Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Juan Garmendia Larrañagaren omenaldiko hitzaldia
Juan Garmendia Larrañagaren —aurrerantzean Juan— gaineko lanari buruz zertzelada batzuk ematea eskatu zait bere azken liburuaren aurkezpenerako, eta gustura egiten dut, bihotzez eskertzen dut aukera berri hau. Ez nago, ordea, hain seguru Juanen bibliografiaren bere azken liburua izango den. Duela hamar urte Tolosako Udaletxean aurkeztu genuen “Juan Garmendia Larrañaga. Solasean” liburuan nioen bezala, lanean jo eta ke ari zenez gero ... liburu hari eranskinen bat atera beharko genion, Juanen ekoizpena gero eta tamaina handiagoa hartzen ari baitzen, infiniturantz apuntatuz.
Juan joan egin zitzaigun aurtengo urtarrilaren 8an, baina berak ereindako hazia fruituak ematen segitzen du eta hona bildu gara bere azken (azken aurreko?) aleari ongi etorria emateko.
Eusko Ikaskuntzaren web orrian irakur daitekeen bezala, web honen bidez Eusko Ikaskuntzak berak eskura jartzen ditu etnografo eta historialari tolosar handiak argitaraturiko ezin konta ahaleko lanak. Zerrenda, baina, ez da amaitu.
_______________________________________________________________________
“Léxico etnográfico vasco”. (PDF)
Juan apaltasun eta zorroztasunetik hurbildu zen euskal etnografiara. Eta aditu handia bilakatu zen. Julio Caro Barojaren zuzendaritzapean doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 1984an “Lexico etnográfico vasco” tesiarekin. Bazen doktore tituludun ofiziala. Baina Juanek bazuen lehenagotik beste titulu bat ere, bizitza-harremanetako doktorearena, hain zuzen. Eta horrezaz baliatuta burutu ahal izan zuen tolosarrak, euskal kulturan inork gutxik erdietsirikoa. Horregatik miresten genuen lagunok.
Juan Garmendia Larrañaga Tolosako bere dendaren apaltasunetik abiatu zen euskalgintzan eta goi mailako izar horietakoa bihurtu zitzaigun. Hitz horiek bermatzen ditu, zalantzarik gabe, lan nekagaitzak ahalbidetu zion goi mailako intelektualen lagun sareak. Jose Migel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Koldo Mitxelena eta Jorge Oteiza izan zituen, besteak beste, adiskide eta zientzia-bidaiakideak. Ez ziren nolanahikoak, ez alajaina! Bere egite-jakitetik Juanek jeinu haienganako bi norabidetako zubiak jaso zituen eta bera ere haien jeinutasunetik kutsatu zen.
Juan etnografoa berebiziko mailakoa izan zen. Euskal Herriak emandako ikerlaririk ausartenetakoa. Zorroztasunean oinarritutako ikerlari ausarta, librea izan zen Juan. Inorekin ezkontzen ez zena. Alde horretatik ospetsua izan zen “ni ez naiz inoiz artzain ezta inoren ardi ere izan” esaera. Bere kontura ibili zen ikerketa lanetan eta horrexegatik, nonbait, heldu zen heldu zen tokira.
Juan ongi jabetua zen atzera begiratzeak dakarren onuraz. Eta horretan ihardun zuen jo eta ke. Atzera begiratze horrek, ordea, balio behar zion aurrera egiteko. Bestela, berak zioen moduan, ikerketa alperrekoa zen, antzua. Bere hitzak dira: “Nik egindako lana garrantzitsua izan daiteke, bai; baina nik beti konparazio bat jartzen dut: auto guztiek daukate atzera begiratzeko ispilu txiki bat. Eta beste zabalago bat aurrera begiratzeko, datorkigunaz jabetzeko”.
Euskal gizartearen begirale zorrotza izan genuen Juan eta, honetan ere Barandiaran maisuaren antzera, Juanek bazekien bere lanari kutsu erakargarria ematen, hau da, zorrotza zen bere estimazioetan baina ez derrigorrez serio-ilunaren margoarekin azalduta. Begira zer zioen euskal ohituren aldaketari buruz:
Euskal gizartea ohitura-erritmo desberdinetara ohitu behar izan da. Adibidez, erlijio gorabeheretan lehen bekatua zena, orain badirudi ezetz, ez dela. Infernura kondenatu zirenak ez al dira, bada, kexu egongo?
Polita, ezta? Ba, halako hamaika bider hamaika adibide jar nitzake. Bere lanak, bere liburuak atseginez irakurtzen dira, esku trebe (eta buru argi) batek idatzita baitaude. Juanek ihes egiten zuen ikerlari askok daukaten sasi-seriotasun itogarri bezain antzutik. Eta horrek bere obraren dibulgazio zabala ahalbidetu zion.
Baina, kontuz, Juanek jakin bazekien neurtzen bere jakinduriaren azalpena. Ez zitzaion dibulgazio merkea interesatzen. Alderdi horretan ere nahiago zuen tentuz jardutea. “Dakienak ez du bere jakinduria besterik gabe eta edozein tokitan erakutsi behar” esan ohi zuen, apalkiro. Gehiegi nabarmentzeak burututako lana desbalorizatu egin dezakeelakoan baitzegoen Juan. Idiaren seguritatearekin eta erbiaren arintasunarekin aritu izan zen Juan beti etnografo bezala, hori bai, azeriaren argitasunarekin. Eta urrutira heldu zen.
Baina...
“Juan Garmendia Larrañaga. Etnografoa (... Baina lehenago gizona izan zen)” titulatu dut gaurko nire ekarpentxo hau, iruditzen baitzait Juanen kasuan etnografoak, hau da, zientzialariak sarritan gizona estali zuela. Eta nire ustez, Juan ezer baino lehen humanista ikaragarri handia izan zen, zintzoa, besteenganako zubi afektiboak eraikitzen maisutasuna erakutsi zuen pertsona. Eta nik esango nuke, humanista zelako heldu zen etnografiaren sustraietaraino, gizabidearekiko konpromisoak berez suposatzen dituen nolakotasun guztiekin.
Lerro batzuk hautatu ditut, beraren eskutik idatzi nuen “Juan Garmendia Larrañaga. Solasean” liburutik, zuen eta nire lagun izandakoaren bizitza estiloaz apurtxo bat jabe gaitezen:
Kaleko umea izan nintzela uste dut. Ez nauzue mendirako zale amorratu horietakoa. Txindokira, adibidez, ez naiz inoiz igo ...Oronozko maristekin Tolosako Bihotzaren Anaiekin baino hobeto ibiliko nintzelakoan hara aldatu ninduten. Baina urtebete bat bakarrik iraun nuen, inoiz ez bainaiz oso diziplina zale izan ... Peritaje merkantila bukatu eta Loiolako kuartelean egin nuen soldadutza baina egunero nentorren etxera trenez eta kuarteletik bueltan trena Galardi paretik igarotzean María Juanita etxeko leihoan egon ohi zen eta agur egiten zidan eskuarekin ... Tolosarra naizenez gero oso inauteri zalea izan naiz beti eta txapak eta bonboa majo astindu ditut urtetan ... Irakurri eta idazteaz gain pilota partiduak izan ditut gogoko eta pilotarien artean gehien gustatu zaidana Atano VII izan da ... Euskaldunok gauza asko izan gaitezke eta gehiago lepora diezazkigukete, baina euskaldunok euskaldun gara, ezta? Gutxi garela? Eta noiztik neurtzen da kalitatea buru kopuruen arabera? ... Ondasunik onena ontasuna da. Ontasuna ez da inoiz gastatu behar; ondasunekin, berriz, nik beti esaten dut mortajak ez duela poltsikorik...
Josemari Velez de Mendizabal eta Juan Garmendia Larrañaga “Juan Garmendia Larrañaga. Solasean” liburuaren aurkezpen ekitaldian Tolosan, 2005eko ekaina.
Juanek esaten zuen, besteenganako begirunearen —errespetuaren— jatorria bere etxeko tertulietako oinarrian zegoela. Gauza jakina da, sendiaren dendako atzealdean egunero solasaldiak izaten zirela, urte luzez, estilo desberdinetako tolosarrak biltzen zirelarik. “Derrigorrezkoa genuen entzuten jakitea” gogoratzen zuen. Eta honek dakarkit gogora Juanen beste esaera polit bat, 2001ekoa, gure gizartea Ibarretxe/Mayor Oreja hauteskunde kanpainan sartuta zegoenean. “Herri honek ez du Mayor Oreja behar, mejor oido baizik” esan zidan goiz batean Miramar Jauregiko Eusko Ikaskuntzaren egoitzan. Hau da, Juanek garrantzia ematen zion elkar aditzeari, gizartearen giro ulergarrirako ezinbesteko osagaiari. Beti bezala, Juanek eskua zuzen jartzen zuen zaurian.
Juan ez zen —ikerketa lanean— berehala aspertzen diren horietakoa. Gaiari gogoz hartzen bazion azkenetaraino iristen zen, ikerketaren alderdi irristakorretan ibiliko bazen ere. Ez zion muzin egiten zailtasunari; aitzitik, pizgarria zen berarentzat ezkutuari aurpegia aurkitzea, eta bilakuntzan jarduten zuen, denbora-erlojuari begiratu gabe. Ikerketa munduan trebatu zen eta ofizioa eman zion. Konpentsazio ekonomikorik gabeko ofizioa, hain zuzen. Juanek gogoratzen zuen moduan, ikerketa garestia irten zitekeen eta kultura munduan ari garenok badakigu induljentziak direla gehien erabilitako moneta. Behin honakoa aitortu zidan: “Hainbeste induljentziarekin, zerurako bonoren bat edo beste irabazita edukiko dudala uste dut”.
Zalantzarik gabe, Juanek zerua irabazita zeukan bi bideetatik: bere lanaren trukeko induljentziengatik eta pertsona ona zelako.
Juan joan zitzaigun arren, bere kultura ekarpena handitzen doa. Horrexegatik bildu gara gaur hona. Eta goian aipatutako “Juan Garmendia Larrañaga. Solasean” liburuan, lurpean ere hazten jarraituko ote zueneko galdera egin nion. Juan ezagutu nuen moduan ezagututa, galdera ez zegoen alperrik botata. “Ni neurtzea hemen geratuko zaretenoi dagokizue, inor ez baita berari buruzko neurriak hartzeko aproposa” izan zen bere erantzuna. Gaurko ekitaldi honek erakusten digu Juanek hazten jarraitzen duela.
Eta horretan paralelismo bat egiten dut sarritan bere maisu eta adiskide izan zuen On Joxe Migel Barandiaranekin. Biak ikerketa-soin diferente samarrekoak genituen arren, biek lan onaren sentsazioa izan zuten helburu, eta ohartuta edo oharkabean biek erein egin zuten euren solo propioetan, beste inork gutxik egin duen eran. Ia-ia lau hamarkadatako elkar ezagutza loratu zuten ataundarrak eta tolosarrak, elkarrekiko egundoko errespetuarekin. “Barandiaranek maite egiten zituen pertsonak” —zioen Juanek— “Artzain batekin mintzatzen zenean artzain bilakatzen zen eta nekazariarekin nekazari”.
Julio Caro Baroja, Joxe Migel Barandiaran eta Juan Garmendia Larrañaga.
Ba, horixe bera egin zuen Juanek, Ataungo jakintsuaren ikasle aplikatua, alegia. Nekaezina genuen eta —“Entre idas y venidas a tomar medidas”— adagioa gustatzen zitzaion eta behin eta berriz aplikatzen zuen. Beti zegoen gertu ikasteko. Baina, bestalde, bazekien balizko daturik gabe geratzea, sakrifikatzea, solaskidea inportunatu edo gogaitu aurretik. Berarentzat inportanteena datu emaileenganako errespeturi eustea zen, azkenik haren terrenoan sartzen ari baitzen, hark hara deitua izan gabe.
“Etnografoak psikologo izan behar du eta alde horretatik tentuz ibili naiz beti”, nik esango nuke urrezko arau hori Juanek bizitzaren arlo guztietara eraman zuela. Psikologoak ez dio kontsultara datorrenari soberazko hitzik esango. Neurtu egingo du bisitarenganako harreman zubia. Juanek ere, elkarri zor izandako errespetuan eraiki zituen guztionganako harremanak. Dena den, Juan —pertsona erantzule gisa— eszeptikoa zen gure gizartean oinarrizko psikologiaren ontasunak bere lana egiten ote zuen. Defizita ikusten zion Euskal Herriari elkar entzuteko ahalmenari zegokionez. Eta alde horretatik min sentitzen zuen, eta zeharo kezkatzen zuena elkar ulertzeko ezintasun horrek kulturari ekartzen zion kaltea zen. Eta zer esanik ez, galera kroniko horretan euskara hartzen zuen alderdirik ahulentzat.
Elkarren arteko inkomunikazio antzuari zion Juanek beldurra. Gizartean hormak eraikitzeak inkomunikazioa dakarrela zioen eta komunikaziorako ezgaitasun hori gizakien baitan den akatsik handientzat zeukan. Gizartearen hormak hilerrikoak baino absurduagoak direla zioen Juanek. “Hilerrian, azken finean, hildakoak baitaude eta gurean, kontrakoa erakusten ez den bitartean, bizidunak” Pertsona bizia izango bada, komunikaziorako bokazioa erakutsi behar du, nahita ez. Horrela pentsatzen zuen Juanek eta jardunbide horretan jaso zuen berak bere eguneroko praktika aberatsa. Gizabidea zuen helburu nagusia, gauza guztien gainetik. Alde horretatik ere, Barandiaranen ezpalekoa zen.
Barandiaran eta Juanen arteko harreman luzea dela eta, duela egun batzuk irakurtzen nuen honako apuntea, On Joxe Migelen egunerokoetan. Tolosarekin dago erlazionatuta eta horregatik aipatu nahi dut:
1972. Abendua. 16n Eguna.— Garmendia Larrañaga (Juan) etorri zatak galdeka ea Abenduaren 19n Tolosa’n Olentzaro’raz itzaldi bat egingo al dedan Larramendi osagillearen omenez. Baietz erantzun.
Gizona lehenik, beraz. Heterodoxo samarra, hori bai, edo ez oso ortodoxoa, Juanek berak nahiago zuen moduan. Ez ortodoxo arlo guztietan, gainera. Berak bere burua katoliko, apostoliko eta ... tolosartzat hartzen zuen. Hortik atera ditzakezue, beraz, ondorioak.
Katoliko, bere erara; apostoliko, gutxi —esango nuke nik—, hitzaren etimologiari (bidalia) erreparatuz gero behintzat eta lan zientifikoari dagokionez. Juan ez zen bidali izan masak kontzientziatzeko, ezta proselitismo kulturala egiteko ere. Juanek bere bidea egin zuen, bidea irekitzen ihardun zuen, aitzindaria izan zen, baina ez zuen txartelik zozketatzen inork atzetik jarrai ziezaion. Nahiago zuen bakardadea, bakardade langiletsua, gizon metodiko eta ikerlari bakartiaren giroa. Horretan ere, ziri umoretsua sartzen zuen noizik behin, Ignazio Mokoroari entzundako esaera errepikatzen zuela: “Aspertzeko, hobe da bakarrik lagunduta baino”.
Beraz, katoliko, apostoliko eta tolosarra. Hamazortzi urterekin —1944an— Ekintza Katolikotik bota egin zuten. Zergatik eta, urte hartako Tolosako Inauterietan parte hartzeagatik. “Por reincidente” Tolosar izatezko karakterra ez zuen Juanek salgai, inondik ere. Eta tolosar izaera horren islapen argia, txantxetarako zeukan trebezia da. “Ez ahaztu Tolosakoa naizenik” —zioen— “Nire bizimodu arruntean gatz eta piperra erabiltzen dudaneko irudia ematen dut, ezta? Zergatik pentsatzen dudan horrela? Mundu honetan lasaia izan behar delako, datozkigun kalamitate guztiei duintasunez aurre egin ahal izateko" Eta amaitzen zuen bere izaeraren gaineko azalpena: “Ezin daiteke izan lasaia eta serio akaberakoa”.
Umore on finekoa eta, nolabait esatearren sokarron samarra ere bai. Behin galdetu nion zer esango zion bere liburuetariko bat ere irakurri gabe zegoen euskaltzaleari. Eta erantzun zidan: “Hasteko zorte ona izan duela adieraziko nioke, denbora irabazi duelako, beste zereginetan inbertitzea erabaki baitu. Gero, ezjakintasunak gaizki ulerturiko zoriontasunera daramala esango nioke” (“No compres, así seguirás feliz, porque la ignorancia arrastra a la felicidad mal entendida”).
Edo beste hura, nire apunteetan gordetzen dudana. Tolosako piperra eta, agian, amaren aldeko Azkoitiko gatza igartzen zaiola esan genezake: “Azpeitian bai, malasuertea; santu bat eduki eta bera kojua!”
Honako hau ere orain arte inori esan gabe neukan, baina interesgarria iruditu zait Juanen izaera definitzeko. Berak kontatu zidan bezala doakizue: Behin udaletxetik zerga agiri bat bidali zioten, Santa Maria kaleko etxe behe baten gaineko ibia zela eta (vado) Agirian “por entrada de carruajes” irakurtzen zen. Juan Udaletxera hurbildu zen haserre eta zinegotziari esan zion: “Habría sido más gracioso si hubierais puesto “por entrada de gigantes y cabezudos”.
Juan etnografoa. Eta Juan gizona. Biak apartekoak.
Juan hitzetako gizona izan zen, hitz idatziak eta ahozkoak, alegia. Asko idatzi zuen eta berba asko erabili zuen lagun hurkoarenganako zubiak eraikitzeko. Zenbat hitz sartuko dira berak publikatutako dozenaka liburu eta artikuluetan? Eta zenbat hitzen oihartzuna ibiliko da espazio sideralean, adibidez,1962-1993 bitarteko hogeita hamabi urtetako tertulietan sortuak? Hitzen magoa izan genuen Juan. Hitz aproposak zituen beti bere hausnarketak adierazteko. Eta lagun hurkoarekiko hitzak laguntzen zion harenganako hurbilketan. Horregatik Juanek ideologia guztietako lagunak zituen bere zirkuluan. Itxi begiak unetxo batez eta gogoratu zeintzuk ziren Juanen adiskideak, Tolosan eta herritik kanpo. Espektro sozial eta politiko zabal-zabalekoak zituen. Pobre eta aberatsak; ezker eta eskuinekoak. “Zuk bide bat egiten duzu hemendik eta nik beste bat handik. Bakoitzak bereari eusten badio, bestearenganako aukera eman gabe, bideak hortxe egongo dira mendetan baina ez diogu elkarri ezertxo ere ekarriko”.
Humanismoaren militante aktiboa zenez gero, filosofo klasikoen zalea genuen Juan eta asko edan zuen haien ikasgaietatik. Catonen aholkuetatik, adibidez, oinarrizkoena egin zuen Juanek bere: “Ez da egun bakar bat ere utzi behar probetxuzko zerbait egin gabe”. Eta hala ihardun zuen, bai ikerketa lanetan baita bizimodu arrunteko auzietan ere. Obra zientifikoari dagokionez noraino bete zuen bere biltegia ezaguna dugularik —oraindik agertu daitekeena kontuan eduki gabe, noski— biltegi pertsonala gainezka utzi zigun. “Sakontasunean gozatu dut bizitza, zintzo jokatzeko ahaleginak egin ditudalako etengabe” esan ohi zuen. Eta hala gertatu zen, aita Ignazio zuenaren ikasgaiei jarraiki, nahiz eta —tolosar umorea berriro agerian utziz— biziari buruz galdetzen zitzaionean, atera zitekeen bere ohiko erantzun harekin: “Bizia? ... Bizia putakeria bat da; eta gero hil egiten zara”.
Baina Juanek hala definitu arren, bazekien biziak oso alderdi onak oparitu zizkiola. Berrogeita hamabi urtez berarekin eguneroko gorabeherak konpartitu zituen María Juanita emaztea zeukan oparirik ederrentzat. Abuztuaren 17a zen, 2002koa, telefono bidez deitu zuenean: “María Juanita joan da” esan zidan, eta hitz haien bidez Juan bere heriotzara arteko hutsune baten atarian zegoela ulertu nuen. Juanentzat Maria Juanita den-dena zen. Arnasa. Bizia.
Aita Ignazio aipatu dut gorago eta hain zuzen hari egozten zion Juanek bere izaeraren muina. “Aitarengatik naiz ni naizen guztia” adierazi ohi zuen. Sendia maite zuen Juanek, bere inguruko zirkulu zentrokideetako kideak oro. Gurasoak, osaba Ziriako, emaztea, semeak, bilobak ... Denekiko harreman estuan eraiki zuen Juanek bere kabia, bere txokoa.
Juan etnografoa. Eta Juan gizona. Biak apartekoak. Eredu eder bat izan genuen, gure artean egon zen bitartean. Eta aurrerantzean ere eredugarria izango dugu bere oroitzapena.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria