Agustin MENDIZABAL
Musika entzuten dugunean hainbat sentsazio eta sentipen etortzen zaizkigu burura. Hau dela eta musikak espresatu egiten duela esan ohi da, edota musikak zerbait komunikatzen duela. Baina hau ez da erabat horrela. Izan ere, musikak ez du esanahi lexikorik: ez du, besterik gabe, esanahi zehatz eta unibokoak adierazteko gaitasunik. Hori dela eta, formalistek musikari musikatik kanpoko edozein esanahi adierazteko gaitasuna ukatu izan diote; aldiz, musikak bere buruarekiko zukeen esanahia, bere egituraren baitan. Eduard Hanslickenzat musikak ezin dezake eduki afektibo zehatz bat izan. Baina semiologia musikalaren ikuspegitik gauzak beste modu batera ikusten dira, orain ikusiko dugun bezala.
Aurrera baino lehen, argi dezadan atal honetan idatzitakoa ondoko hiru artikuluetatik ateratako ideiekin osatu dudala, nire modura moldatuta: Nattiez (2002 eta 2003) eta Baroni (2004); azaltzen diren beste autoreen aipamen guztiak ere horietatik hartuta daude.
Semiologiak zeinuak gizartean aztertzen ditu. Zeinua bere adierazpenik sinpleenean San Agustinek definitu zuen, eta horren arabera hitz xehetan esan liteke zerbait burura ekartzen digun beste zerbait dela —dakigunez beranduago Peircek hobeki zehaztu zuena, interpretante kontzeptua sartuta—. J. J. Nattiezek dioenez, musika sortu edo entzuten dugunean errealitatearen hainbat alderdi ekartzen dizkigu burura: dela soinuzkoak, dela afektiboak, dela konkretuak, dela ideologikoak... eta beraz, forma sinboliko1 bat da, hizkuntza den bezalaxe, edota mito bat, pintura bat, film bat izan daitezkeen bezalaxe. Hau kontuan hartuta esanahi hitzaren definizio orokorrago bat sortu zuen, zeinaren arabera ikus baitezakegu musikak ere esanahiak adieraz ditzakeela, baina ez hizkuntzek bezala modu lexiko batean, ez eta pentsaera logikoa erabiliz, pentsaera sinbolikoa baliatuta baizik. Nattiezen definizio orokorrago horren arabera, zerbaitek norbaitentzat esanahia hartzen du berak bizitakoaren alderdiak, hots, bere mundu-esperientziatik ekarritako gauzak iradokitzen dizkionean. M. Baroniren arabera, musikak munduko esperientziak analogia afektiboz iradokitzen ditu, eta honek interpretazio sinboliko bat baimentzen du. Horra bada, semiologia musikalaren lan eremua.
Musikak bi motako esanahiak bideratzen ditu: musikaren egituraren baitan sortutakoak (ikuspegi formalistarekin bat), eta musikatik kanporako esperientziak jokoan jartzen dituztenak. Bestalde, musikaren egitura bera ere izan daiteke musikatik at dauden esanahien iturri, ikusiko dugunez. Esanahi extramusikal hauek denak, jakina, ezin dira hitzez azaldu —pentsaera sinbolikoa erabiltzen baitute—, baina badira esanahiak eta emozioak sortzeko gai.
Haatik, musikak ez ditu esanahi edo mezu zehatzak helarazten; aldiz, entzuleak bere mundu ikuskeraren eta berak bizitakoaren arabera interpretatuko dituen “zantzuak” bidaltzen ditu. Horregatik, kultura musikal baten kanpokoa den batek, beharbada ez ditu “ongi” ulertuko musikak bidaltzen dizkion esanahi posible horiek. Interpretazio hau, aldiz, Roland Barthesen “ainguratzea” musikara aplikatuz esplikatzen da. Honela azal genezake hau: edozein musika entzuten dugunean, honek esanahi “familia” bat sortzen du gugan, “eskema afektibo” bakarrari dagokiona M. Imbertyk Piagetengandik hartutako hitzetan. Hau da, musika jakin batek, normalean, ez du zernahi esanahi iradokitzeko gaitasuna izango: bada zerbait errazten diona testuinguru jakin batean erabiltzea, dela dramatikoa, alaia, solemnea, umorezkoa ..., hau da, esanahi familia jakin batean, baina oraindik ere esanahi zehatz posible asko dituela. Aldiz, elementu kontestual baten bidez (eszenografikoa, linguistikoa...) esanahi posible horiek guztiak bakarrera murrizten dira. Esanahi hori gehienetan ezin da hitzen bidez adierazi, baina intuitiboki ulergarria zaigu, pentsaera sinbolikoa erabili baitugu prozesu honetan.
Musikak ez ditu esanahi edo mezu zehatzak helarazten; aldiz, entzuleak bere mundu ikuskeraren eta berak bizitakoaren arabera interpretatuko dituen “zantzuak” bidaltzen ditu.
Argazkia: CC BY - Soinuenea - Herri Musikaren Txokoa
Inportantea da ohartaraztea esanahi extramusikalak konbentziozkoak direla oso sarritan. Hala, musikak bidaltzen dizkigun “zantzu interpretagarriak”, eta baita esanahi afektiboa finkatzen laguntzen duten “aingurak”, konbentziozkoak izaten dira maiz eta beraz kultura jakin bakoitzari dagozkionak: erabileraren poderioz gizartean txertatuak eta bertakoek bereganatuak. Ainguratze oso ohikoa, adibidez, kanta baten testu literarioa izango da: musikak iradokitzen duenari azken zentzua emango diona. Baina... testu horren hizkuntza ulertzen ez badugu? Hankamotz geratuko gara, edo agian gure esanahi propioa emango diogu, jatorrizko testuak dioenarekin batere loturarik ez duena, eta bertakoei kanta horrek adierazten dienarekiko oso desberdina.2 Beste adibide bat, Xalbadorrek bere “Odolaren mintzoa”n adierazten digun bertso-doinuen hautaketari buruzkoa izan liteke: bertsolari zaharrek gaiaren araberako konnotazioak ekarriko zituen doinua aukeratzen zuten (normalean bestearen antzeko gaia zuelako), modu horretan entzuleak aurrebaldintzatuz; beste hitzetan esanda, zantzu interpretagarri bat sortzen zuten doinuarekin. Ondoren, bertsoen aingurak lana borobilduko zuen, argi dagoenez. Kantagintza tradizionalean antzerako zerbait gertatzen da, kanta bakoitza bere doinuari lotua baitoa: doinua entzun orduko, kanta hori ekartzen digu gogora.
Ainguratzeak, bestalde, musikak berak sortutakoak ere izan daitezke: obraren estilo orokorretik haratago, izan daitezke hainbat elementu musikal karakter espresibo jakin bat sorraraziko digutenak. Musika tonalaren kasuan hauek dira, Nattiezek dioenez:
Haatik, esanahi extramusikalak ez dira beti konbentziozkoak izaten. Baronik “konstante antropologiko” deitzen dituenak kasu, edota Nattiezen aburuz (Francès aipatzen du) musikak sortutako gorputzaren funtzionamenduan oinarritutako “esanahi naturalak”. Lehenaren arabera, musikak sor ditzakeen zenbait esperientzia afektibo (poza, alaitasuna, depresioa, biolentzia...), sentsazio (bisualak, taktilak, jestualak...) eta munduaren zenbait irudi, bizitzaren giza esperientziaren isla dira; bigarrenari jarraiki, lasaitasuna, aztoramena, tentsioa, distentsioa, depresioa... iradoki ditzake musikak, eta gizakiari oro har dagozkionak dira, hain zuzen gorputzaren kinestesia, erritmo kardiako, gihar uzkurdura, arnasketa baititu oinarri.
Galdera inportante bat sortzen zaigu orain: modu honetara komunikazio bat sortzen dela esan nahi al du? Komunikazioa gertatzeko, igorleak bidalitako mezua jasotzaileak modu berean ulertu beharra dauka. Hori gertatzen ote da musikan? Entzule baten arabera musikak “espresatzen” duena bat ote dator musika idatzi edota jotzen duenaren asmoekin?
Lehenik, zeinuen balio konnotatibo eta denotatiboa bereizi beharko ditugu. Balio denotatiboa objektiboa da, adierazle hutsa. Konnotatiboa berriz, subjektiboa, iradokitzailea, sentsazio sortzailea. Balio denotatiboa esanahi lexikoari loturik doa: hitzen esanahia hiztegian datorren bezala adierazten du. Musikak, ikusi dugunez, ez du esanahi lexikorik;3 baina hala ere, zenbait kasutan balio denotatiboa izan dezake, nahiz arrunt mugatua. Adibidez, Wagnerren leit-motivak, edo musika tradizionalen eremuan jainkoen presentzia denotatzeko erabiltzen diren eskema erritmiko eta melodiko sinpleak (Nattiezek antzerako 14 adibide ematen dizkigu). Jakina, konbentziozkoak dira hauek, eta behar bezala ulertzeko akulturazio baten beharra dago; bestalde, konnotazio bat ere ekar dezakete gainezarririk. Adibidez, dantzarako musika ere denotatiboa dela esango nuke, egin beharreko pausoak eta koreografiak iragartzen baitizkigu, baina konnotazio espresiboak ere ekartzen dizkigu sarritan.
