ARTISAUA
|
|
Artisaua. |
Donostian jaio zen, 1965ean. OHOko lehen mailako ikasketak egin ostean, liburuak
gustuko ez zituela-eta, 14 urterekin jantzigintza ikasten hasi zen Donostiako
San Jose Eskolan. Han bi urte igaro ostean, beste urtebete brodatzen ikasten
eman zuen. 17 urterekin, Juani eta Maruja Carballo ahizpek Donostiako Etxaide
kalean zeukaten tailerrean sartu zen, ikasle-laguntzaile modura. Tailer horretan,
une jakin batean, zortzi neska egon ziren lanbidea ikasten; Itziar sartu zenean,
ordea, bera bakarrik aritu zen bi ahizpekin lanean. Hilean 5.000 pezeta ordaindu
behar izaten zituen ikasteagatik. Urtebetera, 18 urte zeuzkanean, Carballo
ahizpek beraiekin lanean jarraitzeko kontratatu zuten. Hamar urte emango zituzten
elkarrekin. Hasieran, egindako lan bakoitzeko kopuru jakin bat ordaintzen
zioten, baina 25 urte bete zituenean hileko 60.000 pezetako soldata finkatu
zioten. Juani hildakoan, Marujak utzi egin zion tailerrean lan egiteari, eta
Itziar gelditu zen bertan. Handik bi urtera, tailerra lekuz aldatu zuen.
Itziar 27 urterekin ezkondu zenean, Maruja Carballok, opari gisa, lanerako
beharko zuen material guztia eman zion: marrazkiak, hariak eta SINGER josteko
makina pedaldun zaharra, oraindik ere lanerako erabiltzen duena. Senarra
eta biak Donostiako Aldakonea kalean jarri ziren bizitzen, eta hantxe zabaldu
zuen tailerra. Gaur egun, berriz, Ametzagaina etorbidean dauka kokatuta.
Beti bakarrik aritu da lanean, baina duela bost urtetik
hona, koinata duen Karmele Aierbe aritzen zaio laguntzen.
1992an, Juan Ormazabalekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba dauzkate: Axier
(1996an jaioa) eta Libe (2002an jaioa).