Artisaua | |
Prezioak |
ARTISAUA
Gaur egun modu industrialean egiten dira aizkorak gure artean -hor ditugu, esaterako, BELLOTA etxekoak-, eta badira konponketa lanetan aritzen diren zenbait errementari ere. Baina bada aizkorak eskuz egiten jarraitzen duen artisau bat: JOSÉ
GENEALOGIA
Gure gaurko artisauaren aitona Juan Antonio Jáuregui Aróstegui zen, "Beantetxe" ezizenekoa, 1896an Amezketako izen bereko baserrian jaio zen-eta. Ferratzaile eta errementaria izan zen. Amezketako Ugarte auzoko Ugarte-Aundi baserriko Ramona Iturberekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten. 1966ko urtarrilaren 27an hil zen.
OHAR BIOGRAFIKOAK
Juan Antonio Jáuregui Aróstegui, "kojua" deitzen zioten artzain baten semea zen -egiaz ere herrena zen-eta-. Beantetxe baserrikoa zen artzain hau. Juan Antonio Amezketako Ola baserriko Sagastume familiaren eskutik hasi zen lanbidea ikasten. Hauek errota, ogidenda, zerrategia eta ferraketa eta errementaritza lanak egiteko tailer bat zeuzkaten. Eguneko 15 zentimo ordaintzen zizkioten, eta bertan ematen zioten jana ere. 1927an, bere familia Urnietara joan zenean bizitzera, José Zumalacárreguiren tailerrean hasi zen lanean, baina nagusiarekin izandako tirabira batzuren ondorioz, 1932an independizatzea erabaki zuen, eta hurbileko txabola batean ipini zuen bere potroa. Berarekin batera, bi ikasle jarri ziren lanean. Hauei, mantenuaz gain, diru apur bat ere ematen zien. Horietako batek, Vicente izeneko mutikoak, Ameriketara emigratu zuen gerora. Bi horiek izan ziren Juan Antoniok tailerrean hartu zituen kanpoko langile bakarrak, zeren bere semeak, 12 urte bete zituztenean, berarekin hasi ziren lanean.
Josék lana utzi eta Isidro hil ondoren, Juan Cruz Jáuregui Iturbek bere kasa jarraitu zuen. Denborarekin, José Ramón Jáuregui Aramburu, bere semea, hasi zen tailerrean lan egiten. Hirugarren belaunaldia zen.
1969an, herriko hilerriaren aldamenean zegoen egoitza bat eraberritu zuten, lanerako. Eta urte batzuk geroago, 1972an, Juan Cruzek herniako gaixotasun bat izan, eta erabaki bat hartu zuen: aizkorak egiten espezializatu, eta ferraketa lanak uztea. Horrela, Jáureguitarrek behin betiko utzi zituzten aita eta aitonarengandik ikasitako ferraketa lanak, eta aizkorak egiten jarraitu zuten.
Juan erretiratuta dago, eta gaur egun José Ramón semeak jarraitzen du tailerrean. Bitxikeria bezala, esan beharra dago honen 15 urteko semea, Mikel, laugarren belaunaldikoa, tailerrean aitari laguntzen aritzen dela.
MERKATUA
Aizkoren erosleei dagokienez, lau multzo daudela esan daiteke:
A.- Egurra mozten aritzen den baserritarra, nolabait esatearren landako profesionala izango litzatekeena. Honek badaki kalitatezko aizkora on bat erosten.
B.- Txalet bat daukana, aizkora tximiniarako egurra mozteko behar duena. Hau landako "zaletua" izango litzateke. Aizkora erabilgarri bat erosten du, kalitateari nahiz formari gehiegi erreparatu gabe.
C.- Txapelketa nagusietakoa. Gisa honetako oso bezero gutxi izaten dituzte Jáureguitarrek.
D.- Harakin eta hiltegietakoa. Jáureguitarrak dira altzairu herdoilgaitz eta polietilenozko kirtenezko aizkorak egiten dituzten bakarrak, osasun arauek exijitzen duten moduan, debekatuta baitago zurezko kirtenekin egitea.
Jáureguitarrek Gipuzkoan eta inguruko probintzietan saltzen dituzte aizkora gehien: Araban, Nafarroan, Bizkaian, Santanderren, Asturiasen... Bada aizkora hauen kalitatea ezagutzen duela-eta, penintsulako edozein muturretik iristen den jendea ere, batez ere txapelketetarako aizkorak erosteko. Biltegizain batzuek loteka erosten dizkiote aizkora txikiak, gero Espainia guztian barna saltzeko. Frantzian ere asko saltzen dituzte.
Aipaturikoez gain, badira beste aizkora mota batzuk ere; esate baterako, aho handia daukaten aizkora bereziak, edota gaztainak erretzeko danbolin eder batzuk, non zuloak banan-banan eginak daudenez, gaztainak egin bitartean errazago mugitu ahal izateko bizar batzuk dauzkaten.