Historia

Latinez sartor eta gaztelaniaz sastre esaten zaie gizonezko jostunei, eta hiztegiaren arabera batez ere gizonentzako jantziak moztu eta josten dituzte.

Normalean gizonentzako jakak eta prakak egiten zituzten, umeentzako arropa apur bat eta batzuek baita emakumezkoentzako ere.

Emakumezko jostunak izaten ziren andrazkoentzako eta haurrentzako arropa egiten zutenak.

Izan ere, gizonen arropa eta emakumeena ez dira berdinak. Gizonezkoena sendoagoa da, eta gizonek eskuak aske eraman ohi dituztenez, euren arropak poltsikoak izaten ditu gauzak eramateko. Bestalde, gizonen arropak ez dira horren aldakorrak, tradizionalagoak dira. Emakumeen jantziak, berriz, gehiago aldatu ohi dira, bai itxuraz, bai kolorez eta baita oihalei dagokienez ere.

Lehen aipatutako Negrillo jostunaren fitxan azaltzen genuenez, gizonezkoen jantziak neurrira egiteak hainbat lanbide edo espezialitate biltzen ditu, jantzi-egileari jostun izen generikoa ematen badiogu ere:

  • Ebakitzailea, neurtu, marraztu eta mozten duena.
  • Aulkiko jostuna”, moztutako oihal zatiak josten dituena, normalean lehenengo albaindu egiten ditu, bezeroak jantzia probatu eta oniritzia eman ostean behin betiko josteko.
  • Galtzagilea, galtzak egin ohi dituena.
  • Txalekogileak, txalekoak egiten dituena.
  • Gabardinagilea ere izaten zen, gabardina osatzen duten zatiak josten zituena.

Eskaria jasotzen duen jostunak aipatutako langileen artean banatu ohi ditu lanak. Etxean lan egiten zuten emakumeak arduratu izan dira eginbehar horietaz.

Bestalde, ogibidearen barruan badira hainbat kategoria. Hasiberria ikastuna izaten da, aurrerago laguntzaile bihurtzen da, denboran aurrera bigarren mailako ofizial egiten da, gero lehen mailakoa eta, azkenik maisu izatera iristen da.

1960. urtera aldera 400en bat jostun zeuden Gipuzkoan, horietatik ehun inguru Donostian. Gaur egun, berriz, hamarren bat daude probintzia osoan eta Donostian hiru jostundegi-denda bakarrik gelditzen dira: Antonio Pascualena San Martín kalearen 4an, Iñaki Aizarnarena Fermin Calbetón kaleko 48an eta Cortés-tarrena.

Sektorearen lehen krisia “prét-à-porter/eramateko prest” delakoaren eskutik etorri zen hirurogeita hamarreko hamarkada aldera, eta behin betiko ostikada informaltasun modernoak eman zion. Kontuan izan, bitxia bada ere, 20ko hamarkadan jendea hondartzara goitik behera jantzita joaten zela, trajea eta kapela soinean zuela.

Izan ere, jendearen janzkera asko aldatu da. Donostiako Zinemaldiak, esaterako, erabat galdu du janzkeraren xarma. Antzina Cortés-tarrek urtero 4 edo 5 esmokin egiten zituzten, eta orain, berriz, formaltasunik gabe janzten da jendea. Batzuetan praka bakeroekin ikusten ditugu agertokian zine-zuzendariak ere.

Gaur egun berriro ere poliki-poliki seriotasun handiagoz janzten hasi da jendea, bai zeremonietan eta baita negozio-arloan ere.

Prezioak

Luis Marik dioenez, neurrira egiten den joskintza ez da garestia, jantziek urte asko eta asko iraute baitute.

Traje batek 1.000 eurotik gora balio du, behar izan duen lanaren eta batez ere aukeratutako oihalaren arabera.

Luís María Cortés
Jostuna

Antxon AGUIRRE SORONDO

SASTRERÍA CORTÉS
Hernani kalea, 13
20004 DONOSTIA
Tel. 943 424 681
Mail: cortessastres@euskalnet.net
Ordutegia: (A-O): 09:00 – 13:00 / 16:00 – 20:00
(L): 09:00 – 13:00 / 17:00 – 20:00

Sarrera

Hainbat fitxatan ekarri ditugu gurera “jostorratzaren artisauak”, baina behin bakarrik izan dugu protagonista era tradizionalean lan egiten duen gizonezko jostuna, Irungo José Negrillo Maeztu hain zuzen (EUSKONEWS 275. zk.). Gainontzekoetan jantzi herrikoiak josten dituzten artisauak edota emakume jostunak edo modistak hurbildu ditugu atal honetara.

Gaurkoan benetako jostun-familia izango dugu hizpide, Donostiako Cortés-tarrak, joskintza ogibide izan duten lau belaunaldi eman dituena.

Artisauak

Luis María Cortés Busselo Donostian jaio zen 1940ko urriaren 17an. Sagrado Corazón ikastetxean egin zituen ikasketak eta, aldi berean, solfeoa ikasi zuen. Piano-ikasketak burutu zituen.

Bere aitona Emiliano Cortés Gasteizen jaio zen, eta familiak apaiztegira bidali zuen. Bizimodu hura ez zuen atsegin eta gau batean ihes egitea erabaki zuen. Leihotik salto egin eta, zoritxarrez, hanka apurtu zuen. Gertatutakoa ezkutuan gorde nahi izan zuenez, hanka ez zitzaion ondo sendatu eta herren gelditu zen betirako. Gaztelaniazko errefrau zaharrak zioenez: “peluqueros, zapateros y sastres, oficios de cojos”, hau da, eskuak ondo zituztenez eta batetik bestera ibili behar ez zutenez, ile-apaintzaile, zapatagile eta jostun izateko aproposak ziren herrenak.

Emilianok ebakitzaile-ikasketak egin zituen Salesianos ikastetxean, eta geroago jostun-lanari ekin zion Urretxuko (Gipuzkoa) etxe batean. Alargun gelditu zen, alaba bakarrarekin, eta beranduago Legorretako Dolores Garicano Garmendiarekin ezkondu zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten, horietatik bi gizonezkoak: Simon eta Jose.

Aurrerago Emiliano Pasaiara (Gipuzkoa) joan zen bizitzera, eta bertan Simón Cortés Garicanok, semeak, heldu zion aitaren ogibideari.

Jose Cortes Garicano (gure artisauaren aita) 1903ko abuztuaren 20an jaio zen, eta aitarengandik lanbidea ikasita, jostun izan zen bizitza osoan. Lehen jostundegia Donostiako Getaria kaleko 5ean ireki zuen, 5. solairuan, eta geroago Hernani kaleko 5ean, lehen solairuan, ekin zion lanari, lehenago Almacenes El Louvre jostundegi frantziarra zegoen lokalean. El Louvren egin zuen lan, hain zuzen, gerora jostun ospetsu izan zen Cristobal Balenciagak.

Jose ezkondu egin zen eta lau seme-alaba izan zituen, horietako bi gizasemeak: Javier nagusia eta Luis Mari. Javierrek aitarekin egiten zuen lan, baina 33 urterekin hil egin zen. Hortaz, bigarren seme Luis Mari Cortes Busselo aitaren laguntzaile egin zen 14 urte zituela.

1954an ireki zuten gaur egungo jostundegi-denda, Hernani kaleko 13an. Jostundegia solairuetan zuten jostunei bezeroak berak eramaten zien oihala. Cortés-tarrek jostundegiarekin batera denda ireki zutenez, euren bezeroentzako eta beste jostun batzuentzako oihala ere saltzen hasi ziren.

José Cortés Garicano aita 1979. urtean hil zen.

Luis Mari Cortes Busselo María Teresa Lavaud Gonzalezekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten, lau mutil eta neska bat, Amaia. Horietatik Alejandro (Álex) da jostundegi-dendaren ardura hartu duena, hau da, Cortés familiako laugarren jostun-belaunaldia osatzen duena.

Álex 1968an jaio zen eta Marianistas ikastetxean burutu zituen lehen ikasketak. Ondoren Zuzenbide Fakultatera egin zuen jauzi eta beranduago merkataritzari ekin zion. Lan-egoera zela medio, 2001ean aitarekin hasi zen lanean. Mari Paz Errastirekin ezkondu zen eta bi urteko mutikoa dute: Iker.

Gipuzkoako Merkataritza Federazioak diploma eman zion Sastrería Cortési bere ibilbide profesionala saritzeko.

Gaur egun Luis Mari Cortes, bere seme Álex eta Alberto Arguiñaniz ari dira jostundegian lanean.

Produktuak

Gizonezkoentzako jantziak egiten dituzte, batez ere trajeak, prakak, txaketak, edota esmokinak, eta baita uniformeak eta sotanak ere.

5.000 oihal-lagin baino gehiago dituzte, horietatik gehienak Sabadellgo Gorina etxe ospetsutik ekarritakoak. Horrek Ingalaterratik inportatzen ditu.

Era berean, alkandorak neurrira egiten dituzte eta eskuz artisau-erara egindako zapatak ere saltzen dituzte, gorbata eta gerrikoekin batera.

Ezkontza, zeremonia edo jai-ekitaldietarako jantziak egiten dituzte.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideentzako frakak egiten dituzte eta baita sotana ugari ere. Bertan egindako sotanak Afrikara eta Amerikara ere bidaltzen dituzte. Duela gutxi sotana zuria egin dute Kamerunera bidaltzeko.

Bezeroen % 25 frantziarra da, traje berdinak Parisen Donostian baino hiru aldiz gehiago balio baitu.

Luis Marik umoretsu kontatzen digunez, 1988an Abdala Bin Abdelaziz al Saud egungo Saudi Arabiako erregeak deitu zion Miarritzeko Hotel du Palais delakora joateko. Erregea bertan zegoen bere laguntzaileekin eta hainbat jantzi egin nahi zituela adierazi zion jostunari. Oihal batzuk aukeratu zituen eta hurrengo urtean neurriak hartzekotan gelditu ziren, baina Golkoko gerra piztu zen eta arabiarra ez da gehiago itzuli.

Laburbilduz, gure artisauak diosku bezeroen nahiak asko aldatu direla. Gaur egun jendeak nahiago du “kantitatea” “kalitatea” baino, baina bere bezeroek aparteko arropa nahi dute, eskuz egina eta seriean egiten dena baino hobe geldituko zaiena, prezioa alde batera utzita. Bezero horiek badakite kalitatezko jantzia daramatela soinean eta ez dutela berdinik ikusiko. “Oihal batekin traje bakarra egiten dugu, ez gehiago, bigarren trajea Madril, Sevilla edo Pariseko bezeroren batentzako ez bada behintzat”, azaldu digu Luis Marik.

Bestalde, jostunak beti gordetzen ditu oihal zatiak bezeroak uneren batean jantzia zabaldu edo handitu nahi badu, eta hori ezinezkoa da “prét-à-porter/eramateko prest” sisteman.

Prozesuak

Lehengaia: oihala

Antzina oihal “garbiekin” egiten zuten lan jostunek, hau da, osagai bakarra zuten lehengaiak erabiltzen zituzten, nahasketarik gabeak. Normalean artilezko eta kotoizko oihalak erabiltzen zituzten. Forruen kasuan kalitate gutxiko oihala erabiltzen zen, merkeagoa, “biskosa” esaten ziotena (zelulosa-zuntzarekin eta irundako rayonarekin egindako zeta artifiziala).

1960an inguruan poliesterra sartu zen, “ter-gal” delakoa, batez ere praketan erabiltzen hasi zutena, luzaroan eusten baitzien praken marrei. Jakak artile hutsez egiten dituzte oraindik ere.

Gehien erabiltzen den oihala tergalez eta artilez osatutakoa da. Osagaiak hainbat proportziotan nahasten dira, eta erabilienetakoak % 40 tergala du eta % 60 artilea. Dena den, % 30 - % 70 eta beste proportzio batzuekin egindako oihalak ere erabiltzen dituzte, arropa uda alderako edo negu ingururako den kontuan hartuta.

Artile hutsa eta kotoia ere erabiltzen dituzte (adibidez “mil rayas” esaten dieten betiko prakak egiteko).

Oihalak Sastrería Cortés-ek jartzen ditu, eta beste jostun batzuei ere saltzen dizkiete.

Fabrikazioa

Labur-labur azaltzeko, jantzi bat egiteko honako eskema orokor hau erabiltzen da:

Bezeroa dendara joan eta nahi duen jantzia adierazi ondoren hainbat oihal erakusten dizkiote, kolorea, testura, lodiera eta abar aukeratu ditzan.

Jarraian neurriak hartzen dizkiote. Sarritan urrats hori ez da beharrezkoa izaten, ohiko bezeroen patroiak gorde egiten baitituzte. Agian batzuetan aldatu beharreko neurriren bat izaten da, zabaleran edo luzeran, esaterako.

Esan dugunez, lehendik gordeta ez badute, paperezko patroiak egiten dira, moztu beharreko zatiak oihalean marrazteko. Horretarako “jaboncillo de sastre” (jostun-xaboitxoa) esaten dioten margo-modukoa erabiltzen da.

Jantziaren zatiak moztu ostean “piezeroak” albaindu egiten ditu eta, ondoren, behar izanez gero, bezeroak arropa probatzen du. Ohiko bezeroen kasuan sarritan ez da inongo probarik egin behar.

Proba egitean antzeman diren beharrezko aldaketak egin eta gero, jantzia berriro muntatu eta behin betiko josten da.

Batzuetan, josi aurretik, bigarren proba bat ere egiten da, jantzi motaren arabera. Azkenik, josi, errematatu eta lisatu ondoren, bezeroari ematen zaio.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media