EAEko telebistagintzaren digitalizazioa: Hamaika Telebistaren sorrera

Amaia NEREKAN UMARAN, UPV/EHUko irakaslea

Lagundu

Sarrera:

Digitalizazioa izan da, zalantzarik gabe, telebistagintzak azken urteetan jasan duen aldaketarik garrantzitsuena. Digitalizazio prozesuak telebista deitu izan dugunaren birdefinizioa ekarri du. Telebista seinalea igortzeko eta hartzeko teknologia aldaketa honek estatu, autonomia eta toki mailako telebistagintzaren berrantolaketa eragin du. Digitalizazioak Euskal Herriko tokiko telebisten mapan ekarri dituen aldaketen artean, talde berri baten agerpena dago: Hamaika Telebista, euskara hutsez emititzen duten tokiko telebistak martxan jartzea helburu duen proiektua. Esparru ezberdinetako enpresek osatzen duten komunikazio talde berria. Itxuraz inolako harremanik ez duten, are gehiago, euren artean lehian dabiltzan enpresak elkarlanean jartzen duen taldea.

Euskararen alde egiten duen egitasmo honetarako zeharo diferenteak diren bazkideak bildu dira, guztira, sei eragile: Euskarazko Komunikazio Taldea (Berria eta Hitza), Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea (Gara eta Le Journal), Corporacion Multimedia del Norte (Deia eta Noticias egunkariak), Euskaltel, Elkar eta Bainet ekoiztetxea. Hamaikaren kasu azterketak errealitate orokorragoak ulertzen laguntzen gaitu, besteak beste, nola digitalizazioa, aldaketa tekniko bat baino haratago, komunikazio egituretan eraldaketak dakartzan fenomenoa den.

1. Telebista digitalaren egitura

Digitalizazio garaia heldu zenean, hankaz gora zegoen panorama lokala erregulatzeko aukera izan zen. Baina, digitalizazioa aldaketa teknologiko soila baino haratago, interes ekonomiko eta politikoen arabera erregulatutako prozesua izan da, komunikazio egituretan aldaketa esanguratsuak eragin dituena. Oro har, alderdi politiko ezberdinek euren inguruko agenteak lizentziak eskuratzea ahalbidetu dute. Estatu mailako talde indartsuen presioari men eginez, talde horiek izan dira toki, autonomi eta estatu mailan lizentzia gehienak eskuratu dituztenak. Komunikabideak botere harremanekin estuki lotuta daudela argi geratu da beraz lizentzien esleipen prozesu desberdinetan. Ofizialki aniztasuna izan arren hainbat lizentzia banatzerakoan kontuan hartu beharreko irizpidea, errealitateak erakutsi du, funtsean, unean uneko gobernuaren aldeko talde mediatikoei eskainitako kontzesioak izan direla.

Horrela beraz, digitalizazio prozesuan gobernu ezberdinek hartutako erabakiek eta onartutako arauek mapa komunikatibo digitalaren osaeran eragin handia izan dute. Izan ere, telebista digitalaren egitura ez da neutroa, interes ezberdinen esanetara eraikitako mapa baizik. Hala izanik, zein izan da orduan Eusko Jaurlaritzaren planteamendua EAEko telebistagintza digitala erregulatzerakoan?

2. EAEko telebista digitalaren diseinua1

Teknikoki, autonomia mailan 8 telebista martxan jartzeko aukera egon arren, Eusko Jaurlaritzak multiplex bakarra erabiltzearen aldeko apostua egin du, 4 programak ETBri eskainiz, beste multiplexaren erabilera, sine die atzeratzea erabaki duen bitartean. ETBko garai horretako zuzendaritzaren nahiak jarraitu zituen, neurri handi batean, Eusko Jaurlaritzak, ETB lehia komertzialetik aldenduz eta telebista autonomikoa ETBren babes eremu gisa mantenduz. Agente pribatuek beraz, esparru lokalean aritzea izan zuten aukera bakarra. Gainera, maila lokalean, Donostiko Udalak soilik tokiko telebista digitala kudeatzeko lizentzia eskuratzeko interesa izan zuenez, Eusko jaurlaritzak berez legeak udalentzat aurreikusitako gainerako telebista-kanalak kudeaketa pribatuari eskaintzea erabaki zuen. Gauzak horrela, EAEko telebistagintza digitalaren argazkia honakoa da: telebista autonomikoa, publikoa, ETBren babes eremua eta tokikoa aldiz, pribatua, Donostiako Udalarentzat erreserbatutako kanala salbuespena izanik.

Cortesía Fundación Museo Oteiza

Iturria: autoreak egindako grafikoa.

3. Tokiko lizentzien banaketa

Paradoxikoa da maila autonomikoan beste lau telebista martxan jartzeko aukera hori existitzea, ondoren maila lokalean gertatu dena ikusita; lizentzia gehienak, ia %95a, lau komunikazio talderen artean banatu direla ikusita. Jada aro analogikoan zeuden Prisa, Vocento eta Local Mediaren artean, eta panorama digital honetan agertzen den Hamaika Telebistaren artean. Paradoxikoa da halaber, horrenbeste lizentziak eskuratuta, talde horiek EAE osoan presentzia izatea, barruti guzti-guztietan, tokiko telebistak izan arren, euren estaldura, nolabait, autonomia mailakoa izanik.

1. Taula: Barrutien araberako LTD lokalaren emakidadun pribatuen banaketa

  Prisa Hamaika Local Media Vocento Tele 7 Euve
Laudio 1 1 1 1    
Gasteiz 1 1   1   1
Beasain 1 1 1 1    
Eibar 1 1 1 1    
Arrasate 1 1 1 1    
Donostia 1 1   1    
Tolosa 1 1 1 1    
Zarautz 1 1 1 1    
Irun 1 1 1 1    
Barakaldo 1 1 1   1  
Bermeo 1 1 1 1    
Bilbo 1 1 1 1    
Durango 1 1 1 1    
Getxo 1 1 1   1  
Mungia 1 1 1      
Guztira 15 15 13 12 2 1

Iturria: Guimeráren ikerlana (2011) oinarri hartuta, autoreak egindako taula.

4. Hamaika Telebistaren jaiotza: 190/2006 Dekretua

EAEko telebistagintza digitalean zeudenak daude, oro har, aro analogikoaren jarraipena baita; salbuespen batekin: Hamaika Telebistaren agerpena. Baina, nobedade bakar hori, Hamaika Telebista, ez da ezerezetik sortzen, Hamaika Telebistaren jaiotza Eusko Jaurlaritzak EAEko tokiko telebistagintza digitala arautzerakoan egindako diseinuaren baitan ulertu behar da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak digitalizazioarekin, emisio esparru zabalagoko eta gaztelania hutsezko telebista-eskaintzaren gorakada handia etorriko zela aurreikusiz, tokiko telebistari oreka mantentzeko eginkizuna ematea erabaki zuen, euskarazko tokiko telebisten sorkuntza lehenetsiz. Horrela, tokiko telebista digitalen betebeharrak ezartzen zituen 190/2006 Dekretuan, euskararen erabilera saritu zen. Hala, kuota-sistema ezartzeaz gain2, lizentziak lortzeari begira, euskara puntu kopuru handiena lortzeko aukera ematen zuen irizpidea izan zen. Guztira, 500 puntu lortzeko aukera zegoen, horietatik, 110, hau da, %22a, euskara hutsez emititzeagatik lortu zitezkeen. Horrek Hamaika Telebistak eskatutako lizentzia guztiak lortzea ahalbidetu zuen. Nahiz eta argitu beharra dagoen, Hamaika Telebistako eragileen nahia, jatorrian, ez zela esparru lokalean aritzea eta horrenbeste tokiko telebista martxan jartzea. Eurek aukera izanez gero, autonomia mailako euskarazko telebista bakarra sortzeko asmoa zuten, baina, esan bezala, Eusko Jaurlaritzak aukera hori ez zabaltzea erabaki zuenez, tokiko esparruan aritzea izan zen aurkitu zuten zirrikitu bakarra (Uria, 2010).

Egitasmoa berriaren eragileen xedea barruti bakoitzean euskara hutsez emitituko zuen telebista bat egongo zela bermatzea zen. Baina, aro analogikoan, jadanik, euskara hutsezko tokiko telebista batzuk baziren. EAEn, zehazki bost, Tokiko Elkartearen barruan biltzen zirenak3: Oizmendi Telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, 28 Kanala eta Erlo Telebista, alegia. Hala, Hamaika Telebistak barruti horietara ez aurkeztea erabaki zuen, zeuden kanal horien lehia zuzena ez bihurtzeko, baina, euskarazko telebista lokal horiekin etorkizunean sarea sortzeko intentzio-akordioa sinatu zuen. Hortaz, aurreko taulan Hamaika Telebistak 15 lizentzia eskuratu zituela esaten dugunean, zuzenean 10 eta zeharka, Tokiko elkarteko telebistekin sinatutako intentzio-akordio horri esker, beste 5 lortu zituela argitu beharra dago.

5. Hamaika Telebistaren jarduera

Hamaika Telebistaren jarduera aztertuta, eragileek hasiera batean aurreikusi zuten hedapen-plana beteezina dela baiezta dezakegu. Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak ez du hamaika telebista sortu, hamaikaren zentzu mugagabea aintzat hartuz. Orain dela 5 urte, 2007an, zuzenean, hamar lizentzia eskuratu zituen, hortaz, hamar kanal martxan jarri beharko lituzke; baina, errealitatea oso bestelakoa da, momentuz, bi kanal besterik ez baititu sortu, Hamaika Bilbo eta Hamaika Donosti Telebista. Gainera, Donostiakoa telebista berri bat baino, lurralde-ordezkaritza gisa funtzionatzen du, Bilboko seinale bera emititzen baitu. Aurrekontu, finantzabide eta baliabide txikiak tartean, programazio-taula bakarra osotzea erabaki du Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak, kanal bietan aldi berean emititzen dena; programazioaren ardatza prime timean emititutako barne produkzioko informazio saioak eta berremisioak harturik.

Hamaika Telebista

Hamaika Telebistaren jaiotza Eusko Jaurlaritzak EAEko tokiko telebistagintza digitala arautzerakoan egindako diseinuaren baitan ulertu behar da.

6. Ondorioak

Egungo testuinguruan, Hamaika Telebistak ezinezkoa duenez bere hedapen plana betetzea, egitasmoa birplanteatu beharrean dago; telebista bakarra osatzeko joera sendotzen da, egoitza nagusi bat eta bigarren mailako beste batzuk sortuz.

Baina, Hamaikarena ez da kasu isolatua, gainerako komunikazio taldeak ere berdin egiten ari dira, tokikotasunaren kalterako; telebista bat edo bi sortu eta esleitutako gainerako barrutietan seinale hori zabaldu. Agerian geratzen da horrenbeste tokiko telebista martxan jartzea aurreikusten zuen plangintza ez dela bideragarria, are gutxiago, digitalizazioarekin, estatu mailako kanal kopurua ere horrenbeste biderkatu denean, ez baitago telebista guzti horientzat lekurik, merkaturik, eta ziur aski, beharrik ere. Gainera, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen arloan garatu eta onartutako azken arauek, 7/2010 Lege Orokorra eta 231/2011 Dekretua, ez dirudi egoera hori konponduko dutenik. Kontrakoa, talde handien mesedetan egindakoak dira eta kontzentrazioa eta pribatizazioa areagotzen dute.

Zehazki, EAEko telebistagintzan eragin zuzena duen 231/2011 Dekretua, Patxi Lópezen gobernu lantaldeak onartutakoa4, EAEko ikus-entzunezko sistema arautzen saiatzen da. Dekretu honen filosofia Ibarretxeren agintaldian egindako lanetik zeharo urruntzen da; are gehiago, aipatutako 190/2006 Dekretua indargabetzen du, eta horrekin batera, bertan ezarritako edukien gaineko gutxienekoak eta euskara-kuotak. Izan ere, 190/2006 Dekretu hori gotortu gabe utzi zuten, euskal ikus-entzunezko lege orokor eta kontseiluaren faltan.

231/2011 Dekretu berri honek, aurrekoak bezala, lizentziak lortzeko bete beharreko baldintzak ezartzen ditu. Baina, kasu honetan, euskaraz aritzeak ez du lehentasunik, kontrakoa, lizentziak lortzeari begira meritua besterik ez da (ez betebeharra) eta merituen artean gainera, azkena. Beraz, EAEko errealitate soziolingustiko anitza kontuan hartzen ez duen araua dugu, gehien bat, alderdi ekonomikoak lehenesten dituena, euskararen eta hedabide txiki, alternatibo eta komunitarioen kalterako. Gainera, hainbat aldiz aldarrikatutako ikus-entzunezko kontseiluaren sorkuntzaren gainean ez du ezer adierazten. Hortaz, tokian tokiko komunikabideak eta euskaraz aritzen direnak berriro ere babesgabe geratzen dira merkatuaren nahietara, ikus-entzunezko merkatuaren ikuspegi liberala gailendu baita berriro ere.

Gauzak horrela, ikuspegi zabalagoa izatea beharrezkoa da, eta alderdikeriak alde batera lagata, gertuko komunikabideen garrantzi soziala legitimatzen duen marko legal orokorra definitu beharra dago, euskarak bere normalizaziorako bidean beharko lukeen lekua eskainiz. Era berean, araudi horretan ezarritakoa aurrera egingo duenaren bermerako erakunde independentea sortzea ere funtsezkoa da; tokiko hedabideak euskal komunitate kulturalaren garapen eta biziraupenerako tresna eraginkorrak bilakatu daitezen. Izan ere, euskararen legeak eta ETBk berak 30 urte betetzen dituen urte honetan, harrigarria da Euskal Autonomia Erkidegoan euskal ikus-entzunezko komunikazio-sistema erregulatzen duen lege orokor bat ez existitzea.

7. Bibliografia

. 190/2006 DEKRETUA, lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua arautzen duena (EHAA, 202 zbk., 2006ko urriak 23, 20409-20435 or.).

. ALTUNA, Gorka (2010). Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko Administrazio Kontseiluan EKHEko ordezkaria. Sakoneko elkarrizketa. Bilbo, uztailaren 8an.

. ALZAGA, Iñaki (2010). Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko Administrazio Kontseiluan CMNko ordezkaria. Sakoneko elkarrizketa. Bilbo, ekainaren 25ean.

. AMEZAGA, Josu; ARANA, Edorta (2008). Telebistagintzaren digitalizazioa eta euskara. Soziolinguistika, 68. zbk., 37-49 or.

. AMEZAGA, Josu; ARANA, Edorta; eta AZPILLAGA, Patxi (2010). Euskarazko hedabideak. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.

. ARANA, Edorta; AZPILLAGA, Patxi; eta NARBAIZA, Bea (2003d). Telebista lokalen panorama Hego Euskal Herrian. Zer, 15. zbk., 81-98 or.

. ARANGUREN, Asier (1999). Euskarazko komunikabide lokalak Euskal Herrian. Doktorego tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea.

. ASTORKIZA, Mikel (2010). Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko Administrazio Kontseiluan Euskalteleko ordezkaria. Sakoneko elkarrizketa. Derio, ekainaren 25ean.

. AZURMENDI, Ana (2011). Derecho de la comunicación. Bartzelona: Editorial Bosch.

. BADILLO, Ángel (2003). La desregulación de la televisión local en España: el caso de Castilla y León. Doktorego tesia. Universitat Autónoma de Barcelona.

. BUSTAMANTE, Enrique (2008). La televisión digital terrestre en España. Por un sistema televisivo de futuro acorde con una democracia de calidad. Madril: Fundación Alternativas.

. CONSELL DE L’AUDIOVISUAL DE CATALUNYA (2010). Diagnóstico de la televisión digital terrestre local en Cataluña (septiembre-octubre 2009). Quaderns del CAC, XIII (2) bol., 35.zbk., 53-61 or.

. COROMINAS, María; BONET, Montse; FERNÁNDEZ ALONSO, Isabel; GUIMERÀ, Josep Àngel; SANMARTÍN, Julián y BLASCO GIL, José Joaquín (2007). Televisión digital terrestre local (TDT-L) en España: los concesionarios privados. Zer, 22. zbk., 69- 95 or.

. GÓMEZ RUBIO, Leire (2010). Análisis prospectivo de un modelo de proximidad: la televisión local en la Comunidad Autónoma Vasca ante la llegada de la TDT. Doktorego tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea.

. GUIMERÀ, Josep Àngel (2011). Políticas de TDT y configuración del mapa televisivo autonómico digital en la Comunidad Autónoma Vasca. Zer, 31. zbk., 13-30 or.

. LANDA, Juanjo (2010). Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko Administrazio Kontseiluan Bainet ekoizpen etxeko ordezkaria. Sakoneko elkarrizketa. Aian (Gipuzkoa), uztailaren 15ean.

. LARRARTE, Joanmari (2010). Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko Administrazio Kontseiluan EKTko ordezkaria. Sakoneko elkarrizketa. Andoainen, ekainaren 23an.

. MARZAL, Javier eta CASERO, Andreu (2009). Las políticas de comunicación ante la implantación de la TDT en España: balance crítico y retos pendientes. Sphera Publica, 9. zbk., 95-113 or.

. ORTEGA MOHEDANO, Félix (2009). La televisión de proximidad en España. Procesos concesionales, análisis de la población y PIB. Revista Latina de Comunicación Social, 64. zbk., 385-601 or.

. PÉREZ DASILVA, J.A. y SANTOS DIEZ, M.T. (2010). La televisión local en el País Vasco. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.

. PRADO, Emili (2005). La televisión local entre el limbo regulatorio y la esperanza digital. Madrid: Fundación Alternativas.

. REGUERO I JIMÉNEZ, Núria eta SANMARTIN NAVARRO, Julián (2009). La regulación de los medios audiovisuales de proximidad ante la digitalización en España, antecedentes y prespectivas. Revista Latina de Comunicación Social, 64. zbk., 437-443 or.

. SORS, Joxemari (2010). Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko Administrazio Kontseiluko Elkar taldeko ordezkaria. Sakoneko elkarrizketa. Donostia, uztailaren 9an.

. URIA, Iñaki (2010). Hamaika Telebistako Zuzendari Nagusia. Sakoneko elkarrizketa. Andoain, ekainaren 23an.

. ZALLO, Ramón (2011). Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna E.H.U.n eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kontseilaria 2002-2009 urteren artean. Sakoneko elkarrizketa. Leioa, ekainaren 28an.

. ZALLO, Ramón (2012). Estructuras de la comunicación y de la cultura. Políticas para la era digital. Barcelona: Editorial Gedisa.

. ZENBAIT EGILE (2012). Manifiesto por el cambio cultural y comunicativo. Ullepic (Asociación de docentes e investigadores de la comunicación), on line: (kontsulta: 2011-09-05).

1 Ondoren azaltzen den diseinua Juan José Ibarretxe lehendakaritzan zegoenean garatu zen. Ibarretxe 1999-2009 bitartean lehendakari izan zen, hiru legealdi, beraz, bete zituen.

2 Udalek kudeatutako tokiko telebisten programazioaren %50a gutxienez, euskaraz izan beharko da. Subjektu pribatuek kudeatutako telebisten kasuan, berriz, programazioaren %20a. Ehuneko hori gainditzen duten barrutietan, berriz, elebidun-indizearen baliokidea den euskarazko programazioa eskaini beharko da.

3 Tokiko Elkartea 2004an sortu zen eta bertan euskara hutsez emititzen duten tokiko telebista ezberdinak biltzen dira.

4 PSEk lehendakaritza bereganatu zuen 2009ko hauteskundeak geroztik, PPrekin egindako akordioari esker.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia