Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Tresnak | |
Prozesuak | |
Sariak | |
Prezioak |
ARTISAUA
María Asun Lasarte-Orian jaio zen 1946ko maiatzaren 30ean. Tiburcioren eta Gloriaren alaba da, eta aita lasartearra eta ama eibartarra ditu.
Tiburciok Pasaiako Luzuriaga enpresan lan egiten zuen María Asun jaio zenean. Horrek urtebete baino ez zuenean familia Ondarroara joan zen bizitzera, eta bi urte geroago Eibarrera. Bertan, lehenik, garraio-enpresa batean egin zuen lan bere aitak, eta ondoren, GAC bizikleten fabrikan.
Eibarreko eskola publikoetan ikasi ostean, 14 urte zituela María Asun Marrazketako Udal Eskolan sartu zen. Lucas Alberdi (1906-1993) –“Eibarreko Seme Kutun” izendatu zutena– izan zuen irakasle. Eskolak goizeko 09:00etan hasten ziren, eta 11:00k arte damaskinatua ematen zuten Sindikatuaren Egoitzan, eta 11:00etatik 12:15era marrazketa Udalean, biak irakasle berak. Lucasek esan ohi zion, “Marrazten dakienak bizitza konponduta du”. Maria Asunentzat bere bigarren aita izan zen. Ondoren, irakasleak damaskinatua ikasteko aukera eskaini zion, erliebeak egiteko ezagutza handiagotzekoa. Horiek egiteko metal preziatuzko hariak erabili beharrean alanbreak erabiltzen dira.
17 urte baino ez zituela damaskinatuen alorreko Eibarreko handikarientzat (Aristondo, Urdampilleta, Arrieta...) hasi zen lanean.
Altzairuzko txapa gainean lan egiten zuen, batez ere imitaziozko bitxi finak egiten. Gogoratzen du horietako batzuk Toledon saltzen zirela eta hemen bertan “Made in Toledo” inskripzioa jartzen zitzaiela. Horretaz gain, armentzako edo armetan lanak ere egiten zituzten.
María Asun oso arro dago irudikatzen zituen “aurpegiez”. Hau da, besteak beste, Manuel Díaz “el Cordobés” edo Javier Conderen aurpegiak irudikatzen zituen hauts-kaxa eta beste elementu batzuetan.
Etxean lan egiten zuen beti, leiho handi baten aurrean.
Juan Amezti Zubiarekin ezkondu zen 1968an, eta seme bat du, José Ángel (1969an jaioa), eta biloba eder bat, Leire.
Ezkondu zen urtean bere amak bularreko angina izan zuen, eta egunero lan egiteari utzi zion. Bere jarduera –oraindik lanean jarraitzen du, lasai eta presa barik– noizbehinkako lanetara murriztu da.
1989 urtean Eibarreko Damaskinatuen Eskola ireki zen, eta María Jesús Portillo eskolak ematen hasi zen. Hiru urte igaro ostean, osasun arazoengatik irakaskuntza utzi zuen eta gure artisaua sartu zen irakasle. Bertan 4 urte egin zituen, eskola behin betiko itxi zen arte.
Zoritxarrez, Eibarren, damaskinatuaren sorlekuan, gaur egun ez dago eskolarik, eta lanbidea desagertzear dago.
Industrializazioaren eta damaskinatuaren “antzeko” piezak fabrikatzeko prozesu mekanikoen (prentsen) ondorioz –horiek ez dira damaskinatuarekin alderagarriak–, damaskinatuen eskaera asko murriztu da, eta borondate politikorik ez dagoenez, gutxi geratzen zaio desagertzeko.
“Badugu musika-eskola, nahiz eta ez den Beethovenik irten, badugu marrazketa- eta pintura-eskola, baina ez dugu margolari famaturik izan. Zergatik ez dago damaskinatu eskolarik, Eibar damaskinatuaren sorleku izanda? Gainera, barregarriena zera da, gaur egun Toledok damaskinatu eskola duela”, esan digu María Asunek.
Eta ondoren hau esan du, “nire iritziz, erakunde ofizialak haren garrantziaz ohartzea eta egin behar izaten dituzten oparietarako pieza horiek erabiltzea, nahikoa izango litzateke damaskinatua bizirik jarraitzeko”. Eta bide batez gure kulturaren alderdi bat erakutsiko lukete, eransten dut nik.
Baina, gogokoen zuena eta duena ikatz-marrazkiak egitea da, inoiz abandonatu ez duen jarduera.
María Asunción Nogués Martitegui
Juan Antonio Moguel, 11-3. ezk.
20600 EIBAR
Tel.: 943 20 64 90
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria