Argazkia
Loli Leclercq Saiz
Kapelagilea
2005/02/04-18
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak
 Bibliografia


ARTISAUA

Bere aitona, José Leclercq, Donostian kapela zein txapelak egin eta saltzen espezializatu zen Agapito Ponsol jaunaren langile, bazkide ondoren, eta azkenik oinordeko izan zen. Bere ateak 1832an zabaldu zituen Ponsol dendak saldu bakarrik egiten ditu gaur egun kapelak, utzi egin baitzion egiteari.

Josék bi seme eta sei alaba izan zituen, eta bi mutilak, José María (José Luisen aita) eta Ignacio, berarekin aritu ziren lanean, ogibidea ikasten. Frantzian eta Ingalaterran ere ibili ziren ikasketak egiten, hain zuzen ere Gerra Europarra piztu zen garaian. Bonbardaketa batzuk beren bizilekuetatik oso hurbil izan ziren.

1932an, José María Leclercq eta Victorina, bere emaztea -hasiera batean haurrentzako jantziak egiten zituen, eta kapelak ondoren-, Ponsol SL-tik atera, eta Donostiako Narrika kaleko 18an SOMBRERERÍA LECLERCQ denda zabaldu zuten.

Senar-emazteek José Luis Leclercq semea izan zuten, zeina, unibertsitate ikasketak egin ostean, hainbat enpresetan aritu zen lanean. Gurasoak hildakoan, bera arduratu zen negozioaz, harik eta erretiroa hartu zuen arte. Ordudanik, bere alaba Loli Leclercq Saiz dago negozioaren buru.

José Luis Leclercq María Dolores Saizekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten: José Luis, arkeologoa, eta Loli, kapela-dendan jarraitzen duena. Laugarren belaunaldia da berea.

José Luis Leclercq historiazale porrokatua da, batez ere XIX. mendeko Donostiako historia militarraren zalea, Donostia, Urgul mendia eta inguruak hartu eta txikitu zituztenekoa. Gai honi buruzko liburutegi zabala du, eta baita garai hartako gudarien eta kasko militarren berunezko miniaturak.

XIX. mendeko gerra karlistetan, gipuzkoarrek txapel urdinak erabiltzen zituztela esan digu, eta gainerako euskaldunek beltzak, gaur egun jende gehienak erabiltzen dituenak bezalakoak. Atzerritarrek, baina, txapelak erosteko asmoz joaten zaizkionean, kolore guztietako txapelak erosi ohi dituzte.

Familia honek lotura handia izan du beti saskibaloiarekin, María Dolores Saiz, ama alegia, nazioarteko jokalari izatera iritsi baitzen. José Luis, berriz, oso entrenatzaile ospetsua ez ezik, Gipuzkoar Federazioko presidentea eta Espainiako Federazioko bokalea izan zen. Loli, alaba, 1. mailako jokalaria izan zen, eta semea 2.ekoa.

Loli Leclerq Saiz Diego Irigoyenekin dago ezkonduta, eta seme bat daukate, Álvaro, 1999an jaioa.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen