Sarrera | |
Historia | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak | |
Erreferentziak |
PROZESUA
Aurrera jarraitu baino lehen, zerbait argitu behar dugu: zertan diren desberdinak xaboia eta detergentea. Toilette-xaboia egiteko, substantzia naturalak erabiltzen dira (animalia- edo landare-olioak); detergenteak, berriz, gai sintetikoz daude osatuta.
Izatez, gantzetatik abiatuta sortutako gatza da xaboia, uretan urtzen dena.
Gure neskek honako osagai hauek erabiltzen dituzte:
Oinarrizko olioak pastillak egiteko, eta gero, ondoko hauek gehitzen dizkiete:
A. Esfoliatzaileak: osagaiez gain, olo-malutak, almendrak, kafea eta loreak gehitzen dizkiete, eman nahi dioten gogortasunaren arabera.
B. Uraren ordez, esnea edo infusioak: asunena, berbenena, te beltzarena, kamamilarena, ahuntz-esnearena…
C. Aparteko olioak: xaboi-pastilla joritzeko. Ilena, arrosak, jojoba, aguakateak, azenarioak, almendrak, gari-hozia… dira olio horien osagaiak
D. Bestelakoak: eztia, Aloe-Vera gela, itsas gatza, txokolatea...
Xaboia egiteko modua:
Hainbat era eta prozedura daude xaboia egiteko, baina ondoren gure artisauek, Nereak eta Garbiñek, urratsez urrats nola egiten duten azalduko dugu, xehetasun orokorrak emanez:
1.- Urari soda erantsi (hotzean), eta makila batekin (inoiz ez gailu metalikoekin) eragiten diote. Soda urari erantsi behar zaio beti, eta inoiz ere ez alderantziz, ura sosari.
Soda kaustikoa kaltegarria da azalarentzat, eta oso arriskutsua begientzat. Beraz, aipatutako nahasketa egiteko, hainbat gauza eraman behar dira soinean: eskularruak, amantal sendo bat arropak eta gorputza babesteko, betaurrekoak eta aurpegi-maskara. Nahitaezkoa da, halaber, tokia ongi aireztatuta egotea.
Erreakzio exotermikoa sortzen denez (nahasturak beroa askatzen du), ordu batzuetan hozten utzi behar da, gero elementu gehiago nahasten jarraitzeko.
2.- Aipatutako olioak, oinarritzat erabili beharrekoak alegia, aparte berotzen dituzte.
Erreakzio kimikoa sortzen da masan: lixibaren sodioa (alkalia da) olioen gantz-azidoekin nahasten da, guk xaboi deitzen diogun “gatz organiko disolbagarria” sortzeko. Prozesu horri guztiari “saponifikazioa” esaten zaio.
3.- Olioak eta soda tenperatura jakin batean nahasten dira (kontu handiz, zipriztinik ez botatzeko), eta eragin egiten zaie ore sendo uniformea, bexamelaren antzekoa, lortu arte.
4.- Gainerako osagaiak eransten zaizkio, kolore, ezaugarri... jakin batzuk emateko.
5.- Produktua moldeetan sartu eta oihal trinko batekin estaltzen dira.
6.- Ordu batzuk hozten eman ondoren, moztu edo modelatu egiten da.
7.- Hainbat astez uzten dituzte xaboiak, “sendatzeko”, hau da, lehortu eta gogortzeko.
Koko-olio pixka bat eransten diete xaboi guztiei, bitsa sortzeko. Ildo horretan, jendearen artean okerreko uste bat dago hedatua: garbitzen duena bitsa dela. Uste ustela da hori. Dena den, gure artisauei xaboiek bits apur bat sortzea gustatzen zaie. Kokoak, gainera, “sendotasuna” ematen dio pastillari, eta horregatik, askotan oinarrizko oliotzat erabiltzen dute.
Horrek ez du esan nahi gure artisauen xaboi guztien oinarria koko-olioa denik, lehenago esan bezala, bestelako olioak ere erabiltzen baitituzte (olibazkoa, palmazkoa, etab.), bits gutxiago sortzen duten arren.
Usaina emateko, perfumeen ordez esentziak erabiltzen dituzte, leuntasun handiagoa ematen diotelako xaboiari.
Kolorea emateko, berriz, pigmentu kosmetikoak edo produktu naturalak erabiltzen dituzte: adibidez, “aloe vera” arrosarentzat, infusioak marroientzat, belarrak berdeentzat, etab. Koloreen bizitasuna edo ñabardurak nahasturen bidez lortzen dira. Eta horretan, artisauaren esperientzia funtsezkoa da. Behin edo behin txipiroi-tinta ere erabili izan dute beltza lortzeko.
Xaboigileek orokorrean produktuak berotan nahasten dituzte, baina gure bi artisauek hotzean egiten dute hori. Izan ere, hotzean egindako xaboiek glizerina guzti-guztia mantentzen dute, saponifikazio-prozesuan ez baita galtzen. Horregatik, olioak eta sodak tenperatura epeletan nahasten dira.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria