Edorta AGIRRE
Frantziako Iraultzak Antzinako Erregimena suntsitu eta mundu modernoari ateak zabaldu zizkion, Ilustrazioaren ideiak euskarri hartuta: sistema politiko liberala, hiru botereen bereizketa eta nazio-subiranotasunean oinarrituriko gobernua, alegia. Iraultza Industrialak, bere aldetik, ekonomia eta gizarte tradizionalak aldarazi zituen: ordura arte nekazaritza-abeltzaintza eta baserri giroa ardatz izan zirelarik, aurrerantzean industria eta kalea nagusituko zitzaizkien eta, aldakuntzaren ondorioz, gizarte-klase berriak azalduko ziren: produkzio bitartekoen jabeak, batetik, eta langileak, bestetik. Gurean, Azkoitiko Zalduntxoen eskolako emaitzaz, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta, saiheska bada ere, Caracaseko Konpainia Gipuzkoarra loratu ziren, Herriaren eta herritar askotxoren mesedetan, lanaren zama (neurri batean, jakina) arindu egin zelako.
Aro Berrian bizi baldintzak hobetu egin ziren, oro har, baina hobekuntza horietaz ez ziren herritar guztiak hein berean baliatu, eta hobekuntza aski geldia izan zen, gainera. Bizitza materialaren berrikuntzez eta aldaketez nobleek, merkatari handiek eta eskulangile aberats batzuk bakarrik probestu ahal izan ziren: herritar gehienak aurreramendu materialetatik kanpo geratu ziren. Lurraren errentak edo merkataritzatik ateratako etekinak pilatzen zituzten aberatsak izan ezik, behartsu ziren gainerako guztiak, erosteko ahalmen urri-urria zuten, unean uneko gertaeren eta egunez eguneko lanaren menpean bizi ziren.
Frantziako Iraultza gertatzear, medikuntzak (osasunak) izugarrizko aurrerakada izan du: ospitaleak ugaldu, xaboia erabiltzen hasi, medikuntza (eta honen irakaskuntza) hobetu, kirurgia ogibide izatetik zientzia bilakatu, botika berriak inplementatu, hirietan ur hornikuntza sartu edo hobetu, ur edangarria batetik eta ur zikinak bestetik bereizi, zaborrak sistematikoki biltzen hasi, hilerriak herri-gunetik urrundu, herri argiteria ezartzen hasia da (denen segurantzarako)...
Aldakuntza eskerga, ordea, orokorki eta oso pixkanaka gertatu zen, gertatzen ari da.
Gotorleku eta azoka, mendez mende. Gotorleku militarra, azoka zibila, uhartetxoa mareagoran erabat inguratzen duen itsasoak bata eta bestea bultzatu eta galarazirik, Nafarroa, Gaztela, Frantzia edo beste zeinahi koroaren zerbitzutara jarduteko prest. Hortaz, euskaldunekin elkartu edo nahasirik, jatorri desberdinetako atzerritar ugari bizi izan da bertan aspalditik gaurdaino, toponimiak eta antroponimiak erakutsi bezala.
Itsas garraio eta merkataritzak, altuera eta baxurako arrantzak, balea harrapaketak, ontzigintzak, itsas gerrak eta kortsarioen jarduerak ekarri diote hazkurria donostiarrari mendez mende. Ordaina, larrutik.
Balearen harrapaketa Urumea ibaian. XIX. mendeko margolana.
Funtsezko bereizgarria: ekonomia militarra oparo zihoan; zibila, herrenka:
a) Nekazaritzan etekinak urri-urriak ziren teknika zaharkituak baliatzen zirelako, lanabes primitibo, oihes eta desegokiak, nekazariak ez zuen informazio freskorik, ez inbertitzeko dirurik, ez prestakuntza tekniko sendorik, ez gorpuzkera sendorik lanaldi luzeak egiteko... Beraz, elikagai gutxi ematen zuen lurrak.
b) Arrantza, ere, eskas: ontziak txikiak ziren, bizkarrik gabeak, oso ahulak, belaz (eta arraunez) zebiltzanez, tresneriak antolatzeko toki eskasa uzten zuten. Ontzi txiki haietan sarea, sokak eta gainerako tresnak sartuta, koadrila bat arrantzale sartuta... arrain asko ikusi eta harrapatuta ere, zenbat kabituko zen? Egunean bi eta hiru aldiz ere itsasoratu behar izaten zuten arrantzaleek, irteera bakoitzean 300 – 400 kilo antxoa edo sardina ekartzeko (“El puerto de San Sebastián”, R. Aguirre). Arraina lehorreratzean hondatu egiten zen, mando gainean jarritakoan usteltzen hasten zen...
Ekonomia oparoaren eragile behinena gerra zen:
a) lehiakideari (merkatari, arrantzale) erasotzeko balio du gerrak: hark saltzen ez duena herritarrak salduko du;
b) jarduera armatua, berez, dirubide da: kortsario izeneko itsas lapurra legezkoa da, Koroak babestua, erregeri eta ontzi-jabeari dagozkien zatiak ordaintzekotan. Gaur lotsagarria litzateke kortsario izatea baina garai hartan Jainkoaren eta erregeren zerbitzari leiala zen gaizkile hori. Jokaera horren lagungarria: gipuzkoarra hidalgo da sortzez, hots, armak eduki eta erabil ditzake.
Boteredunen —merkatari handi, bankari, sendagile, notario, abokatu, irakasle, lurjabe, buruzagi militarren, ontzi-jabe, elizjende1— etxeak lirainak, garaiak, dotoreak, harrizkoak... dira: solairu bat baino gehiago zituzten eta horietako bakoitzean gela ugari, berariazko zereginak betetzeko (hemen afaldu, horretan kafea hartu, bulegoan kontu-lanak...), argitzeko eta berotzeko tresnez apainduak.
Bestelako etxeak, gehientsuenak, antropologiak “infra-etxebizitzen” sailean sailkatuko lituzke: behin-behinekoak, egurrezkoak, txiki-txikiak (gela bakarrekoak baina langileak ez zuen toki handiagoaren premiarik), kale estu bihurrietan elkar gainka metatuak, argirik gabeak, zikinak eta ezin garbituzkoak, gaizki aireztatuak, osasunarentzat kaltegarriak, arriskutsuak, hondakin urak ez ziren iristen estolderiara, marea bizietan etxe batzuk urpean geratzen ziren... Alde Zaharreko orain dela 50 urteko etxerik ezagutu dituenak erraz egiaztatuko du azalpen labur hau. Langilea etxe alokatuan bizi da eta behar-beharrezko tresnak bakarrik ditu bertan: lanabesak (urri), arroparen bat eta altzaririk ez, kasik; oso egoera kaskarrean eta unean uneko gertaeren mende bizi da. Sukaldean, soiltasuna bertute: plater edo azpil bakarra denentzat, eskuarki eltzetik hartzen dutelako senide guztiak, nork bere koilararekin, ogi zatia zabalduta plater-zereginak betetzen dituelarik. Ebakitzeko zerbait dagoenean, mahaira ekarri aurretik mozten da pusketa txikietan. Edaria txarrotik hartzen dute denek, berariazko edalontzirik erabili gabe.
Harresiez kanpo badira auzategiak: San Martin, Igeldo, Antigua, Santa Katalina, Kai Arripe... Horietako guneez kanpora, sakabanaturik, baserri, biltegi, komentu, era askotako lantegiak, galsoroak, mahastiak, larreak etab., autarkiatik biziki urrundu gabe oraino.
Baserriak ez du funtsezko aldaketarik nozitu mende eta erdian: sagardoa egiteko dolarea, ganadua, lanabesak eta bazka gordetzeko estalpeak eta, ukuiluaren gainean, etxebizitza prekarioa, mandiopean. Bertan maizter bizi da familia, nekazaritza eta abeltzaintza uztartuz, baina dirurik ezagutu gabe, praktikan. Sukaldea soil-soila da: bakailao gaziak eskegitako kanpai azpian beheko sua, noiznahi pizturik eta horren gainean, laratzetik zintzilik, ur beroz beteriko pertz edo galdara. Gertu, aulkitxo ñimiñoa eta mahai bat, lanerako. Senideak lurrean edo aulki luzangetan esertzen dira jan edo etxeko lanak (arto zuriketa, babarrun aletzea) egiteko. Arropa dotorea elizarako soilik jarriko du baserritarrak; bidean egunerokoa jantzita doa eta kaleko etxe batean (“aldaetxean”) ospakizunerako aldatuko da. Etxerakoan, beste horrenbeste.
Mende hasierako sukaldea. San Telmo Museoa.
Donostia gotorleku izaki, bertako arduradun militarrek ez dute onesten era guztietako eraikinak nonahi altxatzerik: harresietatik 150 oinetara baino gertuago ez eta, hori bai, eraikinak egurrezkoak bakarrik, “bertako defendatzaileek” su eman eta erraz eraitsi ahal izateko, erasotzaileak horien atzean ezkuta ez daitezen. Herritarrek behin baino gehiagotan irten behar izan dute etxetik eta, berriro itzultzean, dena erraustuta aurkitu dute. Beste etxe bat altxatu behar.
Lurra ez omen zen oparoegia laborantzarako, W. Humboldtek “Euskaldunen Herrian barrena” lanean (1801) azaldu zuenez: “Bertako nekazariek biziki langile nekaezin eta arduratsuak ez balira, lur urri horiek ez liekete hazkurria emango bertako biztanleei ... Guk loreak zaintzean jartzen dugun arduraz lantzen dute hemen soroa, garia eman dezan (...) lana, bukaezina izaki... nekazariek elkar laguntzen dute”. Bestetik, “lurjabe handi gehientsuak alferregiak dira”. Belazea simaurrez ongarritu eta urtean bi edo hiru epai kentzen zaio. Soroan, gari edo artoaz gainera, arbia eta erremolatxa ere egiten da gizakiarentzat eta, batik bat, ganaduarentzat. Larrean behia dabil. Sail batzuetan sagarrondoa da ohikoa; udare, intxaur eta gerezia, urriagoak.
Nekazaritzaren aurrerapena gertatzen da, laborantza-errotazioari esker (lugorri, garia, oloa): horrela lurra ez da ahitzen eta ganaduaren bazka diren leguminosoen eraginagatik, abeltzaintza eta nekazaritza hobeki uztartuko dira elkarrekin. Dagoeneko ohiko bihurtu dira mirarizko laborantzak:
Horiek guztiek, herritarra asebetetzeaz gainera, lurjabeari sekulako etekinak ekarri dizkiote.
L. Murugarrenek “San Sebastián. Donostia” liburuan dioenez, 1815 urtean gai hauek inportatzen ziren Donostian barrena: azukrea Kuba, Portugal eta Jamaikatik; egurra, ardoa eta uxuala Frantziatik, anil lorea Caracas, Maracaibo eta Guayaquiletik, kakaoa Venezuelatik, olioa, gatza eta ardoa Espainiatik, bakailaoa Norvegiatik, larruak Argentina eta Venezuelatik, kalamua Riga eta Holandatik, lumera, lihoa eta gazta Holandatik, tabakoa Kuba, Virginia, Mariland eta Brasildik, garia, bilgorra ikatza eta latorria Ingalaterratik, etab. Esportatu, berriz, kapeluak, Frantziara.
Nekazaritzaren aurrerapena gertatzen da, laborantza-errotazioari esker (lugorri, garia, oloa). (Argazkian: Aliri, Zubieta)
Jardunbide komertziala bi portuen (Pasaia eta Donostiakoaren) bidez antolatu zuen hiriak 1813 urtera arte: horien arazo larriena sakonerarik eza zenez (hondar, basa eta lohiak pilatu egiten baitituzte ur-korronteek, itsasontzien pasabidea galaraziz), hondoa maiz dragatu behar izaten zen. Merkatal jarduera horren ardatzetako bat “deskarga erdia” izan zen (XVIII. mendean), hots, kanpoko merkatariek zama ororen erdia Donostian utzi behar izaten zuten, zerga. Horregatik ere enamoratu omen ziren atzerritarrak bertakoekin. W. Humboldt bertatik igaro zenean (1799), Donostiak zortzi bat mila biztanle zituela kalkulatu zuen.
Salerosketa denak ez ezik eragiketa burokratikoak ere hirigunean egin behar izaten zirenez, harresiz barneko kalean sekulako giroa zegoen. Giroa, dirua, boterea. XVIII. mendean etxe berririk eraikitzeko tokirik ez zegoela diote garaiko udal agiriek.
Plaza Berrirantz goizero-goizero biltzen ziren baserritarrak etxeko barazki, fruta eta hegaztiak saltzera —arrantzaleen emakumeak arraina harrapatzen zenean bezala— eta beharrezko gaiak (olio, xaboi, arrain, janzki, espeziak) ez ezik, produktu kolonialak ere (txokolate, kafe, azukre, kanela, tabakoa) erostera, gainerako donostiarren modura. Gauza batzuk kalez kale (esnea, gazta, arrain txikiak) edo berariazko dendetan (espeziak, gozokiak, arrain gazia, hestekiak) saltzen ziren. Auzuneetan, bestetik, baziren saltoki txikiak, premiazko gaiak eskaintzen zituztenak. Jan-edanen prezioa Udalak maiz finkatu eta zorrozki kontrolatzen zuen, haragi kontuetan merkatu beltzen itzalak susmatzen badira ere.
Kalean gremio guztietako profesionalak ziharduten lanean: upelgileak, jostun eta zapatariak, dendari eta merkatariak, gurdigile eta uztargileak, sokagileak, era guztietako gaien zamaketari eta garraiatzaileak, perratzaile, itzain eta mandazainak, arotzak, sukaldariak, bizargin eta osagileak, kontserbagin, gozogile eta ezkogileak. Ugarienak, marinel, arrantzale eta militarrak, oraintxe etxean, oraintxe kanpoan, fraide eta mojak, beti kanpoan, komentu zuloan, eta kalean bizi baina lanean harresiz kanpo ziharduten nekazariak.
Herri sukaldaritza tokian tokikoarekin eta sasoian sasoikoarekin estu dago lotua, definizioz. Janariak ber-bertako edo gertuko elikagaiekin prestatu izan ditu herritarrak betidanik, besterik lortzea ezinezkoa izaki. Jakinduria hori amak alabari iragan dio belaunaldiz belaunaldi, ez dago libururik, ez dogmarik. Goi-klasekoen sukaldaritzak, aldiz, kanpotik ekarritako lehengai, egospen eta estiloez osatutakoa da, hein handi batean; jatekoa profesionalek berritzen dute egunero eta bertako jan-edangaiez eta exotikoez hornitzen da, modak agindu ahala.
Elikagai berriak hemengo elikaduran erabat txertatu ziren sukaldaritza eraldatu gabe, ez genituen kontsumitu jatorrizko herrietan bezala. Artoarekin, irin bihurturik, taloa edo ahia egin izan zen hasieratik, zereal tradizionalekin bezala. Lekukotasunen batek adierazirik, patata errauspetan prestatu omen zen, egosita ez baitzen giza elikagaitzat hartzerik. Arrantzaleek, behartsuetan behartsuenak, egungo marmitakoaren antzeko eltzekarian sartu omen zuten, ogiaren ordezko, honakoa baino merkeagoa edo lortzen errazagoa zela ikusirik. Frijitzerik ez zen sartzen herri xehearen kalkuluetan, noski, horien etxeetan olio eta koipeak ugari ibili ez izanaren ondorioz.
Txokolatea aztekek erlijio-ospakizunetako edari modura hartzen zuten, inongo eztigarri edo gozatzailerik gabe, tristura baino mikatzagoa, txile askorekin, inoiz onddo edo ziza psikotropikoekin suspertuta, inoiz irinez loditua. Euskal Herrian erantsi omen zitzaion azukrea, estreinakoz, ehoriko kakaoari. Gerora, XVIII. mendearen erdialdean, txokolatea solido (eta eramangarri, noiznahi hartzeko moduko) bilakatuko zen.
1 Goi mailako elizjendea (kardinal, apezpikuak) noblea da, sortzez; maila apalekoa (apaiz, moja, fraideak) herritar xeheak dira, langileak gehientsuenak. Goi mailako horiek pribilegio ugari dituzte eta, gehienak, lurjabe handiak direnez, baserriko eta kaleko nekazariek ordaintzen dizkieten errentetatik bizi dira, bapo bizi ere.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria