Robert UGALDE ZABALA
Hegoaldeko euskal arrantzaren gainean asko eta asko idatzi da, baina gutxi dira gaur egungo azpisektorerik garrantzitsuaren gainean ezer idatzi dutenak, atunketari-izozkailuak alegia.
Jada urte ugari igaro dira euskal arrantzaleak Afrikako mendebaldeko uretara joan zirenetik lehen aldiz atuna bila. 1956. urtean, Bermeoko zortzi itsasontzik alde egin zuten hango uretara, aurretik joan ziren Iparraldeko euskal arrantzaleek bertan lorturiko emaitza positiboak ikusirik. Gero 1964. urtean lehen atunketari-izozkailuak ere joan ziren, “Alacran” eta “Alboniga”, hain zuzen. Bermeoko Echebastar eta Grupo Coatumber enpresen ontziak ziren, hurrenez hurren. Horien berezitasuna arrantzan egiteko erabiltzen zuten teknika zen, alegia, inguruketa arrantza. Europan berria zen arrantza teknika hau Kaliforniatik ekarri zuten, non urte ugari zeramatzaten erabiltzen (Fonteneau, Diouf eta Mensah, 1993).
Geroztik Euskal Herriko makina bat atunketari-izozkailu joan dira munduko hiru ozeanoetako eremu tropikal eta subtropikaletako uretara. Horrela, 1972. urterako “Costa de Marfil” ontziak Ozeano Bareko uretan nabigatzen zuen (Ugalde Zabala, 2014). Indiako Ozeanora heltzeko urte batzuk gehiago itxaron behar izan zuten, hamaika hain zuzen, Seychelleetako gobernuarekin atunaren arrantzan egiteko akordio sinatu arte. Horren ondorioz, Soto Ruizek (2006) dioenez, Ozeano Atlantikotik Indiako Ozeanora itsasontzien mugimendu handia sortu zen. Hortaz, 1983. urtearen amaieran Echebastar enpresaren “Euskadi Alai” ontzia izan zen lehena Seychelleetako uretara joan zena. Gero “Albacora Cinco” joan zen. 1984ko martxorako Euskal Herriko 14 atunketari-izozkailu zeuden Indiako Ozeanoko uretan barrena arrantzan (Ugalde Zabala, 2014).
Itsasontzi horiek guztiak atuna bila joan dira munduko ur guztietara. Atunak espezie ugari ditu, baina Boccherini Bogert-en (2013) esanetan, bost dira nahiago izaten dituzten espezieak: hegaluzea edo atunzuria (thunnus alalunga), hegalaburra edo atungorria (thunnus thynnus), moja edo atun begihandia (thunnus obesus), lanpo sabelmarradun edo atuntxikia (Katsuwonus pelamis) eta hegats-horia edo atun argia (Thunnus albacares). Lehen biak espezie epelen familiakoak dira. Beste hiruak berriz, tropikoetako atunak lirateke. FAOren datuek aditzera ematen dutenez, 2011n bost espezie horien ia 4,5 milioi tona harrapatu ziren munduko uretan, Ozeano Barean % 71,2a, Indiako Ozeanoan % 18,6a eta gainontzeko % 10,3a Ozeano Atlantikoan. Zenbateko osoari so eginez gero, atun epelak % 6,1a baino ez du suposatzen, % 0,9 hegalaburra eta % 5,2 hegaluzea, hortik gorako kopuruak atun tropikalen arrainketari dagozkio: % 8,6 moja, % 27,2 hegats-horia eta % 58,1 lanpo sabelmarraduna. Eta, hain zuzen, Zudaire, Grande eta Muruak (2012) diotenez “inguraketa bidezko arrantzan helburu diren espezie nagusiak lanpo sabelmarraduna eta hegats-horia dira, nahiz eta moja ere harrapatu”.
Atun guztien % 66a inguruketa arrantzaren bidez harrapatzen dela eta ia 4,5 milioi tona atunetatik kontserba-industriak 3 milioi tona erabiltzen duela aintzat hartuz, argi eta garbi ikus dezakegu arrantza mota honek duen eragina hainbat lekutako ekonomian.
Kontuan hartzen bada Majkowski-k (2007) esandakoa, hau da, atun guztien % 66a inguruketa arrantzaren bidez harrapatzen dela eta, gainera, Boccherini Bogertek (2013) dioenez aurretik komentatu den ia 4,5 milioi tona atunetatik kontserba-industriak 3 milioi tona erabiltzen duela aintzat hartuz, argi eta garbi ikus dezakegu arrantza mota honek duen eragina hainbat lekutako ekonomian.
Gauzak horrela, euskal flotaren garrantzia munduan zein den ezagutzeko, munduan dauden atunketari-izozkailuen zenbatekoa jakin beharko genuke. Kalkulu zehatza egitea ez da batere erraza. Badira gai hori bereziki jorratzen duten bi ikerketa. Bata, Hamilton-ek elkarlanean (2011) egindakoa. Horren arabera, 2010ean mota honetako 580 ontzi zeuden munduan zehar. Bestea, Restrepo eta Forrestal-en lana da (2012) eta horren arabera, 2011 urterako 678 ontzi zenbatu zituen. Lan biek ez dute gauza berbera neurtzen, horregatik dago hainbesteko aldea. Gainera, azpisektore honetan, urte batetik bestera ez da hainbesteko aldaketarik ematen. Dena den, datuak datu, argi dago ez daudela mota horretako itsasontzi asko munduan.
Beraz, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren arabera Euskadin 24 atunketari-izozkailu zeunden 2011. urtean (gure ustez, 23 izan beharko lirateke, horietako bat ez baita mota horretako itsasontzia), euskal flota osoaren %9,23a alegia, eta munduko atunketari-izozkailu flotaren ia %4a. Bermeoko zazpi enpresei zegozkien itsasontzi horiek.
Enpresa | Itsasontzi kopurua |
Pesquera Vasco Montañesa, S.A. (PEVASA) | 5 |
Nicra 7, S.L. | 2 |
Atunera Dularra, S.L. (Garavilla) | 2 |
Atuneros Vascos, S.A. | 1 |
Atuneros Congeladores y Transportes Frigoríficos, S.A. (ATUNSA) | 5 |
Echebastar Fleet, S.L.U. | 4 |
Compañía Internacional de Pesca y Derivados, S.A. (INPESCA) | 5 |
GUZTIRA | 24 |
Iturria: Ugalde Zabala, 2014. |
Bestalde, flota honek euskal arrantzaren Erregistro Gordineko Tona (EGT, TRB gazteleraz) guztien %64,01a eta potentzia osoaren (zaldi-potentzian neurtua) %55,49a suposatzen du. Gainera, arrantzaleen % 26,43a hartzen du. Datu horiek guztiek azpisektore honek euskal arrantza sektorean duen indarra erakusten dute.
Horien eragina Espainiari dagokion ikuspuntutik aztertzearren, datuak Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak eskuratu ditugu. Horien arabera, Espainian 32 atunketari-izozkailuak daude, Euskadiko 23ak eta beste bederatzi: Compañia Europea de Tunidos, S.L. (itsasontzi 1), Albacora, S.A. (6 itsasontzi) eta Pesquerias de Tunidos, S.A. (PETUSA) (itsasontzi 2). Azken enpresa hori izan ezik, besteak ere Bermeotarrek kontrolatzen dituzte. Beraz, gure ustez euskaldunak dira. Horrela 30 atunketari-izozkailu horiek Espainiako flota osoaren % 0,30a baino ez dira, baina Erregistro Gordina (GT) guztiaren eta potentzia (Kilowattetan neurtuta) osoaren % 19,00 eta % 11,75a da. Beraz, berriro ere ari eta garbi ikus daiteke flota honek duen eragina.
Baina nahiz eta datu horiek guztiak ofizialak izan, gure ustez ez dute errealitatea islatzen. Berez, goian aipatutako ia enpresa guztiek itsasontziren bat beste herrialde batean inskribatuta baitute. Hori gutxi balitz, euskaldunek kontrolatutako hainbat enpresak itsasontzi guztiak atzerrian dituzte. Askotan derrigorrezkoa da horrela jokatzea, Europan ez baitago itsasontzi gehiago gauzatzeko aukerarik, jada martxan dagoen besteren bat bertan behera geratzen ez bada behintzat. Guztira, 2011. urtean euskaldunek 57 atunketari-izozkailu kontrolatu zituzten (Ugalde Zabala, 2014), hau da, munduko atunketari-izozkailu flota osoaren ia % 10a. Hori ez da gutxi!
Goian azaldutakoa ikusita, merezi du azpisektore honetan ikerketa gehiago egitea, ezta?
BOCCHERINI BOGERT, J.A., 2013. The International Seafood Sustainability Foundation: Una Iniciativa para la conservación del atun. SEMSA 2013, Sevilla, Maiatzaren 23a, 1-41 orrialdeak.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA - Arrantza eta Akuikultura - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.net. (2013).
FAO.
FERARIOS LÁZARO, J.M., 2013. Dakarreko kanpainak. Bermeoko floteak Afrika Mendebaldeko uretan “pikien” eginiko atun arrantza kanpainak (1956-1965). Lehen Edizioa. 2013ko Maiatza, Bermeo: AZTI-Tecnalia. 191 orrialde.
FONTENEAU, A. DIOUF, T. eta MENSAH, M., 1993. Tuna fisheries in the Eastern Tropical Atlantic. Resources, fishing and biology of the tropical tunas of the Eastern Central Atlantic, 292 zenbakia, 31-103 orrialdeak.
MAGRAMA. Estadísticas Pesqueras - Estadísticas - Magrama.es. (2013).
SOTO RUIZ, M., 2007. Evaluación y gestión de recursos bajo incertidumbre: Aplicación bioeconómica al stock del rabil atlántico. Doktorego Tesia. Madril: Universidad Nacional de Educación a distancia. 304 orrialde.
UGALDE ZABALA, R., 2014. Atuneros congeladores vascos. Un sector de referencia económica mundial. Ediciones Beta. 208 orrialde.
ZUDAIRE, I., GRANDE, M. eta MURUA, H., 2012. Biologia ikerketak Indiako Ozeanoaren atun tropikalen arrantzaren kudeaketa jasangarri baten oinarri. Sustrai: revista agropesquera, 100, 92-95 zenbakia, 92-95 orrialdeak.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria