Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

José de Azpiazu

Xabier UGARTE AYASTUY

Oñatin jaio zen, 1912ko maiatzaren 26an, eta umezaroa, musika zaletasunak bultzatuta Euskal Herrian beste hainbat eta hainbat umeren moduan, parrokiako koruan abestuz eta herriko udaleko bandako partaide izanik igaro zuen. Laguntzaile osaba Anjel Iriarte izan zuen, hau bandako zuzendaria izanik, bandako instrumentuak erakutsi zizkion eta hauez gain celloa eta gitarra. Bi hauen artean zalantzan egon bazen ere, berehala egin zuen gitarraren aldeko apustua eta handik hilabete pare batera osabak baino gehiago jotzen zuen. Hortik aurrerakoak bere kasa egin zituen, gitarraren teknika, solfeoa, armonia eta konposizioa ikasiz, Arte Ederrak ikasi zituen Donostian eta Sánchez Granada gitarra-jolea ezagutu zuen.

Jose de Azpiazu

José de Azpiazu.

Oñatiko EAJko idazkaria zen eta 1936ko gerrate garaian Gernikako bonbardaketa mendi tontor batetik ikusi ei zuen. Bilbora ailegatzean italiarrek preso hartu zuten eta bi urte eman zituen Martuteneko espetxean. Egoera hark eskaintzen zizkion baliabide urriak erabiliz, lagunekin ados jarri eta gitarra bat egitea otu zitzaien, kaxa moduan kazola bat erabili zuten, harmonia-taularen lana egiteko puru-kaxa bat eta trastetarako, haginetarako zotzak erabili zituzten. Zailena, gitarrarako hariak zuzentzea zen eta hauek kanpotik etorri ziren. Etxekoei, etxean bertan ogia egin eta mami artean hariak gordeta bidaltzea bururatu zitzaien eta hala iritsi zitzaizkion. Gaua heldu zenean, presoak jakinen gainean zeuden eta isiltasuna egin zuten eta Josék bere gelan kontzertu klandestinoa jo zuen. Hurrengo egunean zuzendariak gitarra kendu zion, baina laster eman zion baimena etxeko gitarra ekartzeko. Kartzelatik irten zenean pintaketa lanetan jardun zen eta denbora libretan kontzertuak hor-hemen ematen zituen, Bilbon, Santanderren, Donostian eta Gipuzkoako herri askotan. Ordurako partiturak idazten eta transkripzioak egiten hasia zen eta heliografia sistema erabiliz, mundu osoko gitarra-joleen eskuetara iristen ziren haren lanak.

1943an ezkondu egin zen. 1950ean “Geneva” irratiak hiru hilabeterako kontratua luzatu zion astero gitarra-emanaldiak eskaini zitzan eta Suitzara abiatu zen. Kontratua bukatu zitzaionean, hiria atsegin zuenez han geratu zen, tabernetan eta jotzen, eta kaleko artista-jendea ezagutu zuen; hauen artean Andrés Segoviaren semea, margolaria, egin zuen lagun eta honen bidez aitaren aurrean jo zuen arratsalde oso batean. Segoviak, harrituta, esan zion: “Zein izan duzu maisu?” eta Josék erantzun: “Zuk izan duzun berbera”. Segoviak berriz: “Nik ez dut, baina, maisurik izan!”, eta Josék irribarrez: “Nik ere ez!”. Laster idatzi zion Segoviak Geneva-ko Kontserbatorioko zuzendariari Azpiazu izendatu zezaten Kontserbatorioan gitarra klaseak martxan jartzeko eta azaroan dena prest zegoen. Berehala eroan zituen Genevara andrea eta alaba eta handik aurrera kontzertuak (Italian, Frantzian, Suitzan, Austrian, Alemanian, Ingalaterran...), irrati eta telebistako emanaldiak, ikastaroak eta abar ugaritu egin ziren.

Jose de Azpiazu eta Fanny Jonhs

José de Azpiazu eta Fanny Jonhs.

Hain gustuko zuen ikerketa lanari ekin zion eta Europa aldeko liburutegi eta artxibategiak arakatu zituen, antzinako musika aztertuz, batez ere lauterako idatzia zegoena gitarrarako transkripzioak egiten zituen eta mundu osoko argitaletxeetan argitara ematen zituen. Gaur egunean gitarra mailan oso ezagunak diren kontzertuak estreinako aldiz eman zituen 1953. urtearen inguruan (aurkitu zirenetik), hala nola Vivaldiren Concerto in Re maggiore per Liuto e Orchestra, L.Boccheriniren Symphonia Concertata (hau Donostian eman zuen lehen aldiz), Vivaldiren Concerto in Re minore per liuto, Viola d’amore e Orchestra, eta beste hainbat lan gitarra bakarrera edo eta beste instrumenturen bati lagunduz. Lehena izan zen kontzertuan ematen J.S.Bachek lauterako idatzitako lan integrala.

1953an Django Reinhardt, jazzjole famatua ezagutu zuen eta berehala kidetu ziren. Josék arratsalde oso bat jardun zen jotzen, bereziki J.S.Bach-en obrak. D. Reinhardt-ek pena handia zuen hainbeste gustatzen zitzaizkion Bachen piezak ezin jo izana: ezkerreko eskuan bi behatz bakarrik baitzituen. Djangok berriz José liluratu zuen Nuages izeneko piezarekin. Behar bada hau izan zen Djangoren azken joaldia zeren handik bi egunetara, Parisera itzuli ondoren, hil egin baitzen eta elkarrekin aritzeko proiektua hutsean geratu zen.

1952an Gaztedi Musikalen Munduko Kongresua Suitzan ospatu zen eta bertan jo zuen Josék izugarrizko arrakasta lortuz. Harreman ugari izan zituen pertsona ospetsuekin, ez bakarrik musika mailakoekin baizik eta arte guztietako jendeekin, gitarra-jole, poeta, kantari, antzezle eta abarrekin. Bitartean, mundu osoko argitaletxeek transkripzio eta konposizio ugari ematen zizkioten argitara. Josék maisutzarako bokazioa zuen eta kontserbatorioan klaseak ematearekin batera gitarra lantzeko metodoak argitaratu zituen. Lan pedagogiko itzela egin zuen eta musika giroko jendeak iraultzailetzat jotzen zituen Joséren metodoak.

1958an La guitare et les guitaristes izeneko liburua argitaratu zuen Editions Symphonia-Verlag argitaletxean. Egunkariak zabal hitz egiten zuten beraz eta bere lanaz. Ikasleek nonahitik etortzen zitzaizkion, Estatu Batuetatik, Japoniatik, Noruegatik eta abar. Musika mailako jende ospetsuekin egin zituen emanaldiak, Pilar Lorengar kantariarekin, Maria Casares aktoresarekin, Fanny Jones beltz espiritual kantariarekin... denekin izugarrizko arrakasta lortuz. Musika taldetan ere parte hartu zuen hala nola ARVA izeneko laukotearekin eta LA MENESTRANDIE izeneko taldearekin antzinako instrumentuak erabiliz (Josék chitarrone-a jotzen zuen). Artikuluak idatzi zituen, Madrileko Ritmo aldizkariko korrespontsala izan zen, eta bertarako artikuluak idatzi zituen gitarra eta kidekoen historia eta teknikari buruz. Musika garrantzitsua zela zioen eta instrumentuak haren zerbitzurako zeudela, eta inoiz ez alderantziz. Beste aldizkari askotarako ere idatzi zuen, hala nola, New Yorkeko The Guitar Review, Londoneko BMG, Milanoko Il Fronimo, Pariseko La Guitare, Uruguayko Durazno, eta hauek eta beste aldizkari askok aipatzen eta goraipatzen zuten Azpiazu eta bere lana. 1964an Lupe alaba lagun duela bikote arrakastatsua osatu zuten eta kontzertu ugari eskaini Europa osoan. Busca Isusik egunkarian “Kontzertua Genevan” artikulua idatzi zuen Azpiazuren kasu harrigarria azalduz eta bertan zera esaten zuen: “Badirudi gipuzkoar batek artista lez nabarmentzeko sorterria utzi beharra duela. Gipuzkoa laku izoztua modukoa da eta instrumentu gogorrak erabiltzen dituzten artistak bakarrik dira gauza apurtzeko zarakar hori: Oteiza, Txilida, atzerrian laudatuak dira. Barojak lumakadaz hautsi zuen. Zuloagak brotxakadaz: Azpiazuk gitarrakadaz hautsi du”.

José Azpiazuk gitarra-jole eta flamenkoko musika-talde asko ezagutu zituen, eta askoren lagun mina izan zen. Hauen artean aipatzekoak dira Sabicas, Niño Ricardo eta Ramon Montoya, eta dantza flamenkoko artisten artean Antonio dantzari ospetsua. Musika dodekafonikoa, berriz, ez zuen maite. Gorrotoa zion, eta aitortu egiten zuen. Modenan gertatu zitzaionak argitzen dizkigu horri buruz zituen sentimenduak eta usteak. Italiako hiri horretan, konposizio-lehiaketa batean parte hartzeko asmotan zebilen, eta epaimahaiaren gehiengoa dodekafoniaren zaleez osatua zegoela konturatu zen. Mota horretako musikari gorrotoa bazion ere, edo behar bada horrexegatik, era bitxi baten parte hartzea erabaki zuen, eta geroago txantxetan izan zela aitortuko zuen. Aurkeztu zuen partitura, ahal zuen era desatseginenean idatzi zuen. Hala ere, zuen musika-senak huts egin zion zeren saria irabazi baitzuen. Eskudirua eta pergamino-diploma jasotzera joan zenean, antolatzaile batzordeak lehen emanaldia noiz izango zen galdetu zion. Josék, ez zuen aukera alferrik galdu lehiaketan aurkeztu izanaren zergatia argi eta garbi uzteko, zeren erantzuna hau izan zen: “Ez ohi dut jo halako musika txarrik!”. Hurrengo urtean, Azpiazuren ikasle bat aurkeztu zen lehiaketara, eta irabazi egin zuen. Irabazlearen konposizioa euskal musika herrikoietan zegoen oinarritua!

Jose eta Lupe de Azpiazu

José eta Lupe de Azpiazu.

Milaka musika-orri argitaratuak daude Azpiazuren argitaletxe propioak (EDITIONS BELTZ izenekoak) eta mundu osoko hainbat argitaletxek argitara emanda. Diska grabaketan ere jardun zuen eta guztira 8 LP ditu argitara emanak 60-70 hamarkadetan. Azpiazuk Suitzako konposatzaile garrantzitsuenak gonbidatu zituen gitarrarako obrak sortu zitzaten, hauen artean Herni Gagnebin, Mathieu Vibert, Hans Haug, Roger Vuataz eta Jean Quinodoz.

1986ko abenduaren 27an hil zen eta Suitzako egunkarietan, Genevako musika-giroko figura handia desagertu dela esaten da. Europa mailan ospea eman zioten kontzertuengatik baino, dio idazleak, argitaratutako gitarrarako partitura ikaragarriagatik eman zen ezagutzera: entzute handiko musiken transkripzioak, ahaztutako piezak berreskuratzea, musika-lan berriak, eta abarrengatik. Deigarria dela, A. Segoviaren laguntzaz eta H. Gagnebinen jarrera zabalari esker, gitarra-jole oñatiarrarekin sortu izana Ginebran, mundu mailako bigarren gitarra-katedra, Madrilekoaren ondoren. Baina gehiago laudatzen da bere benetako bokazioa, mundu osoko musika-giroan entzute handikoa izateko sona eman diona, hau da, sortzaile eta transkribatzaile alderdia. Deian berriz Bernardo de Arrizabalagak sinatzen du artikulua. Zaletasun bereko eta benetako adiskide baten agurra da. Begien aurrean du Josék idatzi dion azken eskutitza, azaroaren 21ean, eta beti lez “Kaixo, lagun-zar” esanez hasten da. Arrizabalagak omenaldi gisara idazten du artikulua eta nahiz eta jakitun egon bere herrian profeta ez dela izan, “Calvinoren hirian gora jaso zuen Euskadiko pabilioi kulturala eta ia berrogei urtetan eutsi goian”. Iragana gogoratzean, ipar alderantz abiatu zeneko abentura kontatzen du, gitarra eta partitura batzuk zeramatzala, eta benetako fedea eta uste osoa egin behar zuen horretan zuelarik. Behin finkatu eta gero, irakaskuntza eta ikerkuntzara dedikatu zen: “Europako artxibategi eta liburutegietan zehar egindako hainbat murgilketen ondoren, antzinako tablaturen transkripzioak, mundu osora zabaldutako argitaletxeetan argia ikusiz joan ziren... Egun, Azpiazuk argitaratutako ia lan guztia, Bernan kokatuta dagoen Suitzako Liburutegi Nazionaleko ondasun zati interesgarria da”.

José Antonio Azpiazuk idatzitako “José de Azpiazu. Biografia” liburuaren laburpena, 2.000 garren urtean “Airean”, Euskal Herriko gitarra elkarteak argitaratua.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia