Itziar Alduncin
ITZIAR ALDUNCIN
Brodatzailea
2004 / 03-05 / 03-18
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Materialak
 Prozesua
 Prezioak


MATERIALAK

Kotoizko hariak erabiltzen ditu beti, brodatzeko bereziak, kolore guztietakoak, Kataluniako Fabra y Coas etxekoak -brodatzaile lanetan hasi zenetik fidel-fidela zaio etxe horri, ez baitu marka horretako haririk baizik erabiltzen-. Horiez gain, kotoizko lokarriak, titareak, orratzak, jostorratzak, brodatzaileen guraize txiki eta handiak, "zetazko papera" eta "paper sulfurizatua" erabiltzen ditu.

Irudi zein testuak txapeletan brodatzeko, lehenik eta behin irudi horiek "zetazko papera" delakoan egiten ditu. Ondoren, paper hori txapelean albaindu, eta makinaz atzera puntadak egiten dizkio; hau da, irudiaren gainean haria pasatzen du, irudia txapelean marraztuta gera dadin. Fase hau amaitutakoan, "zetazko papera" kendu, eta SINGER zaharrarekin brodatzen hasten da.

Eskuzapietan, beren ehundura dela-eta, ezin direnez brodatuak zuzenean egin, lehendabizi irudia "paper sulfurizatua" delakoan egiten da, eta paper hau, ondoren, margo koloredun batekin zulatu egiten da, eskuzapian marraztuta gera dadin. Kasu hauetan ez da "zetazko papera" erabiltzen, finegia denez erraz puskatzen delako. "Sulfurizatuak", ordea, lodiera handiagoa du eta sendoagoa izaten da.

Hariak.
Hariak.

Eskuoihalen eta oihalaren gainean zuzenean marrazteko aukera ematen duten gainerako elementuen kasuan, kalkatzeko paper normala erabiltzen du, urdin kolorekoa, idazteko makinetan erabiltzen dena bezalakoa. Kalkatzeko papera eskuoihalaren gainean jarri, eta arkatza jada marraztuta dagoen irudiaren gainetik pasatzen du, paperean dagoen irudia oihalean marraztuta gera dadin.

Brodatu beharreko oihala bi uztaien tartean jartzen du -uztai batek besteak baino diametro pixka bat handiagoa izaten duenez, oihala bien artean sartuta tinko eutsita gelditzen da-.

Josteko makina bat baino gehiago dauzka: SINGER zaharra -80 urte inguru izango dituena, Marujak oparitu ziona-, beste bat, berdin-berdina -mekanikoak dira biak-, eta makina elektriko moderno bat, SINGER etxekoa baita ere. Azken hau "irtenguneak" egiteko (beste oihal batean egindako brodatuak josteko) eta maindireen ertzetan "lerro zuzenak" ipintzeko erabiltzen du (maindireei, ertzean, tolestura handi bat egiten zaie, eta josi egiten dira, eta jostura horren gainean, maindirearen alde bietan, tira brodatu bat ipintzen da, jostura estaltzeko).

Paperean irudiak egiteko, konpasa, erregelak, metroa eta arkatzak erabiltzen ditu, jakina.

Amaitzeko, irratia aipatu behar, "ezinbestekoa" Itziarren esanetan.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen