Pedro José Sánchez
PEDRO JOSÉ SÁNCHEZ
Eskuz egindako Oinetakoak
2002 / 10 / 04-11
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Platon filosofo greziarrak zioenez, "naturak ez gaitu zapatariak izateko egin. Gisa horretako lanek zitaldu egiten dituzte gizakiak, eta halakoek ez dute errespetu politikorik ere merezi".

Nolanahi ere, oinetakoak askatasunaren seinale ziren aspaldian; horregatik ibiltzen ziren oinutsik Erromako esklaboak.

Zapatariek, hasiera batean, zapatak egiteaz gain, larruak ondu ere egiten zituzten, tanino eta urez betetako putzuetan. Putzua, beraz, funtsezkoa zen zapatari batentzat. Hainbesterako, ezen 1202an Donostia hiria (Gipuzkoa) sortzeko ordenantzetan sute kasuetan ur bila putzuetara joateko betebeharra ezartzen ziela agindu batek zapatariei, eta, beraz, egunez zein gauez ura atera ahal izateko ontzi egokiak edukitzea. Bestelakoan, berrogeita hamar marabediko zigorra ordaindu behar izaten zuten.

"Zapatariaren tailerra" Max Liebermann (1881). Alte National, Berlín.
"Zapatariaren tailerra" Max Liebermann (1881). Alte National, Berlín.

Zapataritza oso lanbidea arrakastatsua zen. Larrugintzan ere jarduten zuten gainera. Nafarroan abantaila ugari zeuzkaten zapatariek, mairuen domeinua gainbehera egiten hasi zen garaian barne.

XVI. mendetik aurrera, lanbidea arautzeko ordenantza ugari eman zituzten, eta gremioen kofradiak beren interesak defendatzen hasi ziren (hau guztia, orokorrean esanda, zeren eta Iruñan zapatariak 1362rako antolatuta zeuden arren, Tolosako San Crispín eta San Crispinianoren Zapatari Kofradia ez zen 1616ra arte eratu).

Hala ere, liskar eta zigorrez betetako urte asko iragan ziren gremioa onbideratu zen arte. Plentziako (Bizkaia) erregidoreak kexu ziren 1508. urtean, desordena eta oinetako txarrak zirela-eta. Horren aurrean, herriko alkateak Bilboko zapatariengana jo zuen, beren ordenantzak eredu gisa hartzeko asmoz.

Oinetakoen prezioak maizegi igotzen zirela ikusirik, 1510. urteko abenduaren 24an Errege Kontseiluak larruek eta kolanbreek merkatuan zein kostu zuten begiratzeko eskaria luzatu zion Gipuzkoako korrejidoreari, eta zapatari guztiek derrigor bete beharreko prezioen taula bat finka zezala.

Gauza bera gertatu zen 1552an. Debako (Gipuzkoa) Batzar probintzialak, espekulazioarekin amaitzeko asmoz, ordenantza batzuk onartu zituen urte hartan. Zera ezartzen zen bertan: 1. Prezio zehatz batzuk finkatuko zirela larru eta zapatentzat; 2. Herri bakoitzeko alkate eta "erregidoreei" arau horiek errespetatzen zirela egiaztatzeko agintzen zieten; 3. Zapatariei jakinarazten zitzaien oinetakoak dendetan ikusgai ipini beharko zituztela, eta ez ezkutatuta. Gainera, zapatak zenbat puntu zeuzkan zehaztu beharko zuten zola bakoitzean (gaur egun zenbakia izango litzatekeena), eta kopuru hori zinegotzien etxeetan zeuden "puntu desberdinetako" zolekin alderatuz egiaztatuko zela (zapatarien kartaboietako luzera unitatea da puntua, zentimetroaren bi heren adinakoa).

Era beran, hain usu egiten ziren iruzurrak ekiditeko, begirale batzuk ipini ziren, oinetakoak behar bezala hornitzen zirela egiaztatzeko. Donostian 1571n izendatu zen lehenengo zapatarien "begiralea". Izan ere, hainbesterakoa zen zitalkeria, zapatariak larruak gatzatzen aritzen zirela itxura lodiagoa hartu eta zapata gehiago egiteko larrua izateko, nahiz eta gero egun bakar batean apurtzen ziren. Begirale hauen egitekoa -lehen aipaturiko tasa eta puntuen araudia betetzen ez zela ikustean-, egokiak ez ziren zapatak apurtzea zen.

Hurrengo urtean Felipe II.a erregeak berak esku hartu zuen, eta Iruñan, Lizarran eta Tuteran, bakoitzean bi begirale ipintzeko agindu zuen, ordenantzak betearaz zitzaten.

Liskar hauen ondorioz, kleroa ere haserretu egin zen zapatariekin. Iruñako gotzainak, Pedro Lafuente jaunak, 1580an Gipuzkoako hiriburura egindako ikustaldian, salatu zuen "ofizial mekaniko batzuek, zapatariek batez ere, dendak zabalik izaten dituztela jai egunetan, eta zapatak egiten aritzen direla. Bi dukateko zigorra ezarri beharko litzaieke jai egunak errespetatzen ez dituzten bakoitzeko, eta diru hori herriko ospitalera zuzendu. Berrerorketa kasuan, eskumiku egin beharko lirateke". Hala ere, ia gaur egunera arte luzatu da San Crispín eta San Crispianoko patronatuak igandetan ere lanean aritzearen ohitura. Hortik dator astelehena jai eguna dela adierazteko erabiltzen den "lunes zapatero" esaera ezaguna.

1783. urtera arte itxaron beharko zen hain gogorki kritikatu zen zapataritza Errege Zedula baten bidez "lanbide ondradu" izendatzeko. Honela zioen: "zapatariengana jotzeak ez ditu ez familia, ez zapataria zitaltzen, eta ez du Errepublikako udal enpleguak lortzeko ezgaitzen".

Antzina zapatari herrikoiak aristokraten eta gortesauen oinetakoetan espezializatutako artisauekin elkarbizitzen ziren bezalaxe, iragan mendeaz geroztik bereizketa berri bat egiten da zapatagintzan: batetik konpontzaileak dauzkagu, eta bestetik artista zapatariak. Azken hauetako asko, Donostiako udaldiak puri-purian zeuden urteetan, beren tresna guztiak hartu eta euskal kostaldera etortzen ziren, bezeroak artatzera.

Zapatariek zeregin desberdin ugari zituzten: maisu, orkoilariak, ebakitzaile, hornitzaile eta neurritzaileak izaten ziren (oinak neurtzen aritzen ziren, maisuak batik bat). Gaur egun orkoirik egiten ez dutenez, zapatak neurrira egiten dituztenek altxen bidez egokitu behar izaten dituzte beren zurezko orkoiak bezeroentzat.

Oinetakoak masiboki ekoizten dituzten industrien etorrerarekin, desagertzen joan dira zapatari artisauak, eta zapata konpontzaileek teknika mekaniko berriak sartu behar izan dituzte (gomazko takoi prefabrikatuak, plastikoa, kolak, esmerilatzaile elektrikoak) desagertuko ez baziren.

Berrikiago, kirola egiteko oinetakoak eta bizitza laburreko beste oinetakoak erabiltzeko joera hainbeste orokortu izanaren ondorioz, lanbide hau zaharkituta gelditu da, eta bitxia da gaur egun.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen