Musika Kontserbatorioko irakasle.

Eusko Jeltzaleen Eusko Gaztediak berehala bereganatu zuen Guridi bere asmoetarako. Sabino Aranak eta bere jarraitzaileek argi ikusten zuten musikak propaganda-helburuetarako zuen garrantzia; oinarri garrantzitsutzat jotzen zuten komunitate propioa eraikitzeko eta euren asmo politikoak aurrera eramateko; musikarik gabe ezin ziren erromeriak, herri dantzak eta koru jardunak antolatu. Guridi prestakuntza handia eskuratuta zetorren Europatik; ezinbestekoa zen beraren lankidetza.

Eusko Gaztedik emandako lehenetariko urratsa, jai handietan, esaterako Santa Ageda bezperan, antzinako eran kaleetan kantatzea izan zen. Xabier Gortazar, Eusko Gaztediko burua, eta Jesus Guridi, Koru Sozietateko zuzendaria, izan ziren horretarako abesterik esanguratsuenak aukeratzeko arduradunak. Guridik ordurako erabilia zuen 1910ean Mirentxu konposizioaren hamargarren eszenan Agate gabean abestia, antza denez berak jasoa. Hala ere, ez zituzten gogobetetzen Gortazar eta Guridi ez musika-egiturak ezta jatorriko testuak; ondorioz, musikariak aldaketa batzuk sartu zituen melodiaren taxuketan; eta testu berri sortzeko eskatu zioten Evaristo Bustinza “Kirikiño” idazleari. Horrela sortu zen Aintzaldu daigun Agate deuna, ordutik hona gure giroetan nagusitu den herri kanta. Kantuak, ia bere osotasunean, santari eta atez ate eskean ibiltzeari egiten die aipamena; baina, Guridi eta Bustintza jaunen zuzenketen ondorioz, badira bertan eduki abertzale handiko pare bat ahapaldi: “Euskadiren ohitura ederrak gaur berbizi gura doguz... Aberriaren semiak gara, Euskadi da gure ama. Semeak ama maite daben lez, maite dogu Aberria”.

Kalera kantatzera irteteko tradizio berrasmatu zen data haietako beste egun bat San Juan eguneko sugarren gaua izan zen. Santa Agedaren kasuan bezala antzinako ohitura bat berreskuratzea zen, baina propaganda nazionalistaren kutsu apur bat erantsiz. Aukeratutako kantua San Juan de Portaletaña izan zen; hau ere Guridik berak bildutakoa. Horrela, 1914ko San Juan bezperako koruentzat bertsio harmonizatu bat prestatu zuen; kasu honetan ere, hainbatean kutsu abertzalea zuten pare bat ahapaldiko testua erantsi zen.

Urte horietan, 1910-1920 arteko hamarkadan, gorakada handia izan zuen euskal kanta herritarrak Euskal Herri osoan. Euskadiko Aldundiek eta Nafarroakoak herri osoan zehar herri kantak biltzeko lehiaketa-deia egin zuten. Epaimahai kalifikatzaileak Resurrección Mª Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegiak saritu zituen; lehena, oso zabala zelako eta, bigarrena, kalitate handikoa zelako. Guridik ere parte hartu zuen lehiaketan, nahiz eta bere lanak ez lortu saririk.1

Azkue eta Donostiaren bildumen argitalpenak, zenbait zio tarteko zirela, 10 urtetik gorako atzerapena izan zuen. Mugimendu abertzalea, material aberats hau musikazaleen eta batzokietan ugarituz zihoazen koruen esku jarri nahiez, bere esku ziren komunikabideetan eta koaderno txikietan abestiak argitaratzen hasi zen gogotsu. Horretarako 1913an Bilbon sortutako “Euzkadi” egunkaria erabili zuten. Horrela, egunkari horretan agertu ziren 1913ko otsailaren eta 1914ko otsailaren artean astero hainbat kantu, letraz eta musikaz, guztira 45 izatera heltzeraino. Jesus Guridi eta “Udalaitz” ezizenez sinatzen zuen Aita Donostiaren esku izan zen argitaratzea merezi zuten lanak aukeratzea.

Pablo Bilbao Aristegi ezkerretara, Jesus Guridiren alboan, 1951

Pablo Bilbao Aristegi ezkerretara, Jesus Guridiren alboan, 1951.

Ekimen hau abiapuntu indartsua izan zen. Horrela, Bilboko Eusko Gaztediak euskal kantuen zenbait koaderno egin zituen. Lehena 1914an argitaratu zen Euzkel abestijak. Lenengo ingurrastija izenburua zuela. 23 kantu bildu zituen. Hurrengo hiru urteen barruan, 1915etik 1917ra artean, beste hiru koaderno argitaratu ziren. Jatorriko melodiak errespetatu arren, aldaketak egiten ziren testuetan edota ideologia nazionalistari egokitutako ahapaldiak eransten. Ez dakigu aita Donostiak esku sartzerik izan zuen, baina Jesus Guridik zerikusi handia izan zuen koaderno hauen argitalpenen aholkulari izan baitzen.

Euzkel abestijak sortetako edukiaren azterketak hiru kantu mota bereizteko bidea ematen du: baziren herri kantu “jatorrak”, Azkue, Donostia edo Guridik bildutako eran argitaratutakoak; beste herri melodia batzuk testuak aldatuta zetozen, hau da, helburu nazionalista zuten estrofak edota bertsioak erantsita. Baziren, baita ere, kantu sortu berriak, gai nazionalista zutenak, bat edo beste Sabino Aranak berak edota nazionalismoaren beste sortzaileetarikoren batek eginak. Edozein izanda ere kantu hauen izaera, argitalpenak ez zuen fidagarritasun kritikorik agertzen: ez ziren inoiz halakoetan beharrezkoak izaten diren datuak eskaintzen, hots, zeintzuk ziren “benetan” herri kantak, zeintzuk tradiziozko melodiari bertsio nazionalista erantsirik osatuak, edota zeintzuk ziren sortze berriko kantak bereizteko.

Urte haietan, Euzkaltzale bazkunak2 bilketa egin ondoren 75 kanta argitaratu zituen; batzuk ordurako Euzkadi egunkarian argitaratuak. Erabilitako hautaketa-irizpideak antzerakoak izan ziren: kantuen artean, batzuk jatorrikoak (aldaketarik gabeak) ziren; beste batzuk testuan aldaketak izan zituztenak; eta, azkenik, beste batzuk berriak, abertzaletasun-kutsuz beteak. Kasu honetan ere ez zen jatorririk edo ezaugarririk aipatzen. Jakina da, Euzkel abestijak sortan datozen halako batzuk Guridik musika jarritako “Kirikiño” idazlearen poemak zirela. Baina, baziren berri batzuk ere, testu-egile ezezaguna eta Guridiren musika zutenak; kasu batzuetan testua ere Guridirena zela uste da.

Guzti hau Primo de Riveraren diktadurak eten zuen 1922an.

Geroago, 1932an, Jesus Guridik Euskal folkloreko XXII abesti – XXII canciones del Folklore vasco argitaratu zuen. Bilduma honetan jaso ziren Azkueren Cancionero Popular Vasco deritzanetik hartu eta Diez melodías vascas sortan ageri diren batzuk: Sant Urbanen bezpera, Aritz adarrean, Garizuma luzerik, Gentileri un, Alabatua, Ala baita, Asiko naz eta Zorabiatua naiz. Gainerako melodiak, hots, Ni Mendexara eta Neure maitia, Guridik berberak bildu zituen, bata Lekeition eta bestea Aramaion.

Bibliografia

BAGÜES, JON. “La música coral entre los vascos: una tradición vigente”, en Cuenta y Razón. Noviembre-diciembre, 1993.

EUZKELTZALE-BAZKUNA. Euzkel-abestijak. Bilbao, 1915-1917.

IBARRETXE TXAKARTEGI, GOTZON. “El canto coral como entramado del nacionalismo musical vasco. El Padre Donosita y los constructos identitarios en el imaginario vasco”. Tesis doctoral, FICE, UPV/EHU, 1996.

RUIZ DESCAMPS, NICOLÁS. “Música y nacionalismo vasco. La labor musical de Juventud Vasca de Bilbao y el uso de la música como medio de propaganda política”. Musiker, 17, 2010.

ZUBIKARAI ERKIAGA, JUAN ANTONIO. “Nacionalismo musical vasco: un capitulo por cerrar”, Cuadernos de Alzate, num. 2, 1985, pp. 64-70.

1 Guridik berak bildutako kantuak: Agate deunaren abestija, Gabon gabean, Antón Aizkorri, Boga boga, Hator hator, San Juan de la Portaletaña, Txakur galduba. Guridik kantu hauek Mirentxu, El Caserío, Eusko irudiak eta Leyenda vasca obretan barru sartu zituen.

2 Euzkeltzale Bazkuna elkartea Azkue eta Bustinza “Kirikiño” idazleen ikasleek sortu zuten Bilbon. Zabalkundea Euzko-Deya euskarazko aldizkarian izan zuen. Geroago (1929-1936) talde berberak Euskerea aldizkaria argitaratu zuen. Era berean, Método gradual para aprender el euzkera argitaratu zuten. Horrez gainera, kantuak ere argitaratu zituzten; era berean, antzerki-emanaldiak eskaini eta herriz herri euskarako haur-lehiaketak antolatzen jardun zuten.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia