Portada

Kontzertu Ekonomikoa: definizioa eta jatorria

Mireia GARAY ELEXPURU

Kontzertu Ekonomikoa termino nahasia da batzuentzat eta beste askorentzat definiezina. Euskal Lurraldeen eta Estatuaren arteko harreman finantzario eta zergazkoa horren bitartez arautzen da. Modu berean, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan zehaztutako kontribuzioak, errentak eta zergak ordaintzeko beharra adierazten du. Horrela, Foru Aldundiak behartuta daude itundutako zergengatik ordaintzera. Hori kupoaren bitartez egiten da eta haien esku egongo da kupoa biltzeko modurik eraginkorrena zein den zehaztea. Hori ikusita, esan dezakegu Foru Aldundiek ahalmen ekonomiko-administratibo handia daukatela; azken batean, urtero Euskal Lurraldeak bete beharreko kantitate bat zehazten da eta horren bilketa Aldundien esku geratzen da1.

Autonomia fiskal horren jatorria ulertzeko hainbatetan aipatutako 1876ko uztailaren 21eko legean eta 1877ko azaroaren 13ko Errege Dekretuan jarri behar dugu begirada. 1876ko legea aintzat hartuta, Kontzertu Ekonomikoaren ikuspegi legala funtsean bertan eraikitzen da, 5. Artikuluaren 2. Paragrafoan, hain justu ere. Hori ez ezik antzinako foru erakundeen deuseztapena ere ekarriko zuen lege horrek, bai zerbitzu militarra, bai errentak, bai zergak eta beste kontribuzioak ordaintzeko beharra ere. Horiek Estatuko aurrekontu orokorretan esleituta geratu ziren eta Gobernuaren antolaketa berriaren oinarriak ezarri zituen. Ez da gutxienekoa aipatzea, nola lege horren 4. Artikuluak erregimen forala onartzen zuen.

1877ko Errege Dekretuari zegokionez, esanahi historiko bikoitza zuen. Alde batetik, salbuespen fiskalari amaiera eman zion; eta, ondorioz, foruen amaiera. Horren eragina, labur-labur esanda, hiru Probintziei tributuak eskatzea izan zen eta ez dohaintza, ordura arte bezala. Bestetik, erregimen ekonomiko berri baten hasiera ekarri zuen. Beraz, Erregimen Kontzertatuaren hasieratzat jo dezakegu.

Autonomia fiskal horren jatorria ulertzeko 1876ko uztailaren 21eko legean eta 1877ko azaroaren 13ko Errege Dekretuan jarri behar da begirada

Autonomia fiskal horren jatorria ulertzeko 1876ko uztailaren 21eko legean eta 1877ko azaroaren 13ko Errege Dekretuan jarri behar da begirada.

Paradigma berri horretan, Bizkaiak ez zeukan bere osotasunean foru administrazioa, baina Kontribuzioaren ordainarazpenean, akordio batera heltzeko estimuan izan zuten lurralde horren esanak. Proposamenen harira, administrazioaren, erregimenaren eta Probintziaren Gobernuaren arrazoizko independentzia lortzea bultzatu nahi zuten. Berebat, kupoaren gehiegizko ezarpena aitatu zuten; eta, noski horren beherapena egiteko beharra, baina baita hornidurak, Kultu eta Klero eta ogiaren inguruko beherapenak ere egitea eskatu zuten2. Desadostasunak desadostasun, Canovasekin akordio batera heltzeko aukerak bazeuden, azken horren borondateagiltzarri izan zen horiek aurrera eramateko.

Bizkaiko lurraldeko negoziazio esperantza horren aurrean, Gipuzkoa eta Araba zeuden. Bertako desadostasunak eta ika-mikak nabari baino nabariagoak izan ziren. Proportzionaltasunari begira, horren ezarpena ez zuten begi onez ikusi ezta horren atzean zegoen uztailaren 21eko Legearen betebeharra ere. Horren aurrean, bi probintzia horien Aldundiak hartutako erabakia argia izan zen: Errege Dekretua ez betetzea, foruen abolizioa baitzekarren.

Egoera zein zen ikusita, Canovasek ez zuen birritan pentsatu, eta Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak deuseztatu zituen. Erabaki gogorra izan zen arren, egoera nahasi horiei guztiei irtenbide bat aurkitzeko borondate politikoa egon zela baieztatu dezakegu. Canovas buruz jantzia zen, eta berak eta bere Gobernu Kontserbadoreak ere Euskal Lurraldeen bereizitasun historikoak mantentzeko ahalegina egin zuten, soberania nazional liberalaren pean. Azkenik, foruzale toleranteen negoziazio borondatea ere nahitaezkoa bilakatu zen Kontzertuaren sistema eratzeko.3

1 Javier Perez Arraiz. “Origen del sistema del concierto”, El Concierto Económico evolución, caracteres y fundamento de la financiación vasca, Oñati, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 1992;45-50.

2 J. Eduardo Alonso Olea. “Concierto Económico y la formación del Estado. Los límites de una centralización teórica”, El Concierto Económico (1878-1937). Orígenes y Formación de un Derecho Histórico, Oñati, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 1995;57-61.

3 Javier Pérez Arraiz. “Evolución histórica del sistema de Concierto Económico”, El Concierto Económico evolución, caracteres y fundamento de la financiación vasca, Oñati, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 1992;48.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko Ikaskuntza