Iñaki Alberdi Sagardi
IÑAKI ALBERDI SAGARDI
Makilak
2001-2002 / 12-01 / 21-04
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

  Argazkia
Zur mota desberdinak erabil daitezke: mizpirondoarena, gaztainondoarena eta abar. Adarra neguan mozten da, ilbeheran, eta sutan berotu ostean zuritu egingo da, oraindik berde dagoela, lana errazteko. Aurreko kasuan bezala, makila zuzendu beharrik balego, sopletearen beroa eta orkoia erabiliko dira. Behin lehortutakoan, kare eta uretan sartuta utziko da pare bat orduz, hain berezkoa duen tonu marroi iluna lortzeko, eta garbitu ostean eguzkitan lehortzen utziko da. Makila erabiltzen hasi baino lehen gutxienez urte bete igarotzea komeni da, zura "asentatu" dadin.

  Argazkia
Behealdean, eskuz landutako letoizko zorro bat ipintzen zaio, puntzoi eta mailuaz dekoratutako zeinu bereziak daramatzala (artisauaren eta bezeroaren izena ere bai, azken honek hala nahi izanez gero). Zorroaren barrualdean beruna sartzen da, makila leku horretan astunagoa izan dadin, eta behin bukatuta dagoenean zama ondo orekatua egoteko. Zur bakoitza desberdina den moduan, desberdina izan behar du baita pieza metaliko bakoitzak, bestelakoan oso zaila izango bailitzateke lortu nahi den perfekziora hurbiltzea. Zorrotik altzairuzko gurutzeta bat irteten da, lurra ukituko duena, eta kontrako aldetik material bereko ziri bat, zurarekin bat egiteko. Zorroaren eta zuraren tartean txanpon bat sartzeko ohitura zaharrari eusten zaio, bere borobiltasuna paregabea delako forma hori bera daukan makilari topea egiteko. Horregatik, makilen diametro berbera daukaten txanponak aukeratzen dira beti.

Goialdean, kirtenari enroskatuta, altzairuzko punta bat sartzen da. Kirtena, bastoia eusten duen haria daraman hodi luze bat da. Kanpoaldea larru trentzatuz estaltzen da, beltza normalean, eta gainean adar baten hezurrarekin egindako bola bat ipintzen zaio -lehen idiaren adarra erabiltzen zen, baina gaur egun pusketak ipintzen dira Bidasoaren bestaldean (egungo legediak debekatu egiten duelako adarrak inportatzea)-.

Argazkia

Zati metalikoan, artisauak berak edota bezeroak hautaturiko esaldi bat grabatuko du, lauburua bezalako euskal sinbolo batzuekin batera. Beraz, honelakoak irakur genitzake zati horretan: Hitza hitz, Hitzemana zor, Ihes etsaiak, Nerekin beti zuzen, Nerekin inoren beldur, Nere bideko laguna, Nere laguna eta laguntza, eta abar.

Makila erabat prest izateko azken pausoa, argizaria ematean datza. Bezeroari noizean behin trapu lehor bat pasatzea eta intxaur mamiz igurtzitzea aholkatzen zaio, horrela bere olioa xurgatu eta zurak distira egin dezan.

Argazkia

Iñaki Alberdik beste makila garestiago batzuk ere prestatu ohi ditu, metalaren eta larru trentzatuaren ordez alpaka edo zilarra daramatenak. Horrelakoak, normalean, agintari eta pertsonalitateentzako opari ofizialak izaten dira.

Makila hauek ez daudenez mendian ibiltzeko pentsatuta, adar mehe batzuk aukeratzen dira, piezei estilizazio bikaina ematen dietenak, eta zorro fin batzuk ipintzen zaizkie; horrela, materialak garestiak izan arren, aplikazio ekonomikoak izaten dituzte, nolabait orekatzeko. "Ohorezko makila" hauetako uhalak marroiak izaten dira, zuraren kolore berekoak, ohiko makiletako beltzaren ordez. Luxuzko pieza hauetan, zilarrezko txanponak ipintzen dira behealdean.

Argazkia

 

 Galeria
Bilatu Euskonewsen