1912ko abenduaren 24an Faustina Karril irakaslea jaio zen Donostian

Fuente: Bidegileak

Faustina Karril ikasle batekin

Faustina Karril ikasle batekin.

Faustina Karril Arozena Donostiako arrantzale sendi batean jaio zen 1912an. Hamahiru senide zirelarik, ez zuen gaztetan ikasketarik egiteko aukera izan. Irakaskuntzarako joera oso gaztetik sortu eta Elbira Zipitriari hurbildu zitzaion berarekin ikasteko. 1951n Donostiako Mari kaleko etxe batean bi gela alokatu zituen eta han hasi zen haur talde batekin (hasieran, 3 urteko 20 bat haur ziren). Faustinak jolasean hezitzen zituen ume haiek: eguraldiak debekatzen ez zuen guztietan, haurrak hartu eta gaztelura edo hondartzara eramaten zituen. Kantuak, ipuinak, txotxongiloak eta gisakoak irakasten zizkien. 1968an Espainian hezkuntza legeria berria ezarri zenean, Faustinak elizaren babesa bilatu zuen bere ikastola legeztatzeko. Horrela, izenez bederen, Santa María Elizako parrokia-eskola bihurtu zen. Eskola liburuak, Elbira Zipitriaren eraginpean sortu berria zen Orixe Ikastolaren bitartez bideratzen zituzten. Faustinak bere azken ikasturtea 1980-81ean egin zuen. Orduan erretiroa hartu zuen, baina ez irakaskuntzan aritu izanagatik: zer zetorkion garaiz igarrita, zahar-saria jasotzeko eskubidea izateko bere kabuz ordaindu baitzuen kuota bizitza osoan, jostun gisa lanean ari izan balitz bezala. Donostian, 1997ko martxoaren 29an zendu zen.

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia