Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
HISTORIA
Beste kaikugileen sarrera historikoa egitean, gure inguruetako artzaintzari buruz mintzatu gara, eta baita hainbat abere etxekotzeko datez ere. Behin eta berriro aipatu izan dugu kaikuak jezteko eta harri gorien bidez mami edo gatzatua egiteko erabiltzen zirela, baina ez dugu sekula prozesua nolakoa izaten den azaldu. Ikus dezagun, bada, nola egiten zituzten gure artzainek, eta nola egiten dituzten gaur egun Baztan aldean.
Beste lan batzuetan esan dizuegun bezala, kaikuak, ahoaldea okertuta izatean, erraztu egiten zuen artzainaren lana, ardiak jeztean, hauen errapeak ontziaren gainean gelditzen ziren-eta.
Mami edo gatzatua egiteko, artzainak aurrez sutan ipinitako ofita edo silize harri bat sartzen zuen kaikuan, esne-harria alegia.
Kaikuan sartutako harrien ondorioz esnea 34ºC ingurutara iristen bada, eta ondoren gatzagia sartu eta hozten uzten bada, mami horrek ez du errearen zaporerik izango. Baina sartutako harriek esnea irakinarazten badute, bai izango duela errearen zapore hori.
Baztanen (Nafarroa), honako pauso hauek jarraitzen dituzte mamia egiteko: lehenik eta behin, kaiku edo beste ontziren bat esnez betetzen dute, eta beste bat hutsik uzten. Harri batzuk sutan jartzen dituzte, eta ondo berotuta daudenean, kurrika batzuekin handik atera eta azkar-azkar urez beteta dagoen ontzi batean sartu eta ateratzen dituzte, kedarrik gelditu baldin bazaie kentzeko. Ondoren, esnea dagoen ontzian sartzen dituzte, hau irakiten hasi arte. Esnea, "igotzen hasten" den une horretan, beste ontzi batera botatzen dute, gainezka egin ez dezan, eta han zapi garbi batekin estali eta tarte batean hozten uzten dute. Epela dagoenean, gatzagia eransten zaio, nahastu, eta hozten uzten da, mami bihurtu arte.
Baztango jendeari galdegin nionean zergatik eramaten zuten esnea irakite puntura arte -ez baita beharrezkoa mamia egiteko-, erantzun zidaten segurtasunagatik egiten zutela, esnea ez irakitean transmiti daitezkeen gaixotasunak ekiditeko. Eta, horrez gain, “kiskilurrina” (errearen zaporea) atsegin dutelako.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria