Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Gabriel Aresti Segurola.
Hogeita bat urterekin Guatemalako “Euzko-Gogoa” aldizkarian argitaratu zituen lehenengo poemak. Beranduago, “Egan” aldizkarian aritu zen kolaboratzaile gisa; horren ondorioz, bere burua aurkeztu zuen euskaldunen artean. 1957an Euskaltzaindiko urgazle zen jadanik, eta euskal literato eta antzerkiei buruzko hainbat lan argitaratu zituen “Euskera” bertako organoan, eta “Egan”, “Zeruko-Argia” aldizkarietan, besteak beste.
Bi urte beranduago lehen saria jaso zuen Bedoñako lehiaketan Maldan behera poemari esker, eta, era berean, lehenengo euskal komediagileari (Pedro de Barrutia arabarra) buruzko ikerketa taxutu zuen. Hortik aurrera bere jarduna bizkortu egin zen: “Toribio Alzaga” sariketa irabazi zuen antzerkiaren arloan Mugaldeko herrian eginikako tobera (1961) lanari esker, “Egan” aldizkarian Etxe aberatzeko seme galdua (1962) antzerki-lana argitaratu zuen, Harri eta Herri lanarekin (1964an argitaratu zuena) euskarazko poesiaren “Loramendi” saria eskuratu zuen. Horrez gain, arrakasta ukan zuen ...eta gure heriotzeko orduan poemarekin eta Donostiako “Jarrai” taldeak Beste mundukuak eta zoro bat lana antzerkira eraman zuen. Lan horiei esker, eta Harri eta Herri lanari esker bereziki, lehen mailako euskal idazle bilakatu zen Aresti. Jendartean arrakasta izateko gaitasuna zuen inolako emakidarik gabe eta gai modernoak erabiltzen zituen. Hori oso garrantzitsua izan zen, euskal literaturan gai mota horien premia ikusten baitzen.