Portada

Ziberfeminismoa. Identitatea (bir)sortzen, errealitatea (des)itxuratzen

Oihane IRAGÜEN ZABALA

Ziberfeminismoak artea eta teknologiaren arteko harremanak zehazten eta eraldatzen ditu, nahiz eta esparru ezberdin bi hauek kontrakoen itxura eduki gaur egun euren arteko harremana geroz eta estuagoa da eta postmodernitatean eta posthumanitatean euren arteko mugek bat egiten dute. Ziberfeminismoak artearen bitartez kontraesanak azaleratzen ditu, semiotikaren aldakortasuna gailentzen du, harremanak eraldatzen eta eztabaidatzen ditu, identitateen eta mugen plastikotasunarekin jokatzen du eta arauen elastikotasunaren hausturara eramaten du edo eraman beharko luke.

Iaz argitaratu nuen artikuluan (“Ziberfeminismoa. Politika identitarioen desegite eta berregitea”) teknologia, artea eta feminismoak osotzen duten hirukoteari buruz hausnarketa egin nuen. 90ko hamarkadan feminismoak eta teknologia berriek bat egin zutenean ziberfeminismo hitzaren bidez mintzo ziren adituak. Ziberfeminismoak erantzunkizun anitz biltzen ditu bere baitan eta horietako adierazgarrienetariko bat identitate berrien sorrerarako duen joera da. Feminismoaren korronte jaioberri honek ekimen sortzaile etengabean jardutea dakar: gailu teknologikoak direla medio identitateak sortzen dira, ekintzak asmatzen dira, sexua eta generoa aldrebezten dira. Teklatua eta arratoiaren bitartez kolore berrietako pintzelkadaz margozten du errealitatea. Beraz ziberfeminismoak artearekin duen lotura oso estua da, ekimen gehienak net.art-arekin harremantzen dira lehen urratsetan, eta ziberfeminismoaren hastapenetatik gerora bideosormenarekin eta game.art-arekin lotu izan ohi dira. Aldaketa teknologikoak, internet, sare sozialak, software libreak gizabanakoaren berregitea sortzen dute, eta ziberkulturan murgildutako ekintzaileek emakumearen itxuraketa edota desitxuraketarako sortutako abaguneaz jabetu ziren. Ziberkultu(r)ak, generoak eta arteak bat egiten dute identitatearen eraikuntzan eta errepresentazioan, generoa bait da gure identitatea errepresentatzeko eta adierazteko modurik primitiboena, generoa identitateari eta sorkuntzari datxekio.

Ziberfeminismoa 90ko hamarkadan sortu zen, teknologiaren esparruan gauzaturiko praktika eta teoria feministek edukitako bultzadaren eraginez. Informazio eta komunikazio teknologiek (IKT) ziberfeminismoaren lehen urratsak bultzatu zituen. Era berean, 90ko hamarkadan Manifesto Cyborg argitaratu zuen Donna Haraway-k, 1991an hain zuzen, eta feminismoan korronte berri bat hedatu zen manifesto honen ondorio gisa. IKT-ek identitateak kolokan jartzen hasi zituzten unean, modu paraleloan, hasi ziren bultzada ikaragarriarekin teknologia, zientzia, arte hipermedia eta feminismo zibernetikoa. Beraz, arakatu bariko zonaldeetarako norantzan zubiak eraikitzen hasi zituen feminismoa-ziberkultura-teknologia trinomioak. Teknologiak berak gizartea aldatzen du eta gizarteak teknologia aldatzen du baita, simbiosi eta dialektika horretan non gizartea aldatua eta baldintzatua den generoaren muga bigun eta moldagarriak azaleratu ziren. Garai berean Sadie Plant britainiar filosofa ziberfeminismo hitza erabiltzen hasi zen eta Australian lehenengo artisten kolektibo ziberfeminista sortu zen: VNS Matrix. Harawayren eraginez ziberfeminista aitortu zuten euren korrontea eta testuingurua, eta gerora “Cyberfeminist manifesto for the 21st century” (1991) idatzi eta argitaratu zuten. Hau guztia dela eta, 90ko hamarkada gaur egungo gizarteko hazitegia izan zela esan dezakegu, egiteko/pentsatzeko modu berriak barra-barra azaleratu bait ziren.

Signe Pierce, Big sister is watching you

Signe Pierce “Big sister is watching you”.

Beste alde batetik, Sandy Stone pentsalalari transexualak “Will the Real Body Please Stand Up?” (1991) idatzi zuen: ziberespazioa, desira eta gorputz birtualaren arteko ikerketa lana zen, bertan 90. hamarkadako eztabaidak azaleratu zituen gorputza eta gorputz teknologikoa hausnarketen ardatz izanik. Sistema binarioak (natura/kultura, emakumea/gizona, analogikoa/digitala, fisikoa/birtuala... ) eginkizun argi bat zeukatela aldarrikatu zuen: “xede politiko eta ekonomikoaren mugak mantentzeko estrategiak dira, eta beraz, esanahiak sortzeko estrategiak baita”.

Beraz, sistema binarioak sortzerakoan esanahiak indartzen dira eta errepikapenarekin bat legitimatu egiten dira. Hamarkada horretan, ziberfeminismoaren lehen urratsetan, ideia berri batez jabetu ziren ziberkulturan murgildutako zenbait ekintzaile: sistema binarioak deusestatzea edota deskodifikatzea hainbat esanahi berri eta anitz ekarriko lituzkeela, esanahi berri horien anabasa horrek mugak apurtzen lagunduko lukeela, eta era berean, esanahi ihartuek zentzu berriak sortzeko pizgarri izango liratekeela. Horrela, esanahiak birsortzen semiotika berriek argia ikusiko lukete alegia. Haraway-k honi teknoliberazioa deitzen zion: esanguren irmotasunean ebakiak egin eta ebaki horiek handiagotuz esanahiak liberatu egiten bait dira. Norberak bakarka edota modu kolektiboan ohikoa dena desitxuratuz eta arrotza dena itxuratuz, binarioa bakana bilakatzen edo binarioa dena desagertarazten alegia.

Pertsonaren bakantasuna eta bakantasun eza gailentzen ditu internetak egun, batez ere sare sozialak, ezer-ez ekoiztea izango litzatekeelako gaur egun ekoizteko modurik bakanena, arrotzena. Ez baldin badago ez delako existitzen. Bakarrik sare sozialetan eta internetan orohoar, edukiak igoz, ekoiztuz, “gu”k ekoizten dugu hipermedia. Hipermedia, onerako edo txarrerako, ez da ezer ez erabiltzaile barik. Hipermediak berak errepikapena sustatzen du erabiltzaileen jokabideetan, errepikapenen bidez legitimatzen bait dira esanahiak.

Beraz, 90ko hamarkada horretan, teknoliberazioaz kontziente izaten hasi ziren, baina teknologiaz egiten zen erabileraren zenbaterainokoaz jabetu egin ziren ez dakit. Lengoaia informatikoa, gaur egun unibertsala da, genero bariko lengoaia, ingelesa eta euskera bezalakoa. Horretaz ere baliatu izan ziren, eta horretan dihartute ziberfeministek.

Errealitatea simulakro bat da, esfera publikoa simulakro bat da, esfera pribatua simulakro bat da:

“Haciendo del Nick un simulacro del yo virtual liberado”.
(69. Orria, Xoy1-ensayos sobre género y ciberespacio)

Feminismoa eta ziberespazioa daukaten harremanagatik sortu zen ziberfeminismoa, esfera publikoa den esfera pribatutik borroka egiteko eta politika identitarioak sortzeko, desegiteko eta berregiteko asmoarekin. Artea sormenerako espazioa eta errepresentazio tresna baldin bada, interneta ere bai. Kultura egun sare-kultura dela egieztatu dezakegu eta sareak errepikapenaren bitartez legitimazio herramintak sendotzen dituela. Konektibitatearen garai honetan Remedios Zafrak arakaturiko “gela propio konektatuaren” ideiaren islada zuzena gara, gure gela konektatuetan gara eta gela konektatuetatik egiten gara. Esfera pribatua eta publikoa bat egin dute gure espazio intimoetan, bakoitzaren esku geratu da bere intimitatearen muga, norberaren identitatea plazaratzeko mila bide ikertzear daude bai artean bai ziberkulturan, bai genero aldetik. Generoa bakoitzaren identitatea adierazteko bide bat baldin bada, artea eta feminismoa ditu gaur bidelagun.

VSN Matrix-en lana

VSN Matrix-en lana.

Beraz artearen atal bat da ziberfeminismoa, edo aldebrez. Arte ziberfeministak parodia erabiltzen du maiz errepresentazio eta idazkera moduak iraultzatzeko, forma dominanteak kolokan jar daitezen. Errepikapenaren performatibitate horretan, zentzuaren galera dakarren errepikapen horretan alegia, errepikatua dena arrotz bilakatzea du helburu. Esanahiak mantentzeko berretsi egin behar bait dira.

Duela egun batzuk Asier Serranori egindako elkarrizketa bat entzun nuen. Irun Hiria saria jaso berri du euskarazko poesia atalean eta bere lanean emakumeei ahotsa ematen saiatu egin da egile eibartarra. Teknologia zaharrenetariko batez baliatuz, idazkera hain zuzen, emakume baten ikuspuntutik idazten trebatu da Denen mina da nirea poesia liburuan. Elkarrizketan deigarri suertatu zitzaidan nola azalaren deskodetzeari erreferentzia egiten zion, nola arrotzatze prozuaz mintzo egin zan kodifikazio eta deskodifikazioaren azpijokoak azaleratuz. “Nire mina nirea da, baina min hori unibertsala izaten da” dio Serranok eta Denen mina da nirea liburua “ni eta gu hortan ahaztua gelditu den zu hori”-ren islada da. Gertutasun ezberdinen deskodifikazio lan itzela da poesia liburu hau, sexua, generoa, maitasuna eta batez ere ni, gu eta zu-aren deskodifikazio itzela. Serranoren hitzek oharartarazi ninduten gure gela konektatu bakanak unibertsalak direla, minak burukoiak direla, minak denonak direla errepresentazio eta adierazpen moduak diren heinean. Teknologiak gure bakantasunari norberekoitasuna kentzen eta gehitzen dio aldiberean, denok ni eta gu izaten ari gara aldi berean “zu” hori garelaren itsumenaz ehortzirik geratzen den bitartean. Ziberkultu(r)ak “zu” amaigabeak eskeintzen ditu nahiz eta “ni” eta “gu” horretan murgiltzen jarraitzeari ekiten diogun.

Amy Ireland, Virginia Barratt eta Francesca da Rimini

Amy Ireland, Virginia Barratt eta Francesca da Rimini.

BIBLIOGRAFIA

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko Ikaskuntza