Lana egin aurretik aurrekontua prestatzen da, beharko diren orduak kontuan hartuta. Adibide modura, honako hauek dira 2008ko prezioak:
· Eskuoihalak: 15 € bi inizialekin
· Inizial handi bakoitza 25 €
· Izara sortan inizialak jartzea (2 bakoitzean): 40 €
· 3 eskuoihalez osatutako sorta, bakoitzean bi letra: 60 €
· Garaikur-txapela: 60 €
Antxon AGUIRRE SORONDO
María Jesús Lorenzo Díaz
Donostia kalea 24, 4.-B
20100 ERRENTERIA
Tel. 943 52 48 29
Itziar Alduncinen fitxan (EUSKONEWS 245. zk.) adierazi genuenez, “oihal edo larruak brodatuekin apaintzea” da brodatzea. Era berean, brodatuaren eta parpailaren arteko aldeak azaldu genituen.
“Jostorratzez edo kakorratzez egindako brodatua”, “makinaz egindako brodatua” eta “brodatu mekanikoa” zer diren aipatu genuen orduan.
Brodatzeko erabiltzen diren bost euskarriei buruz hitz egin genuen, eta brodatu mota batzuk ere azaldu genituen, hala nola, “brodatu zuria”, “brodatu zuloduna”, “fantasiazko brodatua”, “xafla metalikoetako edo lamezko brodatua”, “Umbriako brodatua”, “Lunévilleko brodatua”, “Beauvais brodatua” eta “brodatu pertsiarra”.
Gaiaren inguruan interesa duen irakurleak aipatutako artikulua irakur dezake.
Gaurkoan Maria Jesus Lorenzo ekarri dugu gure atalera. Tituluan maisu brodatzaile esan diogu, makinaz egindako artisau erako brodatua duelako ogibide eta zaletasun, eta haren lanen kalitatea ikusita argi dago maisua dela. Aldi berean maistra ere bada, irakasle-lanetan ere badiharduelako.
Gure artisaua 1956ko urtarrilaren 2an jaio zen. José Lorenzo aitak eta Josefa Díaz amak bost seme-alaba izan zituzten, horietatik bigarrena da Maria Jesus.
Errenteriako eskola publikoetan ikasi zuen eta 11 urterekin hasi zen brodatzen, Maria Luisa Erquiciak herrian bertan zuen akademian. Han hasi zen brodatuaren teknikak ikasten.
Brodatzaile-titulua Donostiako Prim kaleko San Jose ikastetxean eskuratu zuen lehenengo, eta ondoren, 17 urterekin, baita hiri bereko Espoz akademian ere.
19 urte zituela ALFA enpresak kontratatu zuen Errenteriako Biteri kaleko dendan brodatzen irakasteko. Bost urte eman zituen bertan, Donostiako Okendo kaleko 10ean enpresa berak duen dendara igaro zen arte. Bi urte egin zituen han brodatzen irakasten, eta ondoren lokala erosi zuen Errenterian, bere kontura ALFA makinak saldu eta makinaz egindako brodatu tradizionala irakasteko. Egunero lau txandatan ematen zituen eskolak, eta txanda bakoitzean 17 ikasle izatera iritsi zen.
Bost urte igarota, gau batean makina guztiak lapurtu zizkieten, 27 guztira, eta baita generoa ere. Sekulako atsekabea izan zen, ekonomikoki eta osasunaren aldetik kalte egin ziona. Ondorioz, urtebete eman zuen lanik egin gabe.
ALFA enpresak berriro kontratatu zuen. Horrenbestez, 18 hilabete egon zen Donostiako Okendo kaleko dendan eskolak ematen eta beste 18 Irungo dendan. Gero Donostiakora itzuli zen berriro, eta han ari da lanean gaur egun ere. Dagoeneko ez du makinaz egindako brodatu tradizionala irakasten, programa duten makina modernoen bidez brodatzen baizik.
1979an Florentino del Solekin ezkondu zen eta bi seme dituzte: Aitor (1981ean jaioa) eta Javier (1986).
Gure artisauaren lanak hiru alde ditu:
1.- Josteko eta brodatzeko ALFA makinen salmenta. Bezeroak ez du aholkulari hoberik aurkituko.
2.- Makinaz brodatzen irakasteko eskolak eta ikastaroak ematen ditu.
3.- Bezeroak eskatutakoa artisau eran brodatzen du.
Brodatzeko hiru modu daudela azaldu behar da:
A.-Eskuz egindako brodatua. Antzinako erara brodatzen da, eskuz, inongo makinarik gabe. Denbora gehiago behar da, baina errazagoa da.
B.- Makinaz egindako artisau erako brodatua. Horretarako gustua behar da, teknika menperatzeaz gain. Izan ere, puntada bat ematean huts eginez gero, desmuntatu eta puntua kendu egin behar da aurrera egin baino lehen, eta horrek lan handia eskatzen du. Horregatik garrantzitsua da teknika menperatzea, pultsu ona edukitzea eta baita eskarmentua izatea ere.
C.- Brodatu mekanikoa. Programadun makina modernoekin egiten da.
Hiru lan motak erraz bereizten dira. Eskuz egindako brodatuak lauagoak dira, estali besterik ez dute egiten, bolumen gutxiago dute. Makinaz egindako artisau erako brodatuetan marrazkiek bolumen handiagoa izan dezakete, puntadak puntaden gainean ematen baitira. Programatutako makinekin egindako brodatu modernoak linealak dira, ez dira hain politak.
Makinaz brodatzea da bere espezialitatea, pedala duten “makina beltz zaharrak” erabiliz. Maria Jesusek ALFA markako pedaldun makina du, motor gabea. Dagoeneko 41 urte daramatza harekin lanean, eta garai hartan 2.000 pezeta ordaindu zituen bigarren eskuko makinagatik.
Era guztietako brodatuak egin ditu: eskuoihalak, izarak, kasullak, aldarean jartzeko mahai-oihalak, estandarteak, udaletxeetan jartzeko eta estropadetako irabazleentzako banderak, agur-ekitaldietarako edo urteurrenetarako oroigarriak, txapelak, adur-zapiak, Irungo (Gipuzkoa) eta Hondarribiako (Gipuzkoa) alardeetako kantinerentzako bandak, txirrindulari-lasterketetarako zintak, etab.
Orain arte, denbora gehien kendu dion lana Emakumeen Kontxako Lehen Banderaren ingurukoa izan da. Bandera egiteko 450 ordu behar izan ditu, eta gainera kopia txikiagoak egin ditu arraunlarientzat, 22 mutilentzat eta beste horrenbeste neskentzat. Arraunlari irabazle bakoitzari markoan sartuta oparitu diote garaikurra.
Pedaldun makina zaharra erabiltzen du lanerako, harekin moldatzen baita ondoen. Brodatuen oinarri izango diren oihalak lanaren arabera aukeratzen ditu. Horrela, txapelen edo zinten kasuan gainean brodatzen du, banderak egiteko satinezko oihalak aukeratzen ditu, emaztegaien soinekoetarako erabiltzen diren horietakoak, nolabaiteko sendotasuna baitute, edo bestela distirazko ehuna, ur-marrazkiak dituena, oinarri oso polita baita.
Brodatzeko hari bereziak erabiltzen ditu. Mota horretako hari gehienak Katalunian egiten dituzte.
Hainbat tamainatako euskarriak ditu brodatzeko.
Honako hau da lan-prozesua:
1.- Marrazkia paperean egiten da.
2.- Paperetik oihalera kalkatzen da marrazkia, kalko beltza erabiliz. Oihala iluna denean kalko zuria, horia, urdina, gorria edo beste kolore batekoa erabiltzen da.
3.- Oihala euskarrian jartzen da.
4.- Makinaz brodatzeari ekiten zaio.
Txapelak brodatzeko ez da euskarririk erabiltzen, oihala eskuz eusten da. Kasu horretan testua eta irudiak seta-paperean marrazten dira. Papera txapelaren gainean jarri eta marrazkia atzera-puntadaz markatzen da. Ondoren, papera kendu eta marrazkiaren tarteak betetzen dira makinaz brodatuz.
Eskuoihalen kasuan, marrazkia ezin denez kalkatzeko paperaren bidez kopiatu, Maria Jesusek “paper sulfurizatua” erabiltzen du. Paper berezia da, nahiko sendoa, seta-papera baino gogorragoa. Paper horren gainean egiten du marrazkia, gero papera zulatu eta eskuoihalaren gainean jartzen du. Ondoren, kolorezko hautsa botatzen du gainetik eta horrela eskuoihala marraztuta gelditzen da. Orduan, marrazkia ondo zehaztu eta tarteak betetzea izango da kontua.
Brodatzeko fasean “kordoiak” edo “oso motako gidak” jartzen dira, hau da, tira edo kordoiak. Horiek brodatua mugatzen dute eta nolabaiteko sendotasuna ematen diote. Nahi badugu, beste bat jar dezakegu 5 mm-ra, eta hutsunea betez eta biak estaliz bolumen txiki bat lortuko dugu. Modu horretan fondoa edo letra erliebean osatuko dugu.
Bukatzeko muturrak errematatu behar dira, ia ikusezinak izango diren puntada txikien bidez. Loturaren bat balego, errematea bertan egiten saiatzen da, bide batez estaltzeko.
Armarriak eta banderak brodatzen direnean lana osatzeko itzalak ere egiten dira, beste kolore batzuk erabiliz.
“Kalatu-lanak” ere egiten ditu. Hainbat tamaina eta formatako zuloak dituztenei “Richelieu” esaten zaie. Horietan oihala zulatu egin behar da eta gero zuloen inguruak errematatu egin behar dira.