Baina musikaren balio preziatuena konnotatiboa da, segur aski; nahiz denotazioari lotua (esan bezala), nahiz bere horretan. Balio konnotatiboa musikarako erabiltzen dugun analogia afektiboen bidezko pentsaera sinbolikoaren ondorio da, gorago aurreratu dugun bezala. Hala, erraz ondoriozta dezakegu oso zaila dela igorlearen helburu espresibo zehatzak musikaren bidez entzuleari helaraztea, pentsaera sinbolikoaren hizkuntza ez baita denotatiboa, ez baita lexikoa. Hortaz, benetako komunikazioa, argia eta garbia, gertatzen dela esatea gehiegizkoa da. Aldi berean, Gadamerrek eta bestek musikaren arloan igorlearen komunikazioaren helburua ezagutu daitekeenik ukatzen dute.
Baina erne! Honek ez du musikaren espresibitatea ezta esanahiak sortzeko gaitasuna ukatzen. Musikak, bere zantzuak barreiatzean, gutako bakoitzarengan interpretazioak estimulatzen ditu, eta gutako bakoitzarengan “esanahi” ezberdin eta pertsonal bat sor dezake maila afektiboan, hitzez adieraz ez daitekeena.
Entzule baten arabera musikak “espresatzen” duena bat ote dator musika idatzi edota jotzen duenaren asmoekin?
Argazkia: CC BY - Soinuenea - Herri Musikaren Txokoa
Honek guztiak, poietika eta estesikara garamatza. Musikaren arloan J. Molinok azaldu zituen, eta Iparraldeko herri-kantaera tradizionalari buruz egin dudan ikerketan, funtsezkoa izan da kontzeptuon garapena. Maila poietikoak objektu musikalaren sorkuntza eta gauzatzerako baldintza eta prozedurei egiten die erreferentzia; maila estesikoak berriz, objektu musikalaren jasotze, bereganatze eta ezagutze prozesuekin zerikusia duena hartzen du bere gain. Hirugarren maila bat ere badago jakina: maila neutroa edo inmanentea, hau da, objektu musikalarekin berarekin zerikusia duena, hots, bere egitura hutsarekin.
Burututako ikerketaren parterik inportanteena, segur aski, unitate emikoak bereiztea izan da. Unitate “emikoak”, sistema kultural batean kokaturik, kultura horren arabera balio bereizgarria duten elementuak dira (elementu “pertinenteak”). Hau funtsezkoa izan da intonazio neutroa Iparraldeko kantarientzat zer den determinatzeko garaian, baina ez dugu hemen azalduko. Nolanahi ere, oinarrizkoa izan da kantarien baliokidetasun kultural juzkua lortzea, hots, euren iritzia; eta horretarako 1927 eta 1936 artean jaiotako lau kantarirekin elkarrizketatu naiz. Molinok dioenez, prozesu hau musikaren izaera sinbolikoari esker baizik ez da egiten ahal, izan ere “bertakoen” zeinu sistemaren eta buruan duten mundu sinbolikoaren araberakoa izango baita juzku hau, hau da, beraien mundu ikuskeraren araberakoa. Eta beraz, irizpide poietiko eta estesikoak erabilita gauzatzen dena, hots, nolabait ulertzeko, “bertakoek” musika nola sortu eta jasotzen duten kontuan hartuta, ezinbestean.
1 Hitz honek zeinuen arloari egiten die erreferentzia, hau da, semiologiaren arloari.
2Beraz, nire ustez ainguratze hori ez da beti gertatzen, eta sarri askotan esanahia eskema afektibo abstraktu eta definigaitz horretan geratzen da entzulea, oso bereziki musika instrumental hutsean, eta baita hizkuntza ezagutzen ez duguneko musika bokalean ere. Hala ere, kasu hauetan izenburuak lagun dezake ainguratze horretan.
3Hizkuntzak bi “artikulazio” ditu (Martinetek 1964an sartutako kontzeptua): lehena, esanahi lexikoa duten unitateek sortua, eta bigarrena fonemak dakarrena. Musikak berriz bigarren artikulazioa besterik ez du, baina horretarako nota musikala fonemarekin parekatu beharra dago.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria