Itziar Alduncin
ITZIAR ALDUNCIN
Brodatzailea
2004 / 03-05 / 03-18
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Materialak
 Prozesua
 Prezioak


SARRERA

BRODATU: “Oihal edo larruak brodatuekin apaintzea”.

BRODATUA eta PARPAILA ez dira gauza bera: lehendabizikoa euskarri baten gainean egiten da; parpailak egiteko, berriz, ez dago euskarrien beharrik.

Hiru brodatu mota bereiz ditzakegu, egiteko moduaren arabera:

Euskarriari dagokionez, bestetik, bost mota ezagutzen ditugu:

1.- Hanken gainean jartzen den euskarria: belaunen gainean jartzen da.

2.- Astoen gaineko euskarria: brodatu beharreko oihal edo larrua, zurezko bi ohol horizontalen gainean jartzen da.

3.- Danbor moduko euskarria: jatorri txinatarrekoa da. Oihala zurezko uztai baten inguruan jartzen da, eta bere inguruan zurezko beste uztai bat ipintzen da, oihala tinko gera dadin.

4.- Marko moduko euskarria: kalamukia altzairuzko lauki, angeluzuzen edo zirkulu batean ipintzen da.

5.- Pintzetako euskarria: muntagetan kako edo gantxoak dauzkan euskarria da, brodatu beharreko larrua eusteko. Eskularruak, poltsak eta abar egiteko erabili ohi da.

Brodatuen artean mota ezberdin ugari daude, baina guk garrantzitsuenak bakarrik aipatuko ditugu:

BRODATU ZURIA: gaur egun koloretakoa ere egiten da. Mota askotakoa izan daiteke: plumetietakoa, ingelesa, oxkarretakoa, zurezkoa, richelieu motakoa, colbert motakoa, errenazentista, eta abar.

Txapela brodatzen.
Txapela brodatzen.

BRODATU ZULODUNA: hariak oihaletik bertatik ateratzean datza.

FANTASIAZKO BRODATUA: hornidura ezberdinak erabiltzen dira (kotoia, artilea, zeta, lokarritxoak, galartzua, urrezko, zilarrezko edo kobrezko haria, perlak, lentejuelak, etab.). Brodatu mota honek izen ezberdinak hartzen ditu bere jatorriaren, erabilitako materialaren eta beste hainbat faktoreren arabera, baina, nagusiki, honako hauek: hari kiribilduna (urrezko edo zilarrezko hari kiribilak erabiltzen direnean), irtenguneduna (irudiak oihalaren gainean nabarmentzen direnean), gainjarria edo aplikaziozkoa (lehendabizi brodatuak egin, eta ondoren oihalean josten direnean), erliebean (gehienetan, brodatuaren eta oihalaren artean betegarriak ipintzen), zeharkatuta (harizpiek oihala alde batetik bestera zeharkatzen dutenean), buruxkaduna, kate itxurakoa, inkrustazioduna, etab.

XAFLA METALIKOETAKO edo LAMEZKO BRODATUA: jostorratz bereziak behar izaten dira hauek egiteko.

UMBRIAKO BRODATUA: italiarra, kolore biziduna, urre kolore gazarekin.

LUNÉVILLEKO BRODATUA: kakorratzez egiten da.

Txapela brodatzen.
Txapela brodatzen.

BEAUVAIS PUNTUZKO BRODATUA: brodatu mota frantsesa.

BRODATU PERSIARRA: urre eta harri bitxiekin egina.

Aipaturiko brodatu hauek guztiak eskuz egiten dira. Baina ez dira dauden bakarrak; mota gehiago ere badaude.

Broderia aspaldiko artea da. Exodo liburuan hebrearrek egiten zituzten brodatuak aipatzen dira, eta Herodoto historialaria egiptiarren brodatuei buruz mintzatu zitzaigun, antzina Babiloniako brodatuak munduko ospetsuenetarikoak baitziren; horren lekuko, brodatuei "oihal babiloniarrak" deitu ohi zaiela.

Egiptotik Grezia, Erroma eta Bizantziora zabaldu zen arte hau. Errege-erregin eta elizgizonen jantzietarako berebiziko kalitatezko brodatuak egiten ziren. Gero, italiarren eskutik, Europa guztira hedatu zen lanbidea.

Broderia XVII. mendean iritsi omen zen bere maila gorenera Espainian, Frantzian, Flandesen eta Italian, bai arropari, bai tapizei dagokienez.

Brodatzaileen lanbidea oso estimatua zen gizartean, eta bikainenek tailer bat eta soldatapeko langileak izaten zituzten beren aginduetara.

Ez ditzagun ahantzi "Toledoko Lagarterak" izenekoak, eurek brodaturiko oihalak etxez etxe, baserriz baserri eta azokaz azoka eskaintzen ibiltzen ziren emakumeak.

Txapeleko hariak kentzen.
Txapeleko hariak kentzen.

1500. urtean, Giovanni Cavailla boloniarrak josteko makina asmatu zuen, eta 1805ean, Joseph Marie Jacquard ehule frantsesak brodatuak automatikoki egiteko txartel zulatuak, nahiz eta kontrolatze lanetan pertsona batek egon beharra zeukan. 1894an, Notthingham-eko Henry Hill jaunak anezka brodagailuei aplikatu zien sistema hau, eta, horrela, mekanizatu egin zuen broderia lana. Dena den, azken emaitzak ez dauka eskuz egindako broderiaren kalitatearekin zerikusirik, ez lehen eta ez orain, ordenagailu bidez brodatzeko programatuta dauden makina modernoak dauden garaiotan.

Gipuzkoa osoan gaur egun ez dira hamar baino gehiago izango "lehengo moduan" brodatzen aritzen diren artisauak. Horietako bat, berehala aurkeztuko dizuegun Itziar Alduncin Juanena dugu.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen