1972ko abenduak 28 aldera Jon Mirande Aypharsorho idazle zuberotarra Parisen hil zen

Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Jon Mirande Aypharsorho

Jon Mirande Aypharsorho.

“Jon Chaho” Parisen jaio zen 1925eko urriak 10ean. Gurasoak zuberotarrak zituen, Parisa lan bila joanak. Euskara eskolan galdu zuen. Bigarren Mundu gerra garaian Bretainian egon zen eta han lagun bretoi abertzaleak egin zituen eta haien hizkuntza ikasi zuen. 1947an, Finantza Ministerioan lanean ari zela, hasi zen euskara berreskuratzen. Hizkuntza asko ikasi zituen, hogeitik gora, modernoak (gaztelera, alemanera, ingelesa, italiera, bretoiera, irlandera, etab.) eta zaharrak (grekera, latina, etab.). Euzko Gogoa, Gernika, Egan eta Elkar agerkarietan argitaratu zituen poemak, itzulpenak, ipuinak eta artikuluak. Hori zela eta, hasi zen hegoaldeko eta iparraldeko euskaltzaleekin harremanetan. 1949an Txomin Peillen ezagutu eta lagun egin zuen. Biok batera atera zuten, 1962an, Igela izeneko aldizkari heterodoxoa eta kritikoa; ordu arte erabili gabeko gaiak lantzen zituen bere lanetan: umore beltza, erotismoa, ironia... Lan horietan Spengleren eta Nietzscheren eragina antzematen da; bide horretatik datorkio, besteak beste, nazismorako atxikimendua. Mendebaldeko demokraziarekin, katolikotasunaren eta “konpromezuzko” literaturaren kontra idatzi zuen, eta paganismoaren alde egin zuen. Bere gairik eztabaidatuenak garai hartako moral sexuala zalantzan jarri zutenak izan ziren. 1970an argitaratu zen bizirik zela argia ikusi zuen liburu bakarra: Haur besoetakoa eleberria, hamar bat urte lehenagotik idatzita bazeukan ere. 1958. urtean euskaltzain urgazle egin zuten, baina ez zen inoiz euskaltzain oso izatera heldu, nahiz eta Krutwingek kargu horretarako aurkeztu zuen. Baztertua sentitzen zen euskal giroan eta mesprezatua. Osasunez ere ez zebilen ongi, eta erabat etsita, idazteari urte batzuk lehenagotik utzita, bere buruaz beste egin zuen. Eragin handia izan du geroko zenbait idazle gazteagoengan.

[+] Informazio gehiago

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia