Eibarko Udalaren akta batean, 1762ko apirilaren 25ekoan hain zuzen ere, idatzi zuten orduan Plazentziako Erregearen Arma Fabriketan (gaur egun, Soraluzen, Gipuzkoan) honako langile hauek zeudela: 35 KAXA EGILE, 9 FORJARI, 7 BARRENARI, 19 LIMATZAILE, 13 TXISPALARI, 11 MAILUKARI, 35 PRESTATZAILE, eta 8 KONPONTZAILE. Denak dira suzko armak egiteko lanbideak.
Espezializatu ondoren, azpisailkapenak daude. Izan ere, KAXA edo KULATA EGILEAK, batetik, PIKATZAILEA dakar, kulataren arraiak egiten dituena, eta, bestetik, TXAROLARIA, egurrari berniza ematen diona.
1874an, Soraluzeko EUSCALDUNA fusil-fabrikak kulatak egiteko bi egur-makina kopiatzaile zituen. Makinekin prozesuaren zati bat egiten zuten, akabera eskuz ematen ziotelako. Baina 1940. urtetik aurrera prozesua guztiz mekanizatu zuten, eta orain eskopeta finak edo kalitatezkoak bakarrik egiten dira eskuz, benetako artisautza-lanak baitira.
Izan ere, eskopeta erabiltzaile onak garrantzi handia ematen dio armaren kulatari edo kaxari, ondo egokitu behar zaiolako bezeroaren gorputzari. Horretarako kontuan izan behar dira: besoen luzera, tiro egiteko erak, ezkertia edo eskuintia den, tikik edo jiterik duen, grabatuen kalitatea...
Antxon AGUIRRE SORONDO
José Antonio Bastida
Helbidea: Fermin Calbeton kalea 8, 4. esk.
Tailerra: Polonia Etxeberria kalea 1, behea.
Txanta auzoa
20600 EIBAR
Telefonoa. 943 70 01 92
Gaur egun galzorian ditugu eskopetak egiten dituzten artisauak. Hori dela eta, garrantzi handikoak dira haiei egindako elkarrizketak.
Eskopeta-egileen gainean, honakoak argitaratu ditugu:
· Vicente Alberdi, grabatzailea (EUSKONEWS
433. zk.).
· Mari Asun Nogués, damaskinatzailea (EUSKONEWS
449. zk.).
· Pedro Mari Alberdi, grabatzailea (EUSKONEWS
463. zk.).
Oraingoan Jose Antonio Bastida dugu gurean, lanbidez PIKATZAILEA. Izan ere, esan behar dugu gure atalean estreinakoz jorratuko dugula aipatutako lanbidea.
Gure artisaua Eibarren jaio zen 1962ko uztailaren 9an. Aita Ángel Bastida zuen, Albeldan (Errioxa) jaioa 1936ko martxoaren 12an. 15 urterekin Eibarrera etorri zen lanera, hain zuzen ere, STAR arma-fabrikara, anaia bertan baitzuen lanean. Morroi hasi zen, baina pixkanaka-pixkanaka eskopetak egiteko prozesu guztiak ikasi zituen.
1961ean, Antonia Sacedarekin ezkondu zen. Emaztea ere lanean hasi zen eta, orduan ohikoa zenez, kulatak “pikatzen” ikasi zuen. Beraz, Ángelek eskopeten egurrezko kulatak lantzen eta pistolen kirtenak egiten irakatsi zion emazteari. Gaur egun pistola-egileek makinaz egiten dituzte eta, egurraren ordez, produktu sintetikoak erabiltzen dituzte.
STAR itxi zutenean ECHASA etxerako egin zuen lan, eta 1967an euren kontura hasi ziren etxean. Armagileentzat egiten zuten lan. Seme-alabek ere ikasi zuten lanbidea: bata gure gaurko artisaua da, Jose Antonio, eta bestea arreba, Pilar, 1964ko urtarrilaren 29an jaioa. Biek jarraitu dute eskopetak egiten eta, seguruenez, gure inguruko azken artisau pikatzaileak dira.
Hainbat armagilerentzat egiten dute lan.
Eibarko Udalaren aginduz, Bilboko Erakusketa Azokako artisautza-azoketan ibilitakoak dira. Aita bi aldiz izan zen eta semea hirutan.
Kulata egiteko, intxaurrondo beltza erabiltzen dute. Egurrak azaroan, abenduan edo urtarrilean ebakitakoa izan behar du, ilbeheran, eta ahal bada, zuhaitz zaharrak aukeratu behar dira, sikatzear daudenak.
Egurretik oholak ateratzen dira: 42 cm-ko luzera, 20 mm-ko zabalera eta 6 cm-ko lodiera dutenak. Egurra zirian ebakitzen dute, hau da, toki bat bestea baino zabalagoa da, kirtenari ondo egokitzeko. Ebaki ondoren, tailerrera eraman eta lehortzen uzten dute, 6-12 urte bitartean.
Kulatako lepoaren eta kaxa-aurrearen koskadurak lerro gurutzatuak ditu egurraren gainean. Horiei esker, erabiltzaileak hobeto eusten dio eskopetari, irristatu gabe. Era berean, arma edertu egiten du.
Koskadura egiteko, lehenengo marraztu egiten da egur gainean landu beharrekoa, eta trazuak ere markatzen dira. Horretarako, batzuetan txantiloia erabiltzen dute.
Grabatze- edo pikatze-lana zerraz egiten dute. Zerra altzairuzko pletina da, limaz zerra-haginak tailatuta dituena. Haginek milimetro bat inguruko garaiera dute. Zenbait hagin (bitik bostera bitartean) elkartu eta egurrezko kirtenean sartzen dira, eta hagin-eskuila itxura hartzen dute. Aipatutako erremintak artisauak berak egiten ditu.
Lanean, artisauak esku batean pieza eta bestean zerra izaten ditu. Egurra esku airez lantzen du, aurretik lapitzaz markatutako lerroei jarraitzen. Zatirik zailenetan bi hagin-ilarako esku-zerra erabiltzen du; zatirik zabalenetan eta lauetan, ordea, bosteko zerra. Gero, behin eta berriro errepikatzen du aipatutakoa gainerako lerroekin, eta aurretik egindakoak zeharkatu egiten ditu. Iraganaldiz iraganaldi, lana amaitzen du. Orduan, azken ukituak ematen dizkio gubiaz.
Hainbat koskadura mota daude: arrunta, erdi-fina eta fina. Horrek esan nahi du hazbeteko 15-25 hari edo lerro daudela, eta erabili beharreko zerrak harien edo lerroen araberako haginen arteko tartea izan beharko du. Egurraren kalitateak ere zerikusi handia du. Lehen aipatu dugun bezala, intxaur-egurra da onena.
Lana amaitu ondoren, piezak armaginak eramaten ditu olioa edo berniza emateko. Berniza askoz ere merkeagoa da, arinago lehortzen delako. Baina egurra olioz landuz gero, askoz ere dotoreago geratzen da.
Noizean behin, artisau pikatzaileak kulatak berriztatu ere egiten ditu, arraiak joanda dituelako. Dagoenaren gainean berrizta dezake edo, ezin denean, dena leunduta eta kenduta, berriro koskadura egiteko.
Oro har, eskopetaren kulata eta kaxa-aurrea pikatzeko 90-120 minutu behar dira, koskaduraren arabera.
Pikatzailearen erremintak hauexek dira:
· Lima-jokoa, esku-zerren haginak sarri zorroztu behar direlako.
· 1,2 eta 4 hagin-ilarako zerrak; 6koak ere badira, ale xeheagoa
pikatzeko.
· Puntadun konpasak.
· Txantiloi metalikoak.
· Erregelak, lapitza eta goma.
· Plastikozko ziridun eskuila, lanean dabiltzala, piezari zerrautsa
kentzeko.
· Argia, irratia eta betaurreko babesleak.
· Mahai gaineko zulagailu txikia.
· Mahai gaineko elektro-esmerilagailua.