Koro MURO ARRIET
Gure Euskal Herritik hasi eta planeta guztira zabaltzen doa nolabaiteko giro “apokaliptikoa”, batez ere etorkizunari begira jartzen garenean: ingurumena, osasuna, zaharkitzea, langabezia, indarkeria, elikadura... mila mehatxuz inguratuta gaudela dirudi!
Baina garaia da gure gizartearentzat nahi duguna irudikatzen hasteko, eta bidean aurkituko ditugun oztopoak gainditzeko hartu beharreko neurriak garatzeari ekiteko.
Hori izan zen, hain zuzen ere, 2016ko ekainean, gure proiektuaren helburu eta leloa:
XXI. mende erdialdeko euskal gizartearen etorkizunaz elkarrekin eta era antolatu baten bidez hausnartzeko, hiritarren partaidetza foroetan oinarriturik, gaur eta biharko ekintza proposamenak luzatzeko asmoz, etorkizuna denon artean eraiki ahal izateko.
Hausnarketa indibiduala eta/edo profesionala gizarte-bizitzaren alderdiei buruz egiten saiatuko gara; zehazki, euskal gizartean gure etorkizuna espazio erkidea eta, aldi berean, deszentralizatua bilakatuko duten egoera desiragarriei buruz. Espazio horretan elkarrizketak sustatuko dira, eta euskal gizartearen etorkizunezko eszenarioak guztien artean eraikiko ditugu.
Erronka berriak proposatuz motibatu nahi ditugu pertsonak. Esan gabe doa helburua, pertsonen inplikazioa lortzea dela, hots, emaitzak lortzea, parte-hartzaileen inplikazioaren, zorroztasunaren eta lan egiteko gaitasunaren bidez. Azterketa estrategikoak partekatzen badira, konpromiso kolektiboaren sintesia lortzen da.
Urtebeteko bide honetan, eta sorkuntzako izpirituari estuki lotuta, hainbat gai ezberdinei ekin diegu gure hausnarketa kolektiboetan: hiri sortzaileak, erronka demografikoa, mugaz gaindiko ekintzailetasuna, etorkizuneko herri txikiak, diaspor(ar)en geroa, zaharkitze aktiboa, energia berriztagarrien inguruan sortutako herri-ekimenak, ezagutzaren gizartea zer ote den, euskararen inguruan lortu beharreko adostasunak...
Eta guzti-guztietan, hausnarketarako tartea eskaintzeaz gain, etenaldia, gogoeta, elkarrizketa eta elkarbizitza lantzen saiatu gara, Euskal Herri osoko partaideak erakarriz (eta Euskal Herritik kanpokoak ere, maiz) eta ikuspuntu eta esperientzi ezberdinak ezagutaraziz.
Asko izan dira gure foroetan parte hartu duten pertsonak, eta anitzak euren kezkak, jatorriak eta ikuspuntuak. Batzuek bazuten Eusko Ikaskuntzaren berri edota bazkideak ziren, besteak ez ordea. Proiektu honekin lortzen ari garen beste helburua, hain zuzen ere, jendartea erakartzea eta gure erakundean egiten ari garena ezagutaraztea baita.
Ia gure proiektuaren hastapenekin kointzidituz, Frantzian “Demain” (Bihar) izeneko dokumentala aurkeztu zen iaz. Dagoeneko sari ugari eta aintzatespen orokorra jaso duen filmak, hain zuzen, gauzak egiteko beste bideak bilatu, aurkitu eta erakusten dizkigu munduan zehar. Eta jaso ditzakegun ikasbideen artean hiru nabarmenduko ditugu gure proiektuarekin bat datozelako bete-betean:
. Aniztasuna, aniztasuna eta aniztasuna: arlo guztietan eta ikuspuntu ezberdinetatik, nahitaezkoa da. Laborantzatik hasita (monolaborantzaren “onurak” ekoizpen-sistema bahitu bai du), diru-merkatutik pasatuz (herri-monetak sustatuz moneta orokorrak baztertu gabe), energia-iturri eta gobernantza eredu ezberdin eta osagarriaz ahaztu gabe. Gure kasuan, aniztasuna bai partaideetan bai gaiak lantzeko erabiltzen ari diren ikuspuntuetan islatzen da ere.
. Herri-ekimenen ahalduntzea: Gobernu, multinazional, erakunde eta botere faktikoengandik ez ditugu beharrezkoak diren aldaketak lortuko. Bakoitzak bere eremu eta ingurunean jarduten bada, pixkanaka, egoerak aldatzen joango dira, etorkizuna elkarrekin eraikiz.
. Optimismoa: Gerora begira baina gaurtik hasita lanean jartzen bagara, hein batean etorkizuna gure esku dagoela sentituko dugu. Adimen kolektiboaz baliatuz eta guztion partaidetza sustatuz.
Gure proiektu hau, Eusko Ikaskuntzako beste proiektuetan sortutako galdera eta erronkez hausnartzeko abagune izatea nahi izango genuke, nolabaiteko osagarri eta guztien bilgune izan dadin. Eta horretarako, euskal gizartearen begirada etorkizunerantz bideratuko dugu, gaurko egunetik abiatuta, burua zabalik eta oinak lurrean izanik.
Ildo honi jarraiki, datorren urterako bidea egingo dugu, XVIII. Kongresu-arte, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrenaren ospakizunerarte, non galderak argitu eta irtenbideak proposatzeaz gain, erakundearen eta gizartearen etorkizuneko lan-lerroak definitzeko aurrerapausoak emango diren.
Etorkizun hurbilean, nahi dugun gizartea, hein handi batean behintzat, izango dugu gizartea izan dadin.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria