Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Arrasaten bada denda bat, “Karrikiri” izenarekin ezagututakoa, XIX. mendearen lehen erdialdetik irekita dagoena. Oraingoarekin sei belaunaldi dira dendaren ardura izan dutenak, Florentzio Karrikiri aramaioarrak ekin zionetik.
Ehun eta hirurogei urtek gauza askotarako ematen dute eta, batez ere, jendea ezagutzeko. Hori bera gertatu zaie “Karrikiri”ren jabeei eta denda hartatik denetariko pertsonaiak pasatu dira, batzuek behin bakarrik egin dutelarik eta beste askok bertako giroa sarritan gozatu dutenak. Horietako bat daukagu Pablo Uranga margolaria.
Lehen jabearen ondoren, alaba Bartolomak hartu zuen dendaren lema. Lana gogor egin bide zuen, oso emakume ausart eta zorrotza baitzen negozioetarako, ahozko lekukotasunari esker oraindik ere sendikoek gogoratzen dutenez. Arrasateko goi mailako sendi bateko kide batekin ezkondu zen Bartoloma, Gaspar Resustarekin eta horrek bere lagun eta ezagunen zirkulua hedatzeko aukera eman zion.
Bartoloma Karrikiri Salas eta Jesukristo gurutzean erretratatu zituen Urangak.
Gertatu zen 1898an Arrasatera apaiz bat heldu zela Elgetatik, Fernando Uranga, urte batzuk lehenago Pablo bere ilobaren kargu egin zena. Uranga Arrasateko San Frantzisko elizaren eta Ospitalaren kaperau izendatu zutenetik Pablok —ordurako 37 urteko artista ospetsua— denboraldiak ematen zituen osabarekin. Eta egonaldi haietan adiskidantza egin zuen Resusta Karrikiri sendiarekin. Orduak ematen zituen solasean Bartolomaren etxean margolariak, garai hartako gizartean ohi zen modu lasai eta patxadatsuz. Eta horren lekukotasuna utzi zuen pintoreak, bi koadrotan.
Lehenean hirurogei urteko Bartoloma Karrikiri Salas bera erretratatu zuen Urangak, eta bigarrenean —dendako salgaien arteko xaboi kutxa baten oholean— Jesukristo gurutzean margotu zuen, ondoko eskaintza honekin: “A mis queridos amigos resustas. Obra hecha en una hora”. Azken honetan data ere agertzen da: 1899. Nik dakidanez, bi obra hauek ez daude katalogatuta Pablo Urangaren obran.
Bere eskuz idatzitako aurreko eskaintza hori dela-eta, badirudi ziztu bizian aritzen zela Uranga pintzelak eskuan hartzen zituenean. Arrasateko eliz nagusiko horma irudiak 1913an margotu zituenean ere, diotenez, pare bat egunetan burutu zuen enkargua.
Pablo Uranga-Arrasate binomioari buruz gehiago jakin nahi duenak jo beza: http://www.euskonews.com/0287zbk/gaia28701eu.html
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria