Mariano Santa Cruz
MARIANO SANTA CRUZ
Botak
2002 / 02-22 / 03-01
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Prezioak


ARTISAUA

Araban zahato eta zahagiak egiten dituen azken artisauak Mariano Santa Cruz Delgado du izena. Bere aita Marianorengandik ikasi zuen lanbidea eta honek, berriz, bere osaba Manuel García Villalainen eskutik. Azken honek Arabako hiriburuko Foruen kaleko 21. zenbakian zahatotegi bat izan zuen.

Bederatzi urte besterik ez zeuzkan Mariano aitak 1913an Burgos jaioterria utzi eta Vitoria-Gasteiza zahatogintza ikastera etorri zenean. Soldaduska egitera Burgosa itzuli zen eta Cid-en hirian zahatotegi handi batean aritu zen urte bat eta erdiz lanean, beste 50 gizonekin batera. Bertan, ardo biltegiaz gain, zurrategi bat ere bazeukaten, garai hartan zahatogileek larru freskoa erosten baitzuten, ondoren tailerrean eurek zurratzeko.

1929an Carmen Delgado burgostarrarekin ezkondu zen eta zazpi seme-alaba izan zituzten. 1938an jaio zen Mariano, bosgarrena, lehen semea, Arabako azken zahatogilea izanagatik omendu nahiko genukeena.

Baliteke gero eta handiagoa zen sendia elikatzeko beharra izatea artisaua Vitoria-Gasteiza itzultzera bultzatu zuena. Baina ez zen bere osaba Manuel Garcíarekin lanean jarri, baizik eta Santiago kaleko 4. zenbakian zegoen Patricio Gómezen zahatotegian, beste zazpi bat langilerekin batera. Aipaturikoez gain, beste bi zahatotegi zeuden hirian, Bakearen kalean biak ere: 13. zenbakian Cirilo Álvarezena eta 21.ean Agustín Marcosena. Arabako Koadrillek, gainera, hiru tailer zeuzkaten: Constantino Peñak Agurainen josten zituen zahagiak eta Villanuevan Benigno Fernández eta Pedro Fernández zahakinak zeuden.

Gerra Zibila amaitu zenean, 1939an, Mariano Santa Cruz eta Juan Cruz Manriquek tailer bat zabaldu zuten Pintoreria kaleko 18. zenbakian. Horixe izango zen Santa Cruz zahatotegiaren behin betiko egoitza eta hortxe eman du bere seme Marianok bizitza guztian lanean, ia mende erdiz. Azken lanegunak ditu oraingoak.

Gerraosteko urte haietan handia zen zahatoen eskaria. 1941ean, dozena erdi izatera iritsi zen gremioa Vitoria-Gasteizen: Agustín Marcos eta Patricio Gómez aitzindariez gain, José Moreno (Cirilo Álvarezen egoitzan jarri zen), Benito García (Foruen kaleko 45. zenbakian) eta Luciano González (Herrería kaleko 102. zenbakian) zeuden, Santa Cruz-Manrique taldea ahaztu gabe, noski.

Arlo guztietan gertatzen den bezala, hasierako urteak ez ziren batere samurrak izan Mariano gaztearentzat. Hasieran, bere semerik zaharrenak, 11 urte zituenez geroztik, eguneroko lanak egiten laguntzen zion (enkarguak egiten, sokak prestatzen, etab.), pixkanaka lanbidearen sekretuak ikasten joan zen arte. Esther alaba zaharrenak ere arratsalde asko ematen zituen tailerrean josten eta laguntzen, eta beharrezkoa zenean Vitoria-Gasteizko koarteleko errekrutak kontratatzen zituzten, lanbidean esperientzia zutenak batez ere eta egindako lan bakoitzeko ordaintzen zieten.

Marianok oraindik ere gogoan ditu 50eko hamarkadan Pintoreria kalean ospatzen ziren festak. Besteak beste, zahagien lasterketak antolatu ohi ziren. Santa Cruztarrek 90 litroko edukia zeukaten zahagi batzuk eramaten zituzten, 40 litro urez beteta. Zaila zen oso zama horrekin korritzea eta are zailagoa ziabogak ematea. Jende asko erori egiten zen inertzia, abiadura eta zamak eraginda; horrek ikusleen algarak eragiten zituelarik.

Mariano aita 1967ra arte aritu zen zahatotegian lanean, harik eta osasun arazoengatik utzi egin behar izan zuen arte. Hurrengo urtean hil zen, 62 urte zituela.

1966an, Mariano Santa Cruz Delgado Matilde García valladolidtarrarekin ezkondu zen, eta Rosa Mari alaba zaharrenak (1968an jaioa) 1999an eman zion lehen biloba, Daniel.

Mariano Santa Cruzen zahatotegian bost pertsona aritu izan dira lanean. 1965 baino lehen, 200 zahato egiten zituzten urtean eta zahagi ugari. Gaur egun, aldiz, Marianok bakarrik 2.000 zahato egiten ditu urtean eta inoiz edo behin zahagiren bat ere saltzen du.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen