Artisaua | |
Prezioak |
ARTISAUA
Gaur aurkezten dizuegun artisauak, gaztea den arren, oso teknika eta ikuspegi helduak ditu bere lanbideari buruz.
Esperimentatzen jarraitzeko grinak bultzatuta, beirateen munduan sartu zen. Kobrezko zinten teknika erabiltzen zuen. Gogoan izan behar da Irunen oso beiragile onak daudela, José Luis Alonso adibidez.
Are gehiago hobetzeko, Pere Ignasi artisauaren tailerrera joaten da, Palma de Mallorcara. Igorren iritzian, Espainiako beira-putzegilerik onena da, eta Europako onenetakoa.
Era berean, fusio eta termofusioko teknikak ikasten ari da, gure artean oraindik oso gutxi erabiltzen diren teknikak biak ala biak.
Gaur egun, enkarguz egiten du ia lan guztia. Noizean behin artisautza azoketara joaten da.
Remigio Mendiburu eskultore ezaguna zenaren tailerrak zeuden lekuan dauka bere lantokia, Hondarribian. Hantxe dauzka bere labeak eta baita bere produktuen erakusketatxo bat ere.
Normalean erosi egiten du lehengaia, baina batzuetan berak egiten du, ibaietako harri silizeoekin edo hare silizio industrialekin. Kontuan izan behar da kalitatezko beira sortzeko, batzuetan 10 osagai desberdin nahastu behar izaten direla (silizeak, fundenteak, koloranteak, etab.). Beraz, oso produktu desberdin ugari lor daitezke konbinazio posible guztien artean. Horregatik dio Igorrek: "pieza bakoitza bakarra da" .
Gaur egun Igor da Euskal Herrian beira airean puzten duen bakarra. Estatu mailan, berriz, ez dira dozena erdi baino gehiago horrela aritzen diren artisauak. Besterik da moldeko puzketa, Mallorcako artisau gehienek egiten dutena.