Argazkia
Jose Luis Alonso Susperregui
Beirazko Artea
2008  /  03  /  07-28
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


PROZESUAK

BEIRATE BERUNEZTATUAK

Beiratea egiteko prozedura, labur esanda, hauxe da: abiapuntua bezeroak zer nahi duen zehatz-mehatz jakitea da. José Luis artisauak dioenez, bezeroarekin lasai-lasai hitz egitea atsegin du, haren asmoa eta zaletasunak zein diren jakiteko. Batzuetan, bezeroak erabateko askatasuna ematen dio artisauari, eta beste batzuetan, berriz, ideia zehatzagoa erakusteko argazki edo irudiren bat eman ohi dio.

Gaia, koloreak, neurria eta materiak zehaztutakoan, zirriborroa prestatzen da, 1/10 eskalan. José Luisek era horretako milaka zirriborro ditu gordeta, berak eginak gehienak, baina baita beste artista batzuenak ere. Baditu, adibidez, Antonio Saura, Gaspar Montes, Pablo Palazuelos, Tomás Nozal, Guillermo Pérez Villalta, Marta Cárdenas, Jean Lesquibe eta abarrek sinatutakoak.

Bezeroak zirriborroari onespena ematen dioenean, erreprodukzioa egiten da, berezko eskalan, 1:1 eskalan; lehenik, paper gainean eta, gero, kartoian egiten da, eta, ondoren, moztu egiten dira zatiak, eta beiratean zati bakoitzak izango duen kokalekua eta kolorea identifikatzeko zenbaki edo laburdura bat eransten zaie, berunak hartuko duen lodiera ere oso kontuan hartuta.

Jose Luis Alonso

Eredu horien laguntzaz, beira-zati bakoitza marrazten eta mozten da, gero. Berari, beira eskuz moztea gustatzen zaio, alegia, makinarik erabili gabe. Beira inportatu egiten da, Frantziatik, Alemaniatik eta baita Amerikatik ere. Metro koadroko xaflak dira, eta 3 bat mm lodiak. Xaflak artisau eran egina badira, lodieran alde handiagoak izaten dira; hau da, ez da izaten era industrialean ekoitzitako xaflen lodiera bezain homogeneoa. Koloreei dagokienez, 1.600 bat koloreko sorta eskura daiteke, eta badira askotariko koloreak dituztenak ere, askotariko urkoloreak.

Beira moztutakoan, ertz zorrotzak leuntzen dira, diamantezko erruletez, eta, hala behar izanez gero, orduan margotzen dira. Horretarako, atzeko aldetik argia ematen duen asto bat erabiltzen da, eta kolore berezi-bereziak; koloreek askotariko prezioak izan ditzakete, horietako batzuek baita 6.000 €/kiloa ere.

Pieza margotutakoan, labean sartzen da; horretarako bi labe elektriko ditu Alonsok. 600º C-tan lantzen da beira labe horietan. Piezak landu ondoren, labearen barruan uzten dituzte ongi hoztu arte; izan ere, tenperatura-aldaketa nabarmenak hautsi egin lezake beira.

Jose Luis Alonso

Beruneztatzeko mahaietan, beira-zati bakoitza beiratean kokatuta egongo den tokian jartzen dute. Irudi guztia osatzen dute, beruneztatzen hasi aurretik. Beruneztatzeko, %100ean berunez eginak diren zerrenda batzuen bidez uztartzen dira beira-zati guztiak; urtzeko makina batean egiten ditu José Luisek zerrenda horiek. T bikoitzaren forma du, eta pieza bat bestetik bereizten duen gorputz edo "arima" bat. Hegalen zabalera 4 bat mm-koa da, beira barruan ongi sar dadin, lehen esan dugunez 3 mm inguruko lodiera izaten baitu. Beira berunean sartutakoan, "beruna jaisten" da, hau da, hegalak egurrezko espatula batez sakatzen dira, beira estu-estu lotuta gera dadin.

Beiratea beruneztatutakoan, eztainuz soldatzen dira ertz guztiak (%65 eztainu eta %35 berun). Alde bat bukatu ondoren, piezari buelta ematen diote, beste aldetik berdin-berdin soldatzeko.

Aurreko prozesua amaitu ondoren, betunezko bainu bat ematen zaio. Produktu hori artisauak berak egiten du, linazi olioz eta Espainiako zuriz. Lehortzen utzi, eta zerrautsez igurzten da, gero, sobera gelditzen den betuna kentzeko. Horrela, produktu hori beiraren eta berunezko ertzen artean sartzen da, eta lehortu eta gogortzean, trinkotasuna eta zurruntasuna ematen dio beirateari.

Jose Luis Alonso

Beirate handiak direnean, pieza ongi babestearren, trinkotasuna ematearren, adibidez ateetan edo kanpoan jartzeko badira, hainbat irtenbide erabil daitezke:

- Metalezko hagatxo batzuk jartzen dira beiratearen atzetik, alanbreen bidez beiratea horiei ongi lotzeko. Hori da soluzio klasikoa eta gure artisauak gustukoen duena, beruna kontserbatzeko irtenbiderik egokiena delako. Bitxia da, baina Frantzian askoz ere hedatuago dago irtenbide horren erabilera, Espainian baino.

- Beste irtenbide bat da beiratearen atzeko aldean ESTADIT 3 + 3 (3 mm + 3 mm) edo 4 + 4 kristal bat jartzea. Beira lauz egindako kristal garden bat da, aurreko beirari itsatsita “mutirol” izeneko plastiko garden babesgarrizko geruza bat darama. Hala, kanpoko beira hautsiz gero, zatiak ez dira erortzen, tarteko xafla plastikoari itsatsita gelditzen direlako. “Beirate bikoiztu” deritzo horri.

- Islen kontrako beirak ere erabil daitezke. Askoz ere garestiagoak dira, baina artisauaren obra artistikoaren balioa apal dezaketen islak eragozten dituzte.

- Azkenik, aukera dago beiratea CLIMALIT batean (bi beiraren artean) sartzeko ere; halakoetan, hutsean zigilatzen da egitura, ertzetik. Horrela, tartean beiratea duen ogitarteko moduko bat eratzen da.

BEIRATE ZEMENTUDUNAK

Beirate zementudunak egiteko lehenengo urratsak aurrez deskribatutakoen oso antzekoak dira. Alde bakarra hauxe da: beirak lodiagoak izaten dira, eta elkarren artean zentimetro bateko tartea utzi ohi da, gutxienez.

Era honetako beirateak egiteko, bi zentimetroko lodierako beirak erabiltzen dira; “dalla” deritze.

Teknika hau neurri handiko beirateak egiteko erabiltzen dute.

Beirak prest daudenean, metalezko hagatxo batzuen bidez lotzen dira, eskeleto moduko bat osatuta; ondoren, zementua eransten zaio. Zementu berezi bat erabiltzen da horretarako, artisauak berak prestatzen duena zolatzeko zementuari beste gai batzuk erantsita, hidrofugante bat, besteak beste. Zementuaren bidez, beirak lotzen dituzten hagatxoak ezkutatuta gelditzen dira. Kontu handiz ibili beharra dago, halere, zementuan aire-burbuilarik gera ez dadin.

Zementua lehortzen denean, eredu modura erabilitako papera kentzen da, eta ongi garbitzen dira beira-zati guztiak.

Lan guztiak sinatzen ditu.

EKIPOAK

Irungo lantegian, lanerako behar dituen orotariko makinak ditu: berunak profilatzeko makina bat; bi labe; trontzatzeko makina bat, mahai gainekoa; esmerilagailu bat, hori ere mahai gainekoa; eta baita lanean gertatzen diren hainbat premiari erantzuteko askotariko lanabes berezi eta egokituak ere.

Beirak margotzeko gune bat ere badago, argi asko sartzen uzten duen leiho baten alboan.

Beste gune batean 4 mahai handi ditu, beirateak muntatzeko, eta sotoan, materialak gordetzen dituzte: beirak, berunak, planoak, pinturak, etab.

Bulego txiki bat eta komunak ere badaude lantegian.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen