Joana III.a Nafarroakoa, Nafarroa Beherako erregina eta Labriteko dukesa

AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA

Lagundu

Emakumeak Euskal Herriko historian

Nafarroako Henrike II.aren eta Angulemako Margaritaren alaba. Ama Frantziako Frantzisko I.a erregearen arreba zen. Paueko gazteluan jaio zen, 1528an.

Joana III.a Nafarroakoa

Joana III.a Nafarroakoa.

Gurasoengatik Pirinioen iparraldean zeuden nafar lurraldeak oinordekotzan hartu zituen, eta Labriteko dukerriarekin batera, beste eremu hauek ere: Tartas eta Maremne bizkonderriak, Dax inguruetan; Casteljaloux eta Aillas bizkonderria, Bazas eskualdean; Nerac, Condom eskualdean eta beste Frantziako erregeari feudoa ordaindu behar zizkioneko beste lur batzuk.

Nerabezarora arte, Joana Frantzisko I.a erregearen (beraren osaba) ardurapean egon zen. Longray-ko jauregian, Bloisen, eta Alençoneko jauregian igaro zuen haurtzaroa, eta nerabezaroa, berriz, Plessis-les-Tourseko gazteluan, Turenan. Nafarroako monarkiarentzat Joanaren ezkontza oso garrantzitsua zenez, frantses erregeak gaztelu horretan sartuta mantendu zuen, presoa bailitzan. Nafarroa Gaztelaren une hartan Gaztelaren mende zegoen, Fernando “Katolikoak” bidalitako tropek erresuma konkistatu baitzuten, 1512an.

Haren ama prestakuntza emateaz arduratu zen, eta Nicolas Bourbon poeta eta pedagogoaren esku utzi zituen heziketa-lanak. Egile batzuen ustez, irakasle horren irakaskuntzen eraginez, Joanak katolizismo dogmatikoarekin urrundu zen.

Ezkontzak

Frantzisko I.a Frantziako erregea eta Karlos V. enperadorea aurrez aurre zeuden, Europako hegemonia zela eta. Horrela, bakoitzak bere hautagaia aurkeztu zuen Joanarekin ezkontzeko, oraindik haur bat besterik ez zenean: Frantziako erregeak Guillaume Cleveseko dukearekin ezkondu nahi zuen, eta Karlos enperadoreak, berriz, Felipe printzearekin, Felipe II.a izango zenarekin.

Joanaren gurasoek (Henrike eta Margarita) azkeneko hautagaiaren alde zeuden. Izan ere, Felipe goragoko maila batekoa zen, eta, gainera, ezkontza horren bidez, Nafarroako auziarekin amai zitekeen. Azkenean, Frantzisko I.ak Cleveseko dukearekin ezkontzea lortu zuen, eta ezkontza Joanak hamabi urte zituenean ospatu zen, idatzizko protesta egin bazuen ere.

Bestalde, Henrike II.ak bere alaba Feliperekin (Portugalgo Maria bere lehengusinaren alargun gelditu zena) ezkontzeko ahaleginekin jarraitu zuen. Asmoa are gehiago sendotu zen, 1545eko urriaren 12an Pablo III.a Aita Santuak Joanaren ezkontza baliogabetu zuenean. Karlos V. enperadorea ere ezkontza horren alde zegoen, uste baitzuen lagungarria izan zitekeela haren aitona Fernandok Nafarroa Gaztelari atxiki izanaren eztabaidarekin amaitzeko.

Frantzisko I.a 1547an hil zenean, Nafarroako erregeen eta enperadorearen arteko negoziazioei bidea ireki zitzaien; baina Frantziako monarkaren tronuaren oinordekoak (Henrike II.a) ere Joana ezkontzeko proiektuak zituen. Margarita eta Henrike harreman diplomatikoetan ibili baziren ere, ezin izan zuten saihestu Frantziako erregeak Joanari ezkongai berria ezartzea, eta, beraz, 1548an Borboiko Antoniorekin, Vendôme-ko dukearekin, ezkondu zen Moulinsen. Dukerriaz gain, senarrak Marle, La Fere eta Soissons konderriak eman zituen. Bi familien arteko ezkontzarekin, borbondarren zitori horiak Nafarroako armarrian sartu zituzten, eta horren bitartez, Frantziako armarrian ere erantsi ziren, eta, geroago, Espainiakoan.

1551n, izan zuten lehenengo semea, Henrike, bi urterekin hil zena. Bigarren haurdunaldian, Nafarroako Henrikek alabari umea Pauen izan zezala agindu zion, eta, 1553an, Henrike jaio zen, etorkizunean Nafarroako eta Frantziako erregea izango zena.

Joanaren erregealdia

Ortheze. Joana III.aren etxea

Ortheze. Joana III.aren etxea.

Nafarroako Henrike II.a 1555ean hil zen, eta Joanak oinordekotzan hartu zituen Ultrapuertos, Zuberoa, Bearno, Labrit, Armagnac eta Foix nafar lurraldeak, besteak beste. 1549an, Bearno eta Nafarroan zituen lurrak bisitatu zituen lehenengo aldian, pozez hartu zuten herritarrek, eta aita hiltzean, Joana III.aren agindupean geratu ziren.

Joanak izugarrizko ahaleginak egin behar izan zituen erresuma mantentzeko, Frantziaren eta Espainiaren asmoen aurrean. 1560an, erregina erlijio katolikoari uko egin, eta kalbinismora aldatu zen. Horrela, inguruko erresumek erlijioaz baliatu ziren erresumako gaietan sudurra sartzeko. Horrez gain, erreginaren mendekoen artean haustura erlijiosoa gertatu zen, eta horrek agaramontarren eta beaumondarren oinordeko ziren nobleen bandoen arteko banaketa areagotu zuen.

1562an, Antonio Borboikoa errege-ezkontidea hil zen, eta urte horretan piztu zen lehenengo Erlijio Gerra Frantzian (1562-1563). Erreginak sinesmen kalbinistei eutsi zien, eta mendekoen artean doktrina berria zabaltzeko asmoz, Joannes Leizarragari Itun Berria euskaratzeko eskatu zion. 1571ean argitaratu zen La Rochellen, kalbinisten gotorleku garrantzitsu zena.

Garai hartan, katolikoak Labriteko Piarresen (Comminges-eko gotzaina) aldera hurbildu, eta Joanak beraren asmoak atzera bota zitzan ahalegindu ziren. Aitzitik, Labriteko Piarresek bazekien erreginak izaera irmoa zuela. Are gehiago, gainontzeko europar subiranoek beren lurraldeetan erlijio ofiziala finkatzen hasi ziren heinean, Joanak kalbinismoa ezarri zuen bere mendeko lurretan. Frantziako bigarren erlijio gerra berehala piztu zen (1567-1568), eta haren semeak, Henrikek, hirugarren gerran parte hartu zuen, higanoteen bandoan.

1572an, Joanak ezkontza hitzartu zuen bere semearen eta Valois-eko Margaritaren artean (Frantziako Karlos IX.aren arreba, “Margot erregina” izenez ezaguna). Joana Parisen hil zen urte hartako udan, eta haren semeak, Nafarroako Henrike III.ak, hartu zuen oinordetza. Amak ez bezala, erlijio kalbinistari uko egin zion, eta katoliko bihurtu zen Frantziako erresumaren tronua lortzeko, Henrike IV.a izenarekin gobernatuko zuena (1589-1610).

[+] Informazio gehiago

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia