Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Juan Luis LANDA
Txikitandik sentitu izan dut plazer handia Nafarroako lurralde zabalak ezagutzean. Nire gurasoekin batez ere Lizarrako inguruak ederki ezagutzeko aukera izan nuen; inguruko herriak, bere izadiak... berehala harrapatu ninduten. Gaztetan, ordea, ondoko lurraldeetatik bidaiatzen nintzenean, Aragoi edo Gaztelatik batez ere, iraganeko itxura erakargarria hartzen zuten bere paisaiek, edonon gazteluak agertzen zirelako; lurralde horien erdi aroko iraganaz ohartarazten ninduten. Orduan, galdera bat egiten nion neure buruari. Zergatik ez ditugu eraikin harrigarri horiek Nafarroan? Erdi Aroan Nafarroa ondoko erreinuak baino zaharragoa izanda, eta toki estrategikoan kokatuta egonda, zergatik zen eta da Nafarroa gaztelurik gabeko lurralde bat?
Bai, Nafarroak izan zituen bere gazteluak, eta ez gutxi, ehun baino gehiago gure herriak babesteko erabili izan zirenak. Inkognita hura hogeita hamar urte baino gehiago bizi izan da nirekin, Nafarroako konkistari buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen arte: konkistatzaileek Nafarroa bereganatu eta gero, gure gaztelu guztiak hautsa bihurtzea erabaki zuten, euskaldunok berriro altxa ez gintezen.
“Nafarroak izan zituen bere gazteluak, eta ez gutxi, ehun baino gehiago gure herriak babesteko erabili izan zirenak.”
Ilustrazioa: Juan Luis Landa
Aurten, duela bost ehun urte Fernando katolikoaren agindua betez, Gaztela eta Aragoiko tropek Nafarroa konkistatu zutela oroitzen da. Urteurren goibela da, euskaldunok gogoratzen ditugun beste hainbat eta hainbat bezalakoa: Gernikako bonbardaketa edo Donostiako erreketa, besteak beste. Bost ehun indarra duen zenbakia da. Urte asko direla dirudien arren, ez dira hainbeste. Ni neu mende erdira iristear nago, beraz, eta nire perspektibatik begiratuta, bizitako urteak baino hamar aldiz atzerago jo beharko nuke garai hariek bizitzeko, eta gipuzkoar bezala, hamasei aldiz Gaztelak Gipuzkoa anexionatu zueneko garai hura bizitzeko. Guk uste baino hurbilago daude gertakari haiek. Mendez mende zauri horren gainean hauts piloa bota izan da ondo estalita gera zedin, baina efemeride honek hauts horiek harrotzeko unerik egokiena eskaintzen digu kaleko jendeari gertakari iraingarri haiek ezagutarazteko.
Duela sei urte honen inguruan dagoen informaziorik onena eskuratu nuen gaia bere konplexutasunean hobeto ulertu ahal izateko. Aitortu behar dut testuan sakondu ahala, datuek zirrara egin zidatela. Trama paregabea duen historia ikaragarria deskubritu nuen eta pertsonaiak Shakespeareren obra tragiko batetik aterata bezalakoak iruditu zitzaizkidan. Berehala, bihotz-ukituta, liburu bat idatzi behar nuela erabaki nuen eta jendearengana errazago iristeko ilustrazioak egingo nituen.
Nire barruan, pertsonai historiko horien inguruan argumentu bat mamitzen hasi nintzen, datu historikoei lotuta euren alde humanoa garatuz. Horrela, lehenengo apunte horiek poliki-poliki eleberri baten itxura hartzen hasi ziren. Ilustrazioak buru barruan nituen, denbora besterik ez nuen behar handik paperera ateratzeko. Jendeak eskertzen ditu ilustrazioak, eta gainera, hitzekin lortzen ez duzun hori espresatzeko berezko ahalmen dute. Esfortzu pixka batekin lor nezakeen, aukera paregabea nuen gertakari horiei irudia jartzeko eta ezin nuen pasatzen utzi.
Horrela jaio zen “1512, Nafarroa in memoriam”. Nire bihotza darama liburu horrek eta sentimenduz beteta dago. Behin liburua kalean, helburu bakarra zegoen: mezua ahalik eta jende gehiagorengana iristea, horretarako egitea erabaki bainuen. Eta jendeak erantzun duela esango nuke lehengo edizioa hiru asteetan agortu da eta.
“Hasierako denboretan Pirinioetako mendiek estalita zeuzkan estalki zuri lodia urtu omen zuten, esaten dutenez, gu sortu eta bere altzoan hartzeko. Mendi haietako haran eta ibar sakon, berdeetan, haietako oihan sarrietako urrinen usain gozoetan, haietako erreka eta ibaietako urez bedeinkaturik, sortu zen herri hau, jaio zen lurretan erro sendoak sartzeko asmoz. Zeruan izarrak adina egun igaro ondoren, herri hark ondo jakin zuen auzo-herri ahaltsuen artean erreinu bat osatuz bere lurra ohoratzen.
Gure herria herri zaharra da, jakina, aspaldiko garai haietan ezbeharrei aurre egiteko elkarturik egoten jakin genuelako. Zatiturik geundenean ez ginen gauza izan zoritxarreko garai horietan etorri zitzaizkigun arrisku handiei aurre egiteko, itsuturik gaudelarik harrapakin gaixo baten antzo agertu baikinen otso gosetien mundu batean”.
Testu honekin hasiera ematen zaio liburuari. XV. mendearen bukaeran Europako erreinu boteretsuenek forma politikoa hartzen ari ziren, egun ezagutzen ditugun bezala. Nafarroako erreinua toki estrategikoan zegoen eta Erreinu Gaztelarrak betidanik amesten zuen Nafarroa gaztelarrentzat bereganatzea, Frantziako erreinu hurbilaren aldetik konkista baten aurrean, Nafarroa Gaztelako giltza baitzen. Garai hartan Gaztela eta Frantzia artean lehia handia zegoen eta Europako hegemonia eskuratzeko hainbat gudetan hartu zuten parte. Bien artean gure Erreinu zaharra ardi baten moduan aurkitzen zen, bi otso gosetien artean.
Nafarroak bazeramatzan berrogei eta hamar urte odolusten guda zibilen artean ondo elikatuta Leringo Kondea eta bere fakzioarengandik. Leringoak, Fernando Katolikoaren azpiko laguntzarekin, Nafarroako nagusitzat zebilen erregeen gainetik. Katalina Foixekoak eta Juan Albretekoak ezer gutxi egin zezaketen Kondea gelditzeko, izan ere, Fernandoren babespean baitzegoen eta Gaztelaren aurkako guda batean sartzeko beldur zirelako.
1512ko uztailaren 21ean Fernando katolikoak Gaztelako tropak suntsitutako Nafarroan sartzeko agindua eman zuen. Don Fadrique de Toledo, Albako Duke eta Kapitain nagusia, gudaroste izugarri baten burua zena, Sakanatik zehar sartu zen gure lurraldean. Harekin batera, Gaztelako eta Aragoiko noblerik ospetsuenak, gudaroste haren buru Luis Beaumont Leringo kondea, eta haren ondoan bere taldeko buruzagi eta armagizon guztiak. Gipuzkoar ugari ere haiengandik hurbil. Gainezka egindako ibai baten moduan Burundan zehar Iruñaraino iritsi ziren. Ezin aurre egin halako ejertzitoari, Erregeak infanteekin Bearnera ihes egin behar izan zuten tropen bila. Konkistatzaileek denbora gutxian Erreinuko bazter guztietara iritsi ziren, Nafarroako ikurrak kenduz eta Gaztelakoak betirako jarriz.
Izan ziren birkonkistatzeko hiru saiakera, errege destronatuen aldetik, baina hirurek porrot egin zuten. Azkenean bost mila gerlari nafar Noaingo zelaietan aurkitu zuten heriotza. Nafarroako azken erregeak Juan eta Katalina Bearnen hil ziren urte batzuk beranduago. Lescarren izan ziren lurperatuak, baina biek utzi zuten idatzita Nafarroak askatasuna berreskuratuko zuenean euren hezurrak Lescardik atera eta Iruñeako katedralean lurperatuta izatea.
“Gaztelu guztiak hauts bihurtuta, heriotza-zigorra berriro altxatu nahi zuenarentzat eta itxaropenik gabe, Nafarroa Gaztela erreinuaren beste zati bat bezala, betirako desagertu zen.”
Ilustrazioa: Juan Luis Landa
Soilik Ultrapuertos deritzon merinaldea jarraitu zen Nafarroa izaten Enrike IIren, azken erregeen semearen, eskuetan geratzean. 1530ean Enrike erregearen gudarosteek alde guztietatik mehatxatzen zutelarik, Pirinio mendiez haraindiko merinaldetik alde egitea erabaki zuen Karlos I, Espainiako enperadoreak. Huraxe zen Nafarroako seigarren merinaldea, Donibane Garazi hiribilduaren inguruko lurraldeak hartzen zituena. Lurralde hura defenditzeko behar ziren dirutzak kontuan hartuta, enperadoreari ez zitzaion axola izan Erreinu zaharra bitan zatitzea.
Nafarrak denborarekin egoera berria onartu behar izan zuten. Gaztelu guztiak hauts bihurtuta, heriotza-zigorra berriro altxatu nahi zuenarentzat eta itxaropenik gabe, Nafarroa Gaztela erreinuaren beste zati bat bezala, betirako desagertu zen.
Azken urte hauetan jende ugari ikusten da gure mendietan Nafarroako gaztelu zaharren azken hondakinak berriro azaleratzen, sasiak kentzen, lurrak baztertzen eta era batean, berriro bizitzara ekartzen. Horma zahar horiek mendeetan zehar erreinua babesteko altxatu ziren. Jende anonimo horiek ohorea egiten diete beraien lan ordainezinarekin. Gaztelu haiek zitalkeriaren bidez konkistatua izan zen erreinu baten azken sinboloak dira. Ez ditugu berriro zutik ikusiko, baina zutik jarraituko dute betirako gure oroimenean.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus