Elena Txintxurreta
ELENA TXINTXURRETA
Bustingintza
2002 / 03-22 / 04-05
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Prezioak


ARTISAUA

Gaurkoan artisauen txokora ekarri dugun artisauak, ELENA TXINTXURRETAk, harro aldarrikatzen du JOSE ORTIZ DE ZARATEren eskutik ikasi zuela buztingintza. Horregatik, maisu handi honi buruzko hainbat azalpen emango ditugu jarraian.

José Ortiz de Zarate pegarra egiten.
José Ortiz de Zarate pegarra egiten.

José Ortiz de Zarate Elosuko Ollerías auzoan jaio zen, Araban, 1913ko abenduaren 8an. Buztinginen seme eta biloba zen. Haurra besterik ez zela hasi zen tornuarekin lanean, aitak bere dohainak ikusi orduko berehala sartu zuelako buztingintzan. Josék berak dioenez, eskolatik itzulitakoan, jolastera joan baino lehen, dozena erdi katilu egin behar izaten zituen egunero. Eskola utzi zuenean, bete-betean sartu zen lanbidean.

Familiaren buztinolan 1958an egin zen azken labekada, inguruetan pantano bat eraikitzearen ondorioz ur azpian gelditu zirelako Josék lanerako erabiltzen zituen buztinak. Hasiera batean materiala beste nonbaitetik ekartzea pentsatu zuen arren, ordurako baziren beste buztinola lehiakorrago batzuk, industrializatuagoak ere bai, eta beraz horretan jarraitzea ez zuela merezi erabaki zuen. Orduz geroztik, nekazaritza eta abeltzaintzan jardun zuen.

Urte batzuk geroago, ostera, buztingintzari buruz zeuzkan ezagutzak ikasteko interesa zeukatenei irakasteko eskatu zioten, eta konbentzitu egin zuten.

Gaur egun, bere 88 urteekin, lanean darrai, aktibo mantentzeko, eta bere gaitasuna pieza handi eta zailak eginez (pegarra handia, adibidez) probatzen du.

Elena Txintxurreta

  Argazkia
Elena Txintxurreta Uriarte Oñatin jaio zen (Gipuzkoa). 1976an, enpresa batean kontulari lanetan zebilen bitartean, aisialdian buztina lantzen ikasten hasi zen, Vitoria-Gasteizko Nueva Dentro kaleko 1. zenbakian zegoen lokalean.

1985ean, langabezian gelditu zenean, aipaturiko tailerreko langileak osasun arazoak zirela-eta lokala uzteko asmoa azaldu zuenean, lokala berak hartu eta gazte nahiz jubilatuei zeramikazko klaseak emateari ekin zion.

1986 inguruan ezagutu zuen Olleríasko buztingina, José Ortiz de Zarate (abenduan 88 urte bete zituen, eta lanean darrai oraindik), bere benetako maisua. Klaseak emateari utzi gabe, Josérekin praktikatzen hasi zen, eta gaur egun bi jarduerak bateratzen jarraitzen du: alde batetik klaseak ematen ditu Vitoria-Gasteizen, eta bestetik Josérekin lanean aritzen da, Olleríasen. Utzi egin zion pieza modelatuak egiteari (ez ordea modelatuzko klaseak emateari), eta, bete-betean, herri eta euskal tipologiako piezak egiten hasi zen.

  Argazkia
Elena oso harro dago piezen diseinu eta ornamentazioari dagokionez Olleríasko ezaugarri eta ereduei heldu izanagatik, eta, zehazkiago esateko, bere maisu José Ortiz de Záraterenei.

Pieza handiek azpialdean eramaten dute sinadura.

Batik bat artisautza azoketan saltzen ditu bere produktuak (hilean gutxi gorabehera bitara joaten da), eta bere tailerrean bertan ere bai.

Prezioen tarifa ematean ikusiko dugun bezala, produktu desberdin ugari egiten ditu Elenak. Gainera, kontuan izan behar da enkarguz ere aritzen dela lanean (hotelentzat, enpresentzat...); kasu horietan, erabilera bat emateko piezak eskatzen dizkiote beti: platerak, entsaladerak, kafe jokoak, pitxerrak (guztiz zuriak, edota baberoa bakarrik dutela zuria), etab. Erabilgarritasuna duten elementuak eskatzen dizkiote, nahiz eta helburu horrekin egindako pieza batzuk ornamental hutsak diren gaur egun, pegarrak esate baterako (antzina, ura iturritik etxera eramateko erabiltzen ziren), edo konketa jokoak.

Piezen tipologia

Piezak egin ahal izateko lehengaia, buztina kasu honetan, jada homogeneizatuta eta prestatuta erosten du Elenak merkatuan.

Bi modu daude piezak modelatzeko. Bata, "azalorearena"; izan ere, "azalore" batetik abiatuz (horrela deitzen zaio buztin zati handi bati) pieza txikiak egiten baitira, makiltxo bati lotutako hari baten bidez mozten.

Bigarren modua, "platerarena" da. Bertan, egin nahi den piezaren neurriaren araberako buztin zati batekin, "azalore" guztia erabiliz egiten da elementua. Behin nahi den forma emandakoan, buztinginak ertza larruzko tira busti batekin perfilatzen du, eta, bi makilei lotutako pita batekin, tornuko plateretik banatzen du.

Buztina gogortzeko ordu batzuk igarotzen utzi ondoren, eta piezek behar izanez gero, eskulekuak jarriko zaizkie pitxerrei, plater eta katiluen azpialdeak torneatuko dira, etab.

Piezak modelatu ostean, kanpoan uzten dira, lehortzen. Piezek, momentu horretan, "bizkotxo" izena hartzen dute. Ondoren, labe elektrikoan sartzen dira, 980-1000 º C-tara.

Tenperatura hauetara iristeko, 10 bat ordu behar izaten dira, eta piezak labean sartzen direnetik atera arte, 24 ordu igaroko dira guztira.

Labetik ateratakoan, hurrengo pausoa bainu zuri klasikoa ematea izango da, horretarako ere jada prestatuta dauden produktuak erabiliz. Esmaltea eman ondoren, piezak berriz egosiko dira, bizkotxo egoeran zeudenean hartutako antzeko tenperaturan.

Piezei barnealdean esmaltea ematearen helburua, piezak iragazgaiztea da; kanpoaldeko esmaltea, berriz, pieza guztikoa zein zati batekoa (babero klasikoa), dekoratzeko asmoarekin bakarrik ematen da.

Pieza ez baldin bada dekoratzen, berriz ere labean sartu baino lehen lehortzen uzten da.

Pieza dekoratu egin behar bada, esmaltea eman ondoren, eta pintzelaren laguntzarekin, urdinez, orlegiz edo marroiez margotuko da. Kolore horiek bakarrik dira euskal buztingintza tradizionalekoak. Horretarako, kobalto, kobre edo burdina bezalako oxido metalikoak erabiltzen dira. Marrazki gutxi eta xumeak egiten dira, dekorazioa ez dakion piezaren formari gailen.

 

 Galeria
Bilatu Euskonewsen