Euskal literatura itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpenen azterketa

Elizabete MANTEROLA AGIRREZABALAGA

Lagundu

Tesiaren izenburua: Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa.
Tesi zuzendaria: Ibon Uribarri Zenekorta
Saila: Ingeles eta aleman filologiak eta itzulpengintza eta interpretazioa. Letren Fakultatea

Euskaratik beste hizkuntza batzuetarako itzulpena asko ari da zabaltzen azken urteetan literaturaren alorrean. Gero eta gehiago dira euskaratik beste hainbat hizkuntzatarako bidea egiten duten idazleak eta liburuak. Gure ikerketa-lanean jarduera horren azterketa sakona egin nahi izan dugu, eta bi helburu nagusi izan ditugu: batetik, euskaratik zer itzuli den aztertzea; bestetik, euskaratik nola, zein itzulpen bideren bitartez itzuli den aztertzea.

Lehenengo eta behin, ordea, euskal literatura zer den definitzea beharrezkoa izan zaigu, nozio hori ez baita berdin ulertzen beti. Euskal literatur sistemaren konplexutasuna nabarmena da, errealitate eleaniztun batean kokaturik baitago eta ez baitu osoki hizkuntza bakarrean funtzionatzen. Testuinguru horren ezagutza oinarrizkoa da itzulpenak zein egoeratan eta zein norabidetan sortzen diren ikusteko. Itzulpen ikasketen baitan kokatzen denez gure tesia, euskaraz idatziriko lanak hartu ditugu abiapuntu modura.

Euskarazko literatur lanen itzulpenari buruzko gogoeta egiterakoan, gogoan izan behar dugu hizkuntza gutxitu batean sorturiko lanez ari garela, eta hizkuntza nagusiago betekin kontaktuan dagoen literatura dela. Horrek nolabait baldintza dezake kanporako bidea.

Obabakoak

Euskaratik beste hizkuntza batzuetarako itzulpena asko ari da zabaltzen azken urteetan literaturaren alorrean.

Tesiaren lehen atalean Euskal literatura itzuliaren katalogoa (ELI katalogoa) deiturikoa osatu dugu (ikus www.ehu.es/ehg/eli). Euskaratik beste hizkuntzetara itzuli diren liburuen erreferentzia bibliografikoak bildu dira bertan. Datu-bilketa amaituta, jasotako informazioaren azterketa egin dugu, ikuspegi orokorra emate aldera: zein autore itzuli den gehien, zeintzuk izan diren gehien itzuliriko jatorrizko lanak, zein xede hizkuntzak jaso duen liburu gehien euskaratik, zein generotako liburuak kanporatu izan diren, eta abar. Askotariko ondorioak eskaini dizkigu azterketa horrek. Hasteko eta behin, orain gutxi arte beste hizkuntzetarako oso itzulpen gutxi izan dela ikusi dugu, euskarazko produkzioa nahiko urria izan baita. Euskaratiko itzulpenaren fenomenoak azken urteetan egin du gora. Bestalde, kanporatutako autore nagusia Bernardo Atxaga dugu, eta bere lanek itzulpen kopuru zabala izan dute xede hizkuntzetan. Atxagaren eta gainerako idazleen arteko aldea nabarmena da, eta horrek euskal literaturaren barne eta kanpo irudien arteko desoreka bat erakusten du. Xede hizkuntzei dagokienez, berriz, desoreka nabarmena ikus daiteke estatuko hizkuntzen eta estatutik kanpokoen artean. Gaztelania dugu xede hizkuntza nagusia, itzuli diren liburuen ia erdia hizkuntza horretara itzuli baita. Horrek garbi erakusten du bi hizkuntzen arteko harremana oso estua dela, kontaktuan dauden hizkuntzak izaki. Harreman estu horren ondorio modura, gainera, itzulpen mota ezberdinak topa daitezke: autoitzulpena, idazlea eta itzultzailearen artean eginiko itzulpena edo kanpo itzultzaile batek eginiko itzulpena. Gainerako xede hizkuntzen kasuan, bestalde, zuzeneko eta zeharkako itzulpenak topatu ditugu.

Literatur sistema diglosiko eta konplexua izaki, itzulpen bide ezberdinak identifikatu ditugu katalogoaren azterketan, eta bigarren urrats modura itzulpen motak aztertzea eta horien arteko alderaketa egitea izan dugu helburu. Horretarako, Bernardo Atxagaren lanak hartu ditugu aztergai. Batetik, itzulpen kopuru handiena bere lanen baitan biltzen delako, eta, bestetik, aipaturiko itzulpen bide guztiak biltzen zituen idazle bakarra zelako hautaketa egiterakoan.

Jatorrizko hamabi lan eta zortzi hizkuntza (euskara jatorrizko modura eta gaztelania, katalana, galegoa, frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera xede hizkuntza gisa) biltzen dituen corpus paralelo eleaniztuna osatu dugu Atxagaren lanekin. Horren bitartez, auto itzulpena, kolaborazioa eta kanpoko itzultzailearen lanaren arteko aldeak deskribatzen saiatu gara, baita zuzeneko eta zeharkako itzulpenen arteko alderaketa egiten ere. Izan ere, itzulpen mota bakoitzak emaitza ezberdina emango duela izan da gure hipotesi nagusia.

Lehenik eta behin, paratestuak aztertu ditugu, hau da, liburuen azaletan, kredituen orrietan, sarreretan, eta abarretan arakatu dugu itzulpenaren inguruko informazioa jasotzeko. Itzulpena aitortzen ote den ikusi nahi izan dugu batetik, eta itzulpena egiteko jarraitutako bidea argi erakusten ote den jakin bestetik. Horretaz gain, liburuez kanpotiko informazioa ere baliatu dugu itzulpen mota zehazteko. Datu horiek aztertuta ohartu gara liburuek ez dutela beti itzulpena aitortzen, edo ez dutela itzulpen motaren berri garbirik eskaintzen. Hainbatetan, euskarazko izenburua beharrean gaztelaniazkoa ageri da jatorrizko gisa, itzulpenerako erabili den hizkuntza zein den ez da zehazten beste batzuetan, edo zeharkakotasuna ezkutatzen da. Halakoak estatu mailako itzulpenetan dira ohikoen. Horrek argi erakusten du estatuko hizkuntzetarako eta estatuz haratagoko itzulpenek ezberdin jokatzen dutela. Itzulpen mota kasuz kasu identifikatzeko zailtasunek itzulpen politikari erreferentzia zuzena egiten diote.

Jarraian, maila makroestrukturalean aztertu ditugu testuak, hau da, liburuen izenburuei, kapitulu kopuruei eta paragrafo kopuruei erreparatu diegu, eta aurrez geneuzkan datuekin alderatu ditugu hemen lorturikoak.

Tesiaren azken fasean, berriz, testu mailako azterketa egin dugu, eta horretarako alderdi pragmatikotik eta alderdi semantikotik begiratu nahi izan diogu corpusari, bi elementutan oinarrituz gure azterketa. Lehenik eta behin, testuetan ageri diren izen bereziak bilatu ditugu, eta horiek nola itzuli diren ikusi dugu. Bigarrenik, koloreak hartu ditugu elementu semantiko gisa, eta horiek nola itzuli diren begiratu dugu corpusean.

Ikusi berri dugun moduan, atzera aurrerako bidaia bat izan da tesia, kiribil egituraren bitartez osatua. Aztertu dugun liburu bakoitza zein itzulpen bideren bitartez egin den jakitea ez da erraza izan, eta maila ezberdinetan egin behar izan dugu bilaketa, bai fase ezberdinetan eskuraturiko datuak berresteko edo ukatzeko, bai falta ziren datuak bilatzeko.

Bernardo Atxaga

“Kanporatutako autore nagusia Bernardo Atxaga dugu, eta bere lanek itzulpen kopuru zabala izan dute xede hizkuntzetan”.

Azterketa testualaren fase ezberdinek gure hipotesi orokorra baieztatu digute; hau da, hizkuntza pare bakoitzean arau ezberdinak daudela indarrean, eta alde handia dagoela gaztelaniarako itzulpenen eta gainerako hizkuntzetara eginiko itzulpenen artean. Egilea bera itzulpenaren parte izan da gaztelaniarako itzulpenetan neurri batean edo bestean. Itzulpen-estrategiei dagokienez, gainera, onargarritasunaren muturrera lerratu dira gaztelaniaratzaileak. Bestalde, gaztelania ez beste hizkuntzetara eginiko itzulpen gehienak zeharka egin dira, Bernardo Atxagaren lanen corpusaren azterketak erakutsi digunez. Xede hizkuntza horietarako itzultzaileek, gainera, gertutik jarraitu diote erabili duten iturri-testuari, izan euskarazkoa ala gaztelaniazkoa, eta egokitasunera jo dute gehienetan. Horrek guztiak galdera oso interesgarriak sortzen ditu testu bat eraldatzeko eskumenari buruz.

Azterketa testualak, bestalde, hasieran aurreikusi ez genuen itzulpen mota bat ere badela erakutsi digu: jatorrizko konpilatua darabilten itzulpenak. Hau da, itzultzaileak euskarazkoa zein gaztelaniazkoa izatea esku artean itzulpena egiterakoan. Halako kasuak aztertzea interesgarria izan daiteke etorkizunean, itzultzailearen estrategiak ezagutzeko eta bi testuen erabilpen maila zenbatekoa den ikusteko, eta baita iturri-testu bat ala bestea itzultzeko erabakia nork hartzen duen hausnartzeko ere.

Bestalde, gaztelaniarako itzulpenei dagokienez, ezin izan dugu autoitzulpena, kolaborazioa eta besteren itzulpenaren arteko alderaketa sakonik egin, Atxagaren kasuan, idazlea bera beti kokatu baita gaztelaniaratze prozesuaren barruan.

Tesiak agerian utzi du euskal literatur sistemaren izaera diglosiko eta ez osoak guztiz baldintzatzen duela literatura horrek beste hizkuntza batzuetan hartuko duen forma eta irudia. Kultur produktu modura ulertzen baditugu itzulpenak, maila testualean agertzen diren moldaketak ulertzeko aukera izango dugu, eta aztertzen den kultur testuinguruari buruzko gogoeta bultzatuko da aldi berean. Sistemaren egituraketa konplexuak, hortaz, guztiz baldintza ditzake testu mailan gertatzen diren aldaketak.

Literaturaren itzulpena kultur politikarekin guztiz loturik dagoela ere ikusi ahal izan dugu: Atxagak Literatur Sari Nazionala jaso zuen, eta horri esker hein batean itzuli ahal izan ditu bere lanak hainbeste hizkuntzatara, sona handiko argitaletxeetan argitaratuz itzulpenak. Sariketek itzulpenen sustapenean berebiziko garrantzia dutela agerikoa da, baina ongi aztertu beharko litzateke sariketa ezberdinen eragina. Horri guztiz loturik, euskaratiko itzulpenek jatorrizko produktuarengan eta irakurlegoarengan zein eragin duen ere aztertu beharreko kontua genuke.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia