Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Pizkundeko lau emakume mitinlari

Elixabete GARMENDIA LASA

1933ko otsailaren 5ean Euskal Amari Omenaldia ospatu zen Bilboko Euskalduna frontoian. Lau mitinlarik hartu zuten hitza egun horretan: Haydée Agirrek, Polixene Trabuduak, Maria Teresa Zabalak eta Julene Urzelaik. Lehen aldia zen abertzaleen ekitaldi batean emakumezkoek soilik hitz egiten zutena.

Omenaldi hori egiteko proposamena Larrinagako kartzelatik atera zen. Han egon ziren atxilotuta hamabost egunez, 1933ko urtarrilean, Haydée Agirre eta Polixene Trabudua, Bizkaiko gobernadore zibila zen José María Amilibiaren aginduz. Bermeon egindako mitin batean independentziaren alde hitz egiteagatik isuna jarria zien gobernadoreak, hura ordaindu ez eta eraman zituzten preso. Ordurako ezagunak ziren bi mitinlarien atxilo aldiak elkartasun uholdea sortu zuen, eta haien ospea handitzea besterik ez zuen lortu gobernadoreak.

Emakumeak hasi berriak ziren arlo publikoan azaltzen. 1922an sortu zuten Bilbon Emakume Abertzale Batza, Euzko Gaztediren filial modura. Eli Gallastegi buruzagi jeltzale erradikala izan zen bultzatzailea, eta Irlandako emakume nazionalisten erakundea hartu zuten eredu modura. Propaganda, heziketa, ongintza, presoei lagundu eta militanteei adore ematea... lan arlo horiek zehaztu ziren Emakume Abertzale Batzako kideentzat. Emakumeen jardun publikoa sustatu nahi zen, baina beti ere familia oinarri hartuta; emakumeen aktibitate publikoa familian betetzen zuen paperaren hedapena zen. Emakumeak, horrela, aberriaren aldeko mugimenduari ekarpena egiten zion, baina hori ez zen politika; esparru hori gizonezkoena zen.

Laster gaindituko zuen errealitateak muga hori, hain zuzen ere Errepublikak emakumezkoen boto eskubidea aldarrikatu zuenean. Jeltzaleen artean izan ziren errezeloak, emakumeak ez ote zeuden prestatuta botoa emateko, ez ote ziren etsai bihurtuko hauteskundeetan... 1933an hiru deialdi garrantzitsu izan ziren: udal hauteskundeak udaberrian, Gorteetako diputatuenak azaroaren 19an, eta bi aste lehenago Estatutuaren plebiszitua. Hor, Euzko Alderdi Jeltzaleak bere indar guztiak jarri zituen, emakumeenak barne. Ordurako, emakumeak Alderdian sartzeko eskubidea onartu zuten jeltzaleek, eta areago, Emakume Abertzale Batzako taldeak Alderdian integratu eta horrela emakumeak afiliatu bihurtzen ziren.

Haydee Agirre, M. Teresa Zabala, Polixene Trabudua eta Julene Urzelai

Haydée Agirre, M. Teresa Zabala, Polixene Trabudua eta Julene Urzelai, Euskal Amari Omenaldian.
Argazkia: Artículos de Amama eta Crónicas de Amama liburuetatik.

Propagandarako garaia zen, propaganda idatzia eta ahozkoa. Hor gorpuztu zen mitinlarien taldea. Euskal Amaren Omenaldian parte hartu zutenez gain, Bizkaian Sorne Unzueta, Miren Nekane Legorburu eta Gloria Zubia; Gipuzkoan Mercedes Kareaga eta Miren Lazkano; Catalina Alastuey eta Julia Fernández Zabaleta Nafarroan; Carmen Sánchez Gamarra Araban... Hauetako batzuek luma ere erabiliko zuten prentsa abertzalean, Tene Mujikak eta Julene Azpeitiak bezala.

Zer esaten zuten emakume hauek? Ez dago mitin eta hitzaldietako grabaziorik, ezin entzun haien ahotsa. Idatziek ematen dizkigute arrastoak. Adibide bat, Polixene Trabuduaren “Soy revolucionaria” artikulua (Jagi-Jagi, 1934). Idatzi horretan Polixenek Ghandhiren bidea aldarrikatzen du, gaur egun desobedientzia zibila deitzen zaiona. Artean berria zen Gandhiren dotrina ezagutzeak garbi erakusten du Polixeneren irekitasuna.

Ama eta emazte izatetik haratago zihoazen poliki-poliki emakumeak. Mercedes Ugalde Solanok, Emakume Abertzale Batzari buruzko azterketan honela azaltzen du bilakaera hori:

“A pesar de esta identificación con su función maternal, en las emakumes propagandistas podía percibirse también, muy escondido y silenciado, un impulso a encontrar una autodefinición femenina más amplia que la hogareña, aunque sin renunciar a ésta, por muy contradictorio que pueda parecer”.

Bi puntutan aurkitzen du hori Mercedes Ugaldek. Batetik, emakumeei adimena lantzea gomendatzen zieten. Bestetik, beren askatasuna eta baita bizia ere arriskuan jartzeko prest azaltzen ziren emakume propagandista hauek.

Laster, 1936ko gerrarekin, iritsiko zen hori frogatzeko garaia.

Bada argazki bat, Butroeko gazteluan ateratakoa, eta bertan ageri dira hiru emakume, kaskoak buruan eta armak eskuan, milizianaz jantzita. Horien artean Haydée Agirre dagoela dio Polixene Trabuduak Artículos de Amama liburuan. Egia esateko, emakume horiek ez daude identifikatuta, eta argazkiak berak ere zalantzak sortzen ditu. Izan ere, jeltzaleen artean ez baitzen milizianarik egon, anarkisten artean egon ziren bezala. Argazkia, propagandarako egina dela pentsa daiteke. Fronteetan lehen lerroetan eta armekin ez, baina Francoren Altxamenduarekiko erresistentzian bete betean sartu ziren emakumeak.

Haydée Agirre (Santurtzi, 1907) Ertzaina igiletua edo motorizatuko kide izan zen, erizain gisa. Kontatzen zuenez, ertzainen larruzko zamarrarekin ibiltzen zen, eta pistolaren bat ere erabili ohi zuen. Haydée Agirreri, aita fusilatu egin zioten frankistek; Haydéeren susmoa zen beragatik, alaba mitinlariarengatik fusilatu zutela aita.

Polixene Trabudua, M. Teresa Zabala eta Haydee Agirre

Polixene Trabudua, M. Teresa Zabala eta Haydée Agirre Donibane Lohizunen, 80ko hamarkadan.
Argazkia: Artículos de Amama eta Crónicas de Amama liburuetatik.

Polixene Trabudua (Sondika, 1912) Donibane Garaziko Zitadelan aurkituko dugu 1937an, Jaurlaritzak gerrako haurrentzat antolatutako kolonian. Maistra zen eta hor jardun zuen irakasle gisa, Sondikako ikastolan hasitako bidea jarraituz. Donibane Garazira iritsi zenerako hiru seme-alaba zeuzkan Polixenek, eta Santanderretik Frantzian barrena ibilia zen ihesian. Izan ere, mezu oso argiak iritsi zitzaizkion nazionalen eskuetan eroriz gero jaso zezakeen tratuaz.

Maria Teresa Zabala (Bilbo, 1911) moja sartu zen gerra hasi aurretik, Berrizko mertzedarietan. Horrek salbatu zuen erbesteratzetik, izan ere, aitak eta ahizpa batek Iparraldean eta Frantzian pasatu behar izan zuten gerra garaia. Osaba bat, Ramon Azkue, Euzko Gudarosteko buruzagia, fusilatu egin zioten.

Julene Urzelaik (Azkoitia, 1912) familia osoarekin herritik ihes egin, Gernikako bonbardaketaren lekuko izan, eta Eresoinkan aurkitu zuen aterpea. Jaurlaritzak euskal kausaren alde propaganda egiteko sortu zuen musikari eta dantzari talde hartako kide izan zen Urzelai, Haydée Agirre bezala.

Gerraren erdian, tarteka gurutzatu ziren emakume hauen ibilbideak. Jaurlaritzak Miarritze eta Bidart artean antolatu zuen La Roseraie erietxean, Haydée Agirre erizain izan zen eta Polixene Trabuduak laugarren umea erditu zuen. Parisen eta Frantziako beste toki batzuetan ere topo egin zuten geroztik, baina urteak aurrera joan ahala, bakoitzaren bideak bereizten joan ziren.

Haydée Agirre, gerra ostean, estraperloa egiten ibili zen erresistentziarako dirua ateratzeko. Madrilen atxilotu eta emakume hura nor zen jabetuta, libre utzi zuen polizia batek, lehenbailehen alde egiteko aginduarekin. Azkenean Andorran kokatu zen Haydée, eta antikuario bateko arduradun gisa eman zituen han hogeita hamar urte.

Izan ere, erbestea izan zuten irtenbide bakarra emakume mitinlariek. Tere Zabalak misiolari gisa, Colombian, Bihotz Sakratuaren ordenako mojekin, Bogotáko ikastetxe batean irakasle. Julene Urzelai Venezuelara joan zen 1940an; Radio Euzkadi erresistentziako irratian esatari izan zen han. Venezuelarako bidea hartu zuen Polixenek ere, 50eko hamarkadan; Caracaseko eta Maracaiboko ikastetxe ezberdinetan irakasle izan zen; ikastetxerik bereziena, Maracaiboko Sabaneta kartzela, gaizkile handi modura kondenatuta zeudenak baitzituen ikasle.

Polixene eta Haydée Larrinagako kartzelan.
Argazkia: Artículos de Amama eta Crónicas de Amama liburuetatik.

Lau emakume hauetatik bik bakarrik, Haydéek eta Polixenek, lortu zuten Euskal Herriratzea azken urteak emateko. Urzelai Caracasen hil zen 1983an, eta Tere Zabala Bogotán 1988an, hona itzultzeko txartela hartuta zeukala.

Haydée Bilboko zahar etxe batean jarri zen bizitzen 80ko hamarkadaren bukaera aldera, eta han hil zen 1998an. Polixenek Zeberion pasatu zituen azken urteak, bere seme Unairekin batera, harik eta 2004an hil zen arte.

Ia azkenera arte idazten jarraitu zuen Polixenek, eta horren emaitza dira argitaratutako bi liburuak, Artículos de Amama eta Crónicas de Amama. Lehenengoan Maracaiboko Panorama aldizkarian eta Deia egunkarian kaleratutako artikuluak biltzen ditu; bigarrenean, Venezuelara joan bitarteko memoriak kontatzen ditu. Bi liburu hauen bidez jarraitu daitezke Polixeneren ibilera eta bizipenak ez ezik, bere bilakaera ideologiaren aldetik.

Emakume Abertzale Batza 1936ko gerrarekin desagertu zen. Hogei mila bazkide izatera iritsi zen erakundea birrinduta geratu zen. Emakume batzuek zuzenean sufritu zuten errepresioa: ilea moztu eta paseoak herrietan, garbiketak lanbide publikoetan —maistra, telefonista eta abarren gain—, desterruak, erbestea... Eta denek isilpean gorde behar izan zituzten beren ideiak eta sinesmenak, ikurrak bezalaxe. Abertzaletasunaren Museoan daude orain bilduta berrogei urtez ezkutuan edukitako zenbait herritako banderak, bi hamarkadetan zehar garatutako mugimendu haren lekuko. Euskal Herriko emakumeen zati garrantzitsu bat politikan sartzea bideratu zuen mugimendua.

Erreferentziak

UGALDE SOLANO, Mercedes: Mujeres y nacionalismo vasco, Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza. 1906-1936. EHUko Argitarapen Zerbitzua. Bilbo, 1993.

TRABUDUA, Polixene: Artículos de Amama. Sabino Arana Kultur Elkargoa. Bilbo, 1991.

TRABUDUA, Polixene: Crónicas de Amama. Sabino Arana Kultur Elkargoa eta Emakunde. Bilbo, 1997.

EUZKITZE, Xabier: Julene Urzelai Aramendi, 1912-1983. Bidegileak saila, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz, 2008.

GARMENDIA, Elixabete: Polixene Trabudua (1912). Bidegileak saila, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz, 2001.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia