Miguel Ángel Arriaga
MIGUEL ÁNGEL ARRIAGA
Xisterak
2002 / 06 / 21-28
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Prezioak


ARTISAUA

  Argazkia
Berrizen jaio zen, 1956an. Umetatik jokatzen zuen eskupilotan, oso zalea baitzen. Institutuan "kanporaketa" deiturikora jolasten ziren (Donostia aldean Barrene deitzen zitzaion. Funtsean, honetan datza: hasieran jokalari guztiak sartzen dira, eta, huts egin ahala, kanporatzen joango dira. Geratzen den azkenak puntu bat lortzen du. Huts eginez gero, galdu egingo du puntu hori, baina jokatzen jarraitu ahal izango du).

16 urterekin jubeniletara pasatu zen, baina "esku bigunak" zeuzkan ordea: partidak jokatu ostean eskuak minduta gelditzen zitzaizkion, eta ezin izaten zuen sendatu artean gehiagorik jokatu. Kontuan izan behar da jubenilek erabiltzen dituzten pilotak infantilenak baino gogorragoak izaten direla, eta gainera urte haietan ez zela takorik erabiltzen. Ondorioz, xisteran jokatzen hasi zen, Durangoko Ezkurdia frontoian. Bi urtez aritu zen bertan, bitartean ikasketekin jarraitzen zuela. Nolanahi ere, berandu hasi zen pilotan jokatzen (16 urterekin, normalean 10 edo 11rekin hasten denean), eta hori nabaritu egiten zen. Beraz, burutik kendu egin behar izan zuen pilotari profesional bilakatzearen ametsa, inguruetako gazte guztiek zeukatena.

UBI amaitutakoan, ikasten jarraitzeko gogorik ez zeukala ikusirik, xisterak egiten hasi nahi zuela azaldu zion aitari, mundu hori gustukoa zuela-eta. Horrela, Durangoko frontoiko saskigilearekin jarri zen ikasten, José Arriagarekin markinarrarekin. Bi hilabete eman zituen berarekin. Baina gehiegi aurreratzen ez zuela ikusita, Ondarroako osaba batengana jo zuen, Martín Aldekoarengana, xistera jokalari ohia eta Bilboko eta Yakartako (Manila) Frontoiko intendente izanarengana. Honek Gernikako Jai-Alai frontoiko gerentearekin hitz egin zuen, eta José Echave bertako saskigileari laguntzen hasi zen. Bide batez, esan dezagun bera izan zela 15 saihetsetako xisteraren asmatzailea (xisterek 13 izaten dituzte normalean, seina zentralaren albo bakoitzean, baina berak zazpi ipintzen zituen). Hala ere, utzi egin zion horrelakoak egiteari, ez baitzuen arrakastarik izan profesionalen artean, kolpeekin gutxiago puskatu arren gehiago "desfondatzen" (alteratzen) zelako. Miguel Ángelek 18 urte zeuzkan orduan, eta egunero joaten zen Gernikara, astelehenetik ostiralera, trenez. Goizez entseatu egiten zuen, eta dutxatu ondoren xisterak egiteari ekiten zion, trena hartu eta etxera itzultzeko ordua iritsi arte. Miguel Ángelekin batera beste bi mutiko ere ari ziren ofizioa ikasten. Ez ziotenez ezer ordaintzen, bere familiak ordaindu behar izaten zizkion garraio eta otorduetako gastuak.

Argazkia  
Gernikan astelehenak erdi jaiegun izaten zirenez (egun horretan azoka eta xistera partidak izaten ziren-eta), arratsaldetan jai hartu eta partidak ikustera joaten zen. Horrela, pixkanaka pilotariekin harremanetan hasi, eta xistera batzuk konpontzen hasi zen. Azkenerako pilotari guztiek ezagutzen zuten, eta berak egindako xisterak saltzen zizkien. Handik bi urtera, 20 urterekin, bere xistera tailerra zabaldu zuen, gaur egun daukan berbera. Jesús Elejabarrietari saldu zion lehengo xistera, 2.300 pezetan. 1979. urtea zen.

Gaur egun punta jokorako xisterak egiten aritzen da, eta puskatutakoak konpontzen. Kontuan izan behar da profesionalek, partida bat jokatu ostean, edota bi gehienez ere, xisterak konpondu behar izaten dituztela, beti puskatzen baitzaie zumeren bat edo beste. Atzelariek aurrelariek baino gehiago puskatzen dute gainera, pilota indar handiagoarekin jasotzen dutelako (horregatik da beren xistera apur bat handiagoa); hori dela-eta, hauei normalean partida bakoitzaren ondoren konpondu behar izaten zaie xistera. Konponketa lanen prezioa lanaren araberakoa izaten da, 6 eta 12 euro artekoa.

Bestetik, orain jendeak gehiago begiratzen dio diruari. Lehenago hilean bi xistera berri erabiltzen zituenak, 2 edo 3 hilero aldatzen du gaur egun. Beraz, xistera gutxiago saltzen dira, eta gehiago konpontzen.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen