Koldo NUÑEZ BETELU
Gizakia beste animalietatik desberdintzen duen ezaugarrietako bat da Naturan energia iturriak aurkitu beharra. Horrela gertatu da gure espeziea sortu baino lehenagotik. Milaka urtetan zehar nahikoa izan da egurra edo zimaurra erretzea sua egiteko eta horrela bizilekuak berotu eta jana prestatu izan da. Poliki poliki, garapen teknologikoak etorri dira. Hauek neurri batean lagundu dute energi iturri berriak aurkitzen baina, aldi berean, energia gehiago eskatu dute. Hortaz, energi beharraren igoerari erantzun ahal izateko, dibertsifikatu behar izan ditugu iturriak. Aspaldi ikatzak aurkitu genituen, era askotakoak, eta Naturak milioika urtetan gordeta izan dituen energi altuko iturri hauek erabili izan ditugu aurrera egiteko eta gizarte gero eta konplexuago bat garatzeko. Energia eta garapena bat egin da etorri dira. Hidrokarburo fosilak izan dira giltzarri garapen honetan eta iraultza industrialetik aurrera izugarri erabili izan dira gure energi behar gehienak asetzeko. Errazak ziren aurkitu eta ustitu ahal izateko eta energi iturri indartsuak dira. Baina, Naturan metatu egon den hidrokarburoen kantitatea ez da muga gabea. Behin azaleran bertan eta modu erraz batean ustiatzen zirenak agortzen hasi zirenean, lurrazpira jo behar izan genuen. Horrela, petrolio eta gasa hasi ginen lortzen zundaketen bitartez.
Gure gizarteak, une batean, hidrokarburo fosilen aldeko apustua egin zuen energi iturri bezala. Ugariak eta errazak lortzeko. Baina, gure beharrak hain bihurtu dira handi, hauen ustiapena gero eta zailago bihurtu dela. Izan ere, XIX. mendean eta XX. mendearen gehiengoan, nahiko zen lurra beherantz zuzen zulatzea petrolioa edo gasa gordeta zeuden tokietara iristeko eta, berez zuten presioari esker, azalera etortzeko. Petrolioa eta gasa, arroka porotsu eta haustura natural ugariko lekuetan bilduta aurkitzean, erraz azaleratzen zen. Baina horrelako biltegiak, poliki poliki joan dira agortzen. Gero eta sakonago jaisti behar, gero eta toki apartatuagoetan egin behar.
Aurrera egin ahal izateko ustiapenarekin, teknika berriak garatu behar izan ziren, esaterako, zundatze bertikalaren ondoren okertua edo horizonatala egiteko eta berez igotzen ez zen petrolioa gora bultzatzeko teknikak ere.
Egon badaude, beste hidrokarburo fosil batzuk oraindik erraz ustiatu ahal direnak, leku batzuetan agertzen diren asfaltoak eta dentsitate handiko petrolioak, esaterako, baina, hauek prozesu teknologiko eta kimiko konplexu zein garestiak eskatzen dituzte erabiliak izateko.
Dena den, petrolioa eta gasa, oraindik ugariak dira lurrazpian baina, dagoeneko, zailak ari dira bihurtzen erauzteko. Porositate txikiko eta hausturarik gabeko arroketan geratzen dira ustiatu gabe eta lortu nahi baditugu, lagundu beharko diegu mugitzen eta gorantz etortzen. Hortik, aspaldi hasi ginen ura eta produktu kimikoak injektatzen putzuetan, batez ere XX. mendearen erditik aurrera, hidrokarburuak errazago etor zitezen kanpora. Ondoren, arroka hausteko teknikak hasi ziren erabiltzen. Leherkariak, ura eta produktu kimikoak, besteak beste.
Azken hamarkadetan, batez ere, arbeletan egon daitekeen metanoa erazi ahal izateko, asko aurreratu da lurrazpiko arrokak hausteko teknologia. Hortxe, egun hedabideetan ezagun egin den fracking edo haustura hidraulikoa.
Hidrokarburo fosilen ustiapen eta erabileeran, Estatu Batuak izan ziren aintzindari, eta guztion ezagunak dira, esaterako, Texas eta Kaliforniako putzuen irudiak.
Argazkia: CC BY - Simon Fraser University - University Communications
Euskarazko Wikipedian horrela agertzen da definituta: “Haustura hidraulikoa (ingelesez hydraulic fracturing edo fracking izenez ezaguna) presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hausteko prozesua da. Oro har, petrolioa, gas naturala edo beste substantzia batzuk lurzorutik erauzteko sortutako prozesua da. Haustura-lan bakoitzean, putzu bat zulatzen da erreserbak dituzten harri-formazioetan. Presio handiko fluidoa injektatzeak zartadura berriak sortzen ditu harkaitzean, erregai fosilen erauzte-tasak handituz. Hausturen zabalera mantentzeko, habetzaile bat sartzen da fluidoan, hau da, hausturak ixtea galaraziko duen elementu bat: harea, zeramika-zatiak, edo beste zenbait partikula”.
Argi esaten duen bezala, zuloa egiten da ehunka edo milaka metro lurraren barrena eta zulo horretatik bera fluido bat injektatzen da, alegia, ura eta produktu kimikoak. Behin arroka pitzatuta, berriz hausturak itxi ez daitezen, urarekin batera zerbait gehiago sartzen da, artean, harea eta produktu kimikoak. Jakina, ur kopuru oso handiak behar dira lurrazpian injektatu eta, esaterako, gasa gora bultzatu ahal izateko. Kalkulu batzuen arabera, putzu bakoitzean erabiltzen den ura 9.000 eta 29.000 metro kubiko artean dago. Ura sartzen dugu, harea eta produktu kimikoak gehitzen dizkiogu eta berriz, gasa eta ura ateratzen ditugu. Arroka motaren eta honen ezaugarrien arabera, putzu gehiago edo gutxiago egin beharko ditugu, produkzio errentagarria lortzeko. Gehienetan, putzu asko behar izaten dira eta maiz, kilometro erdi eta, gehienez bi kilometro egoten da putzuen artean.
Hidrokarburo fosilen ustiapen eta erabileeran, Estatu Batuak izan ziren aintzindari, eta guztion ezagunak dira, esaterako, Texas eta Kaliforniako putzuen irudiak. Ipar Amerikako mendebaldean, bai Estatu Batuetan, bai Kanadan, Devoniar eta Kretazeoko hareharri eta kararrietan hidrokarburu kantitate izugarri handiak egon dira pilatuta. Alberta, Texas, Colorado, eta Utah, oso eskualde aberatsak dira. Baina han ere, aspaldi erraz erauzi ahal ziren hidrokarburuak gero eta eskasago bihurtu dira eta teknika berriak garatu behar izan dituzte ustiatzearekin aurrera egin ahal izateko. Batez ere, XXI. mendearen lehenengo hamarkadaren bukaeran zabaldu egin da mundu osora teknika hau erabiltzeko joera eta dagoeneko milioi gutxi putzu batzuk egin dira.
Teknika hau erabiltzen da ingurumena indarrez behartzeko dituen hidrokarburuak askatzera. Aspaldi hasi bazen erabiltzen ere, azken urteotan zabaldu da, bi arrazoi nagusi tarteko: batetik, ohiko bideetatik ateratzen diren hidrokarburuen kopurua asko jaisten ari da eta, bigarrenik, hidrokarburuen eskaera asko igo da munduan. Mundu osoan teknika hau erabiltzen hasi denetik urte gutxi pasatu dira baina, dagoeneko, azterketa batzuek azentua jartzen ari dira ondorio ezkor batzuen gainean. Asko izan ahal badira ere, hiru hauei ematen zaie garrantzia handiena:
Ura eta produktu kimikoen nahasketa injektatzen dira putzuan behera, hidrokarburuak gora bultzatzeko. Ur honen parte bat, berriz ere kanpora etortzen da edo, akuiferoetara iristen da ihesen bitartez. Haustura hidaraulikoaren prozesuan, hidrokarburo eta beste gai kimiko artifizial zein natural askorekin nahasten da ur hau eta berriro putzutik ateratzean, garbitu ahal izateko prozesatzen bada ere, kutsatuta nahas daiteke gainerako urekin. Horrela gertatzen ari dela, deskubritu berri dute Kalifornian. Izan ere, Los Angeles Times egunkariak 2015eko otsailaren 11ko edizioan honen berri ematen du.
Kaliforniako gobernuak 2013an petrolio konpaniei agindu zien putzuetatik ateratzen duten ura aztertzea, osasunerako arriskurik suposa zezakeen jakiteko. Azterketa horietan aurkitu izan dira minbizia sortzen duen benzenoaren kontzentrazio altuak ur hauetan. Kasu batzuetan, gobernuak segurutzat hartzen dituen benzeno-mailak milaka aldiz gainditzen dute urek. Ehunka putzuetan egin dira azterketak eta, batez beste, gobernuak baimentzen duen gehienezko maila 700 aldiz handiago izan da. Honek, osasun publikoaren inguruko alarma gorriak piztu ditu, Kalifornian urteotan baimena eman baitzaie konpainiei putzuetako ura edateko ura gordetzen duten akuiferoetan berriro sartzeko. Urari hausturarako gehietzen zaizkion produktu kimikoez gain, urak lurrazpiko hainbat elementu ekar ditzake gora, artean, metal astunak eta mineral erradioaktiboak. Hemen, ezagutu den azkenetako datuak azaldu baditut ere, beste adibide eta datu asko aurki daitezke argitaratuta hedabideetan.
Aspaldi erraz erauzi ahal ziren hidrokarburuak gero eta eskasago bihurtu dira eta teknika berriak garatu behar izan dituzte ustiatzearekin aurrera egin ahal izateko. Batez ere, XXI. mendearen lehenengo hamarkadaren bukaeran zabaldu egin da mundu osora teknika hau erabiltzeko joera eta dagoeneko milioi gutxi putzu batzuk egin dira.
Argazkia:CC BY - WildEarth Guardians
Azken urteotan bildutako datuen arabera, maiz gertatzen den ondorioa izaten da sismizitatea areagotzea. Ematen diren lurrikarak, orain arte indar txikikoak izan badira ere, ez dago argi norainoko indarra har dezaketen. Espainiako Mediterraneoko uretan egindako hainbat putzutan, onartu izanda sortutako seismizitatea. Esaterako, Valentziako itsasoan mila lurrikaratik gora sortu omen zen Castor proiektuan. Berdin munduko beste zenbait tokitan ere. Esaterako, AEBko Ohio estatuan 77 indar txikiko lurrikara sentitu ondoren, hainbat ustiatze eremu itxi egin dira. Zaila izaten da frogatzea lurrikarak haustura hidraulikoak sortuak ote diren kasu askotan, baina dagoeneko zalantzarik ez dago sismizitatea, gutxienez, areagotu egiten dela.
Gasa azalera ekartzeko prozesuan, beti ihesak egoten dira. AEBko petrolio-industriak mantendu izan du, ihesak %2tik beherakoak izaten direla baina egindako ikerketa independiente batzuk %4 inguruan kokatu dute metanoaren ihesaren maila. Jakina, gas hau oso indartsua da berotegi-gas modura eta, ondorioz, ihesak oso kaltegarriak izan daitezke eta areago dezakete klima-aldaketa. Metanoarekin batera, putzuetatik benzenoa eta beste hidrokarburo batzuk ere, atera daitezke atmosferara.
Euskadiko Erkidego Autonomoan, azken urteotan izugarri areagotu da gas naturalaren erabilera herri eta hirietan. Baina Eusko Kantauriar Arroan, gas naturalik ez da ekoizten. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak SHESA enpresaren bitartez, adibidez, bultzatu nahi du haustura hidraulikoaren bidez gasaren ekoizpena. Oso eskualde geologiko konplexua hartzen du Euskal Herriak eta, inoiz egon diren hidrokarburo gehienak dagoeneko erre egin dira prozesu metamorfikoetan. Ez dago argi zenbat geratzen den, baina ezin da kopuru handitan egon aipatu dudan ezaugarri geologikoak medio. Hortaz, gasa aurkitu eta ekoizteko, putzu asko egin beharko lirateke.
Esaterako, Arabako iparraldean egin nahi den Enara Handia proiektuan, 2000 putzutik gora zualtu beharko omen lirateke. Nafarroan, askoz proiektu gutxiago daude eta Iparraldean, bat ere ez, Frantziak ez baitu teknika hau momentuz bultzatzen. Dagoeneko hainbat udal eta kontzeju, teknika honen aurka posizionatu dira.
Mundu osoan zehar, kezka handiak altxatu ditu teknika honen erabilerak sor ditzakeen ondorioengatik eta zenbait nazio eta herrialdetan debekuak eta moratoriak ezarri dira. Arriskuak, azaldu dudan bezala, gero eta nabarmengoak dira eta, hortaz, benetakoak dira. Arriskuak eta ur kopuru handiak erabili behar izana. Baina, teknika honek arriskurik ez balu ere, lurrazpian oraindik dauden erregai fosilen kopurua mugatua da eta, gainera, klima-aldaketa eragiten dute. Erregai fosilek ez dituzte gure gizartearen energia-beharrak asetzen eta klima-aldaketa areagotzen dute, hortaz, fracking edo haustura hidraulikoa energiaren arazoaren konponbidea baino, arazo berrien iturri bihurtzen da.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria