Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Materialak | |
Prozesua | |
Prezioak |
PRODUKTUAK
Hiru multzo handitan bana ditzakegu egiten dituen lanak:
A.- Inizialak brodatzea.
B.- Testuak brodatzea.
C.- Jantzietan irudi geometrikoak, loreak eta abar brodatzea.
Gaur egun oraindik ere oso zabalduta dago amek, amonek edo izebek beren alabei, ezkontzerakoan, "arropa zuri" brodatua oparitzeko ohitura.
Maindireak, inizialekin. |
Antzina, bataioetako oihaletan ere egiten ziren brodatuak, baina, orain, haurrentzako kotxeetan eramaten diren maindireetan haurraren izena brodatzen da.
1993an, Donostiako Alde Zaharreko Lizaran Eskolako ikasle ohiek, Itziarrek berak egindako mantu brodatu bat eskaini zioten opari gisa Santa Maria elizako Koruko Amari.
Aldarerako oihalak, mezarako jantziak eta beste hainbat elementu erlijioso ere brodatu ditu.
“Richelieu”, prest. |
Duela hainbat urtetik hona, berak egiten du irail partean ospatzen diren Kontxako Badiako Estropadetan irabazle suertatzen den taldeari Donostiako Udalak oparitzen dion bandera. Bi hilabete oso behar izaten ditu lan hori egiteko, eta bera arduratzen da oihala erosteaz (normalean, satinezkoa), prestatzeaz, brodatzeaz eta gainerako alderdi guztiez.
Garaileei ematen zaien txapelari dagokionez, gaur egun australiar estilokoak erabiltzen dira, forrurik eta ardi-larrurik gabeak. Tolosako Elosegui etxean erosten ditu, bi neurritakoak: handiak helduentzat, eta txikiagoak haurrentzat, eta, kasu bakoitzean, eskatzen dioten testua brodatzen du.
Gipuzkoako bandera brodatzen. |
Brodatuak mekanikoki egiten dituzten makina programatuak agertu zirenetik, prezioak asko merkatu dira, eta hauen kalitateak eskuz egindakoekin zerikusirik ez daukan arren, brodatzaileen lanak nabarmen egin du behera.
Itziarren bezero gehienak erakunde ofizialak dira (federazioak, udalak, elkarteak eta abar), baina dendek eta partikularrek ere egiten dizkiote enkarguak.