Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Erremintak | |
Prezioak |
PROZESUA
Ezinezkoa da hau bezalako artikulu batean tapizatzaileek egiten duten guztiaren berri ematea; beraz, lanbidearen eta lanabesen inguruko ideia nagusi batzuk ematera mugatuko gara.
Lastairak
Zurezko armazoi batean sei ohol ipintzen dira, lastaira osoa sostengatzeko, eta, hauen gainean, soken bidez lotutako malgukiak. Gainean, trinkotasuna emateko, arpillera edo zaku oihala jartzen da, eta hauen gain, bost zentimetro inguruko lodierako landare zurda (palmondo nano trentzatuz egina), lastaira bigunagoa izan dadin. Ondoren, dena oihal batez forratzen da, “damasco” motakoa gehienetan, eta inguru guztian zehar ehuna babestuko duen burlet bat ipintzen zaio.
Besaulki bat forratzen. |
Zura aurreztearekin batera lan gutxiago egin behar izateko, tapizagile batzuek, sei ohol beharrean, bost jartzen dituzte.
Gaur egun, ordea, lastairen ordez somierrak eta Flex motako koltxoiak erabiltzen dira. Artilezko koltxoietan lo egiten duen jendeak bakarrik jarraitzen du lastairak erabiltzen; normalean, ohe mota horretara ohituta dagoen jende adindua izan ohi da, aldatzeko asmorik ez duena.
Noizean behin, lastairen oihalak aldatu egiten dira, eta une hori malguki edo sokaren bat konpontzeko ere aprobetxatzen da.
Ateak
Ateak oihal, larru edo larruaren antzeko elementu sintetikoekin forratzen dira, bezeroak aurrez aukeratutako kalitate, prezio eta koloreetan.
Ertzean mendelak ipintzen zaizkie, edo latoi zein burdinezko tatxetak, brontze, urre edo mate kolorekoak.
Zurda ipintzen. |
Kaleko ateen kasuan, behatxuloak mantendu behar izaten dira, bai antzinakoak, leihatila txiki bat zeukatenak, bai modernoagoak, kristal obalatuzkoak.
Hormak
Etxe batzuetan, hormak oihalez estaltzeko ohitura daukate. Horretarako, bezeroak oihal mota aukeratu eta aurrekontuari adostasuna eman ostean, zurezko euskarri bat prestatzen da, marko handi baten modukoa, hormari itsatsi eta oihala eusteko.
Euskarriaren eta oihalaren artean, muletoi bat sartzen da, itxura akoltxatua emateko.
Batzuetan, xingola bat jartzen zaio ertzean, baina normalean gabe joaten da.
Hormak forratuta, gelak nabarmen hosgabetzen edo intsonorizatzen dira, eta, gainera, hotz zein berotik ere isolatzen dira.
Besaulkiak, butakak, aulkiak eta antzeko altzariak
Zingilak grapatzen. |
Gehienetan emakumeak izaten dira enkargu hauek egiten zituztenak; oso gutxitan hartzen dute senarrek gai honi buruzko erabakirik.
Bezeroak nahi izanez gero, tapizatzaileak jartzen du oihala. Horretarako, gure artisauak ehun ugariren laginak dauzka bezeroei erakusteko, eta hauek ehundura, kolore eta prezioaren arabera aukeratzeko.
Aspaldian, jendeak batzuetan altzari bati oihala kendu, garbitu eta berriz ere ipintzea eskatzen zion tapizatzaileari. Baina honek arazo asko sortzen zituen, oihala, garbitzean, sarritan txikitu egiten zelako, eta tapizatzailea behar baino oihal gutxiagorekin gelditzen zelako. Ez zen oso lan atsegina altzariak oihal berberaz birtapizatu behar izatea.
Aipatu beharra dago lehen behintzat ezinezkoa zela bi besaulki berdin-berdin aurkitzea, milaka forma, eredu eta motakoak baitaude, eta bakoitza oihal ezberdinez egina. Artisau tapizatzaileak, bere irudimen, trebezia eta eskarmentuaz baliatuz, lanean sortzen zaizkion arazo ezberdinei aurre egiten ikasten du.
Ahal izanez gero, Franciscok pieza bere furgonetan sartu eta tailerrera eramaten du. Bestela, bezeroaren etxean egiten du lana.
Aulki bat egiteko, adibidez, honako pausoak ematen ditu:
Batzuetan, bizkarraldea eserlekuaren oihal berberaz estali beharra dago.
Aulki batzuek lan gutxiago ematen dute tapizatzeko orduan; hain zuzen ere eserlekua jarri eta kentzekoa dutenek. Prozesua antzekoa zen, baina aulkian jarri beharreko euskarria lantzera mugatzen zen.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria