Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak | |
Bibliografia |
PROZESUA
Antzinako kapela ederrak nola egiten ziren jakiteko, “La Industria Guipuzcoana” liburura jo dugu. 1894an argitaratu zen, eta honela deskribatzen du aldi hartan Donostian zegoen kapela lantegi baten jarduna:
JUAN IRIBAS JAUNAREN FELTROZKO MOTA GUZTIETAKO KAPELEN LANTEGIA Lantegi hau 1877. urtean zabaldu zen, aurrerapen guztiz modernoez hornituta. Lehengai modura, untxiaren eta erbiaren ilea erabiltzen da. Nahastu egiten dira atzerritik ekarritakoa eta bertan jasotakoa. Ilea jariatua etortzen da, hau da, prestaketa kimiko bat igaro duela, berezko egoeran ez bailitzateke feltrorako baldintza egokietan egongo. Gutxiagotan, baina kastore eta beste animalien ilea ere erabiltzen da. Makinen bidez puztu eta sailkatu ostean, lehenik eta behin kapelaren egitura egin behar izaten da, Bastisseuse edo kono izeneko makinen bidez, arku mekanikoen bidez airea xurgatzen dutela. Gero txikitu egin behar izaten da kapela, ur azidotu irakitan sartuta, dela makinen bidez, dela eskuz. Eta, ondoren, beste zenbait eragiketa egin behar izaten dira: toskatu, beltzez eta beste koloretan tindatu, goma ipini, plantxatu, muntatu eta apaindu. Hori guztia, kapela ondo bukatuta utzi arte. Azkenaldian makina ingelesak ere sartu dira prozesu honetan: prentsak, bonba hidraulikoak, toskatzaileak, etab. Kapelak egiteko sistema ingelesak ez du hemengo sistemarekin zerikusirik. Horregatik, industria hau berria da Espainian, bere merkatuak Britainia Handiko ekoizpenez beteta dituela. Aipaturiko datan eraikitako lantegi honek, adierazitako eragiketak egiteko hainbat areto dauzka egokituta, makinez hornituta, ekoizpen prozesuaren ordenari jarraitzen diotela. Makina guztiak mugiarazten dituen motorra 25 zaldiren indarra duen lurrunezko makina horizontal bat da. Lantegi honek 500 eta 600 kapela inguru ekoizten ditu egunean. 120 eta 140 langile artean dauzka, gizon zein emakume, gizonezkoak gehienak. Bere produktuak aski ezagun eta apreziatuak dira Espainiako hiri nagusi guztietan. Ez da harritzekoa, kontuan izanik urrezko domina bat eskuratu zuela Parisen 1889an egindako Erakusketan, kapelagileen nazioarteko lehiaketan. |
Prozesu honi buruz gehiago jakin nahi dutenei, Carmelo Urdangarínek eta bere kideek prestatutako liburua irakurtzea aholkatuko nieke (ikus Bibliografia), edota honako web guneetara jotzea:
Leclercq sendiak dagoeneko ez ditu kapela luzeak zein onddo-kapelak egiten, baina saldu bai ordea. Goazen orain Leclerq sendia ospetsu bihurtu duen kapela xehetasun gehiagoz aztertzera: danborradako kapela militarra.
Kapela berezi hauek hainbat zati izaten dituzte: gorputza, bisera, inperiala, txibota, luma-mototsa, kokospeko uhala, girnaldak, ezkutua eta izerdi-zapia.
GORPUTZA: Oihalezkoa izaten da gaur egun, plastikozko egitura baten gainean ipinia.
Egiazkoek oihal lodi-lodia izaten zuten, eta kartoizko egitura, baina bustitzean oso astunak bihurtzen ziren eta, gainera, formatxartu egiten ziren. Hori ekiditeko, txarolez estali zen kartoia.
Nolanahi ere, gaur egun inork gutxik egiten ditu kapela hauek antzinako modura, materialak izugarri garestiak direlako.
Uniformeko kapela hauek hainbat zati izaten dituzte:
BISERA: antzinakoetan larruzkoa izaten zen, gero txarolez estalitako kartoizkoa, eta gaur egun plastikozkoa izan ohi da.
INPERIALA: hala deitzen zaio goialdeari.
TXIBOTA: luma-mototsa ipintzen den bolatxoa.
LUMA-MOTOTSA: hainbat hegaztiren lumez egiten da, kolore anitzez.
KOKOSPEKO UHALA: apaingarri modura edota kapela eusteko ipintzen da, edota bi gauzetarako.
GIRNALDAK lokarri apaingarriak dira. Batzuek urre edo zilarrezko hariz egindako borlak eta guzti eramaten dituzte.
EZKUTUA txapazkoa izaten da, eta kapelaren aurrealdean eramaten da, erregimentu, herri edo elkarteren baten zeinua adierazteko.
Barnealdean, berriz, IZERDI-ZAPIA eta forroa eramaten ditu.
FORROA zetazkoa, satinezkoa edo tergalezkoa izan ohi da.
Labur-labur esanda, honela egiten dira kapelak:
Txantiloi batzuekin, plastikozko egitura prestatzen da, eta oihalez estaltzen.
Funda hori gorputzari josi ondoren, mutur batean inperiala jartzen zaio, kapelaren goialdea alegia.
Barrualdea zetaz, satinez edo tergalez forratzen da, eta perimetro osoan zehar izerdi-zapia jartzen.
Bisera alde batean josi ondoren, kopa zinta batekin lotzen da. Honen atzetik, kapela dotoreziaz hornituko duten beste hainbat apaingarri ipintzen zaizkio.
Entseina zintari lotuta joaten da, eta bere azpian txapazko ezkutua jartzen da, danborrariaren elkartearen armak erakusten dituela.
Lokarri, galoi eta borlak (girnalda deitzen zaie), eta kapela kokotsean lotuta eramateko jartzen den uhalaz gain, hainbat hegaztiren kolore ezberdinetako lumak eusten dituen kirtena ere ipintzen da.