Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
PROZESUAK
Makilak egiteko haritz-, lizar-, pago- eta “tulipie”-egurrak erabili ohi ditu.
Kutxak egiteko, berriz, pago-, haritz-, intxaurrondo- eta gereziondo-egurrak.
Aurreko kasu guztietan, amaieran kolore-bainua ematen die. Marketeria-lanak egiten dituenean, eta pieza bere kolore naturalarekin doanean, tonu anitz dituzten egurrak aukeratzen ditu, piezak kolore-patina ugari izateko, eta amaieran ez die inolako kolore-bainurik ematen. Horregatik, kasu horietarako honako egur hauek erabiltzen ditu: lizarra, ebano berdea, bulunga, palo-santoa, intxaurrondoa, etab.
Silvestrek dionez, abendua eta otsaila artean, ilbeheran, moztutakoa da egurrik onena. Denboraldi horretan zuhaitzak gutxi izerditzen du, eta “hibernatzen” dagoela esan daiteke.
Enkarguz egiten ditu makilak, bai Real Sociedadeko ezkutuarekin, bai inizialekin, bai bezeroaren gustuko beste motibo batzuekin.
Leporako zintzilikario txikiak, arkatzentzako godaletak eta hainbat objektu egiten ditu, guztiak tailekin.
Egurra arotz-lagunek ematen diote, eta batzuetan mendian hartzen du berak, batez ere, oinez doanean forma “bitxia” duen adarren bat ikusten duenean, eta makila edo pordoi polit bat ateratzeko egokia denean.
Egur sikua erabiltzen du; horretarako, bere etxean gordetzen du ondo lehortu dadin.
Etxean lan egiten du, tailer txiki bat baitu erreminta eta guzti, bai zaharrak bai berriak: garlopak, bastrelak, gubiak, trintxak, eskopreak, eskuzko zulagailuak, barautsak, mailuak, mazoak, aliketak, kurrikak, bihurkinak, zerrak, zerroteak, arraspak, limak, karrakagailuak, etab.
Gainera, bi tornuzil ditu.
Makila lantzeko prozesua erraza da:
1º Materiala, egurra, prestatu egiten du: moztu, eskuz arrabotarekin biribildu, leundu, etab.
2º Egin behar duena arkatzez marrazten du pieza gainean.
3º Gubiak eta trintxak erabiliz tailatzen du, eta batzuetan mailuaren laguntzaz.
4º Hautsa garbitu eta lixa leuna pasatzen dio akabera emateko.
5º Piezak bernizatu egiten ditu, eta armarriak edukiz gero, horiek margotu.
Kutxak egiteari dagokionez, prozesua antzekoa da:
1º Kutxa egiteko erabiliko dituen taulak prestatzen ditu.
2º Tailatu beharreko irudia marrazten du arkatzez taula bakoitzaren gainean.
3º Gubiekin eta trintxekin tailatzen du.
4º Behin tailatu ostean, pieza guztiak muntatzen ditu nahi den elementua egiteko, kutxa.
5º Behin muntatu ostean, hautsa kentzen dio, izan ditzakeen akatsak konpontzen ditu (esaterako, muntatzerakoan eginiko marka txikiak, etab.) eta leun lixatzen du.
6º Bernizatu.
7º Elementu osagarriak eransten dizkio, esaterako: bisagrak, sarrailak, barruko tapizatua, etab.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria