Portada

Hizkuntza eta kultura aniztasuna; eskola eremutik hainbat erronka

Naiara BERASATEGI

Egungo gizarteetan, gero eta ohikoagoa da, egoera eleaniztun eta kultur anitzak topatzea. Oro har, mundu mailako ikuspegitik gizarteak gero eta pluralagoak dira eta, gaur egun, nekeza da elebakartasunaz edo kultur bakartasunez hitz egitea; nahiz eta errealitateak askotarikoak diren, gero eta gehiago gizarteak ere ele eta kultur aniztunak direlako.

Euskal-eskola ere gizartean bizi den aniztasun linguistiko-kulturalaren adierazle da, azken urteetan beste lurralde batzutetatik etorritako pertsonen igoera nabaria izan da, eta horrekin batera hizkuntza desberdin berri asko ere iritsi dira. Zentzu honetan, eskola ere erronka handi baten aurrean dago. Euskararen normalizazioaren bidean oraindik ere egiteko handia du eskolak, ikasleak euskaldun izan daitezen. Hortaz, garrantzitsua izango da bide horretan plangintza, proiektu, programa... egokiak garatzea, eskolak ikasleek euskara jaso eta menpera eta erabili dezaten. Bestalde, etorri berrien benetako integrazioa gerta dadin, ezinbestekoa izango da etorri berriek bertako hizkuntzak barneratzea, baina, aldi berean, beraien hizkuntza eta kultura ere neurriren batean mantenduz. Eta hori sustatzeko pausoak eman beharko dira.

Euskara eta espainiera ez diren, bestelako hizkuntzak dituzten ikasleak, gero eta gehiago dira ikastetxeetan. Eskoletan nagusitzen diren ikasle etorkinen hizkuntzak diren 5 hizkuntzetatik, nagusiena espainiera da. Ikasle etorri berrien %63 etxeko hizkuntza espainiera da. Ondoren, %10 gainditzen duten hizkuntzak dira portugesa (komunitatea lusofonoa: Portugal, Brasil, Mozambike, Angola eta Kabo Berde) eta arabiera/tamazight. Txinera eta errumaniera %10ren azpitik kokatzen dira. Argi dago, beraz, ikas zentroetan beste hizkuntza batzuk dakizkiten ikasleen presentzia gero eta nabariagoa dela (Etxeberria, 2006).

Bilbon kokatutako beste ikerketa batean (Berasategi, 2014) ere ikusi izan da eskoletan dagoen hizkuntza aniztasuna handia dela, euskara eta espainiera ez diren 20 hizkuntza aurkitzen baitira. Horien artean, nagusienak: bereberra (Tamazight), arabiera, portugesa, txinera eta errumaniera (1. Taula).

1. Taula. Ikasle etorkinak eta euren familian hitz egiten diren hizkuntzak

Signe Pierce, Big sister is watching you

Era berean gure testuinguruan gogoan hartu beharreko beste datu esanguratsu bat da ikasle etorri berriei begira. Ikerketa desberdinek aditzera eman duten bezala, gehiengoa ez da D ereduan matrikulatzen bertako ikasleen gehiengoak egiten duen bezala, baizik eta A eta B ereduan (Berasategi, 2014; Ikuspegi, 2010; Septíen, 2006; Zapata, 2006) eta honek guztiz mugatzen du ikasle horiek izango dituzten hizkuntzak ikasteko aukerak, eta bertakoen aldean desabantaila egoera batean kokatzen ditu. Euskalduna ez den ereduan matrikulatzeak, ikasleak euren harreman sareetan euskaraz dakiten ikasle gutxiago egotea ekartzen du, eta hori ere oztopo bat bihurtzen da ikasle hauek euskara ikasi eta erabiltzerako orduan. Bide horretan, garrantzitsua izango da, baldin eta ikasle etorkinak bertakoak dituzten aukera berdinak izatea nahi badugu, ereduen aukeraketa honek ekar ditzakeen ondorioak jendarteari azalaraztea, eta bereziki ikasle hauen gurasoei, eta egoera horri aurre egiteko, neurriak hartzea.

Etorri berriak harrera-herrialdera iristean, hainbat zailtasun eta erronkei aurre egin beharrean aurkitzen dira, eta horien artean, bertako hizkuntza edo hizkuntzak ikastea izaten da erronka nagusienetakoa. Kasu askotan, etorri berrientzat harrera lurraldeko hizkuntza edo hizkuntzak erabat arrotzak izaten dira. Baina, beste batzuetan ez, izan ere, etorkinen jatorrizko herrialdeko hizkuntza eta harrera-herrialdeko hizkuntza berbera izaten da. Baina bada hirugarren kasu nagusi bat ere: litekeena da etorri berriak harrera-lurraldeko hizkuntza bat jakitea, baina ez bestea, edo besteak. Azken hori oso ohikoa da, esate baterako, Hego-Ameriketatik Hego-Euskal Herrira datozenen kasua (Manterola & Berasategi, 2012). Era berean, eskolarentzat erronka berriak suertatzen dira, horien artean, hizkuntza eta kulturaren trataera nolakoa izango den ere nabarmentzekoa da. Azken batean, Serra-k (2002) dioen moduan, azken urteotan nabarmen aldatu den eszena berri baten aurrean gaude, arazo berriak sortu dira, eta horrek planteamendu eta prozedura berriak eskatzen ditu.

Bide horretan garrantzitsua izango da harrera herrialdetik era askotako mekanismo eta bitartekoak eskaintzea, etorkinek hizkuntza berri horiek ikas ditzaten. Garrantzitsua baita harrera lurraldeko hizkuntzak ikastea, bai hauen garapen pertsonalerako eta bai integrazio soziokulturalerako. Baina bestalde, oso garrantzitsua da, baita ere, etorri berrien hizkuntzak sustatzea. Hau da, etorkinek ez ditzatela euren jatorrizko hizkuntzak alde batera utzi, harrera-lurraldeko hizkuntzak ikastearren. Jakina delako, era berean ere, ikaslearen H1ak duen eragina H2an, betiere oinarrizko baldintza batzuk ematen badira: 1) H2arekiko esposizio egoki bat, bai eskolan eta bai inguruan, 2) H2a ikasteko motibazioa (Cummins, 1979).

Euskal Herrian ere eskolaren bidez lortu da gazte asko euskalduntzean

Euskal Herrian ere eskolaren bidez lortu da gazte asko euskalduntzea, eta eskolak izan duen papera euskararen normalizazioan ezin uka daiteke.

Beraz, hizkuntzen eta kulturen erabileraren auzia ez da kontu erreza. Sarri, eskola izan da hizkuntza berreskurapenerako eta erabilerako esparru giltzarria. Euskal Herrian ere eskolaren bidez lortu da gazte asko euskalduntzea, eta eskolak izan duen papera euskararen normalizazioan ezin uka daiteke. Horregatik guztiagatik, errealitate berri eta anitz horren aurrean, eskola aproposa izan daiteke hizpide dugun aniztasun linguistiko eta kultural berri hori kudeatzeko, eta hizkuntzei eta kulturei dagokien lekua aitortzeko. Horretarako, ezinbestekoa izango da esku-hartze eta programa baliagarriak eta arrakastatsuak martxan jartzea, beharrezkoak diren giza baliabide eta baliabide materialak eskainiz.

Egoera horri aurre egiteko, garrantzitsua litzateke ikasleen euskararen erabilera bultzatzeko, eta ahozkotasuna lantzeko ere, guneak zabaltzea, gune formaletik haratago doazen gune “naturalak” sortuz. Horretarako, dauden solasaldi guneez baliatzea litzateke aproposena, baina horiek egon ezean, bestelako guneak sortzea litzateke bideetako bat, eta bide horretan, eskolaz kanpoko jarduerak izan daitezke jomugetako bat.

Eskolan presente dauden kultura eta hizkuntza guztiak kontuan hartu eta ekimen inklusiboak bideratu beharko lirateke: ikasleen hizkuntzen gaineko informazioa zabaldu eta eskolan hizkuntza horiek horma-irudien edo bestelako bitartekoen bidez ikusaraztea izan liteke bide bat. Halaber, askotariko jatorriak dituzten ikasleak ezberdintasunak onartzeko hezi behar dira, eta hortik abiatuta, elkarrekintza komunikatiboetan irakasleek zein jatorriz bertakoak diren ikasleek euren jarduna etorri berrien hizkuntza-gaitasunetara egokitzen ikasi behar dute.

Bide horretan ere garrantzitsua izango da gelan erabiltzen diren metodologiak aktiboak izatea eta ikaslearen parte-hartzea sustatzea, era honetan ikasleari hizkuntza erabiltzeko aukerak zabaltzen baitzaizkio, ahozkotasuna landuz. Ikasleak bere hezkuntzaren partaide aktibo bihurtu behar du, eta hori lortzeko bere nahi eta beharretatik abiatu beharra dago. Ikaskuntza prozesu osoa subjektu aktibo bihurtzeak, aldi berean, ikaslearen beraren motibazioa handitu eta jarrera hobetuko duelako. Ikasleak aurkikuntza eta esperimentazio bidezko ikaskuntza egin dezan bilatuko da. Metodologia hau aurrera eramateko ikuspegi kolaboratzailea erabiltzea guztiz baliagarria izango da, horrela ikasleen arteko harreman-sareak zabaltzea eta finkatzea lortzen delako eta, era berean, ikasleen arteko konplizitatea eta harremanak hobetzen direlako.

Bestalde, ezinbestekoa izango da bide luze zein aberats horretan, komunitate guztiaren inplikazioa, eta bereziki guraso eta ikastetxearen arteko elkarkidetzea. Jakina baita edozein ikaskuntza prozesu era arrakastatsuan gerta dadin, familiaren inplikazioak izan dezakeen garrantzia. Horregatik, eskolak guraso etorkinen parte hartzea bideratu eta indartu beharko luke, baita familiaren motibazioa sustatu ere, haurrak animatzeko eta laguntzeko bere ikas prozesuan. Gurasoei adierazi beharko zaie lurraldeko hizkuntzak ikastea, nahiz eta askotan hizkuntza gutxitua izan, lagungarri izan daitezkeela euren haurra lurralde horretan integratzeko. Baina era berean, funtsezkoa izan daiteke gurasoek ikustea eskolak euren jatorrizko hizkuntzak errespetatzen dituela eta baliagarri ikusten dituela. Izan ere, horrek guraso zein haur etorkinek, beren hizkuntzarekiko identifikazioa handitzea ekarriko duelako.

BIBLIOGRAFIA

Berasategi, N. (2014). Hizkuntza eta kultura aniztasuna Bilboko eskoletan. Euskararen erabileran eta euskal kultur praktikan eragiten duten faktoreak. PhD thesis, University of the Basque Country-UPV/EHU.

Cummins, J. (1979). Linguistic interdependence and the educational development of bilingual children. Review of Educational Research, 49, 222-251.

Etxeberria, F. (2006). Enseñanza de las lenguas con alumnos inmigrantes. Euskonews. Retrieved 01/02, 2014.

Ikuspegi@k. Gizarte Gaien Behatokiak (2011). Datu estatistikoak. Retrieved 02/10, 2013 from http://ikuspegi-inmigracion.net/es/estadisticas/estadisticas.php
Manterola, I., & Berasategi, N. (2012). Hizkuntza gutxituen erronkak. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.

Serra, J.M. (2002). Inmigrazioa, hezkuntza eta hizkuntza aniztasuna. Hik Hasi, Etorkinak gure eskolan 9. Monografikoa, 18-23.

Septién, J. (2006). Mugarik gabeko eskola. Ikasle etorkinen irakaskuntza Araban. Vitoria-Gasteiz: Ararteko.

Zapata, M. (2006). Etorkinak eta hizkuntza ereduak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko Ikaskuntza