Alvaro CAMPOS CELADOR, Gure Energia Plataformako kidea
Aitor URRESTI GONZÁLEZ, Gure Energia Plataformako kidea
70. hamarkadako petroleoaren krisiaren erdian, aurrezte energetikoaz eta energia berriztagarrietaz hitzegiten hasi zan. Ordutik ona, nahi baino geldoago, araudiak agertzen joan dira, bai teknikoki, bai ekonomikoki, honelako kontzeptuak legeztatzeko. Energia berriztagarrien kasuan, legeztatzeko bidea bihurgunez betea egon da.
1997an sektore elektrikoa liberalizatzen da, eta besteak beste, energia berriztagarrien garapenerako bidea errazten da. Bere onura aitortzen da, eta hauek garatzeko ordainsari bat kobratzeko beharra arrazoitzen da. 2010erako energia berriztagarriek estatuko eskari elektrikoaren %12a izatea da une horretako helburua.
Dena den, urrezko garai honek ez zuen luze iraun. Gobernuak eta hainbat hedabidek berriztagarrien aurkako kanpaina abiarazi zuten, kontzeptu berri bat erabiliz: tarifako deficit-a. Dirudienez, herritarrok zor bat daukagu konpainia elektrikoekin, 2003tik aurrera, 30.000 milloi euro baino gehiago suposatzen duena. Zor honen jatorria, gobernuak adostutatuko elektrizitatearen prezioak, konpainiek aitortzen dituzteneko kostuekin bat ez datoztela da. Baina kostuen auditoria bat abiarazi beharrean, desadostasuna non sortzen den aztertzeko, hedabide ofizialek gobernuarekin bat, berriztagarrien ordainsariaren kontra egin zuten. Errege Dekretu berriak argitaratzen dira, 2012an berriztagarrietako instalazio berriek ordainsaria lortzeko bidea ixten da, eta 2013an aldez aurreko instalazioen ordainsariak murrizten dira atzeraeginezko izaerarekin. Honek familia askoren hondamena sortu du, estatuko berma zueneko inbertsio bat egin zutenak, ordainsariekin kontatuz, eta orain ordainsariak murriztuta, bere inbertsioaren etekina baliorik gabe gelditu dela ikusi dutenak.
Dena den, aurrerapen teknologikoak ez du legediak ezartzen duenaz ulertzen, eta bere bidean darrai. Azken urteetan panel fotoboltaikoen prezioak %80an murriztu dira, eta ordainsaririk gabeko sorrera berriztagarria hemen dago. Izatez, 2010etik aurrera autokontsumorako erregulazio bat eskatzen hasten da: berriztagarrietako instalazioa norbereko kontsumorako egiten da, eta soberako energiarik dagoenean, edo energia falta denean, sare elektrikoarekin trukatzen da. 2011n, gobernu sozialistak autokontsumorako errege dekretu bat argitaratzen du, baldintza eta prozesu administratiboak argitzen dituena, baina sareko energiaren trukatzerako baldintza ekonomikoak, hurrengo errege dekretu baten argitaratuko direla ezartzen du.
1997an sektore elektrikoa liberalizatzen da, eta besteak beste, energia berriztagarrien garapenerako bidea errazten da.
Argazkia: CC BY - Anna Fuster
Baldintza ekonomikoen dekretuaren lehenengo zirriborro bat aurkeztu zen, baina gobernu aldaketa etorri zenez, bertan behera gelditu zen. Lehenengo zirriborro horrek balantze netoa proposatzen zuen. Modu honetan, sortutako energia berriztagarriko soberakinak sare elektrikora isuri daitezke, geroago saretik berreskuratzeko. Hilearen amaieran kontsumitutako eta sortutako energiaren arteko balantzea egiten da, kontsumitutakoa handiagoa denean, diferentziagaitik ordainduz, edo gehiago sortzen denean, aurrerago kantitate bera doan berreskuratzeko eskubidea lortuz. Sare elektrikoa energia biltegi bat izango balitz bezela lan egiten du kasu honetan. Balantze netoko autokontsumoa beste herrialde askotan legeztatuta dago, Italia, Brasil edo Alemania besteak beste.
Baina, lehen esan bezela, gobernu aldaketa etorri zen, eta Alderdi Popularreko gobernu berriak autokontsumoko baldintza ekonomikoak arautzea alde batera utzi zuen 2013ko uztailak arte. Zirriborro berria aurkeztu zuten, eta gobernu honen aldez aurreko araudietan bezala, berriz ere berriztagarrien kontrako proposamena aurkezten du. Besteak beste, balantze netoko kontzeptua alde batera uzten du, konexioko bidesari berriak ezartzen ditu, soberako elektrizitatea doan ematera derrigortzen du, eta zentzugabeko “laguntzako bidesaria” aurkezten du. Bidesari honek sortutako elektrizitate guztiaren gaineko zerga bat da, baita norberak sortu eta kontsumitzen duen energiarengan ere. Bestalde, honelako instalazio guztiak erregistratu behar dira, ez egitearen izuna 6tik 60 milloi eurokoak direlarik.
Azpimarratu beharra dago zirriborro honek konpainia elektriko nagusien onespena lortzen duela. Izatez, autokontsumoak ekar lezakeeneko sistema deszentralizatuak, ardura teknikoetaz aparte, boterearen banaketa suposatzen du.
Energia berriztagarrien garapen teknologikoak, fotoboltaikarena batez ere, sektoreko enpresa nagusiek ohikotzat hartzen dituzteneko arauak apurtzen ditu. Instalazioen izaera modularra, eta inbertsioko kostu baxuek, orain arte irabazi handiko zeneko negozio baten, herritarren parte hartzea ahalbideratzen dute. Hau dela eta, oligopolio elektrikoak bere esku daudeneko bide guztiak erabili ditu herritargoak sistema elektrikoan parte har ez dezan, gaitasun tekniko eza edo hornidurako segurtasuna aitzakia bezela erabiliz, besteak beste. Aldi berean, gobernuak hartutako neurri guztiek, agerian utzi dute gobernuak sektore elektrikoaren interesak lehenesten dituela herritargoaren aurrean, ate birakarien fenomenoa are eta nabarmenago bihurtu delarik.
Gure ustez, hau da azken zirriborroaren arrazoi bakarra, eta argi dugu diseinatu zeneko helburua betetzen hasia dela: beldurra sortzeko, jendeak jakin dezan hainbat esparruetan sartzerik ez duela. Ez da arraroa beraz, herritar ekimenek eta berriztagarrietako sektoreak hainbat mugimendu egin izana, eredu energetiko berri baten alde, herritarren neurrira egindako eredu energetikoa, eta ez garestia, kutsakorra eta sostengaitza deneko eredu energetiko zaharkitu baten alde, enpresa bakar batzuen poltsikoetarako bakarrik diseinatuta dagoena.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